lunes, 14 de noviembre de 2016

2016-11-20 - Urteko 34. Igandea (C) Jesukristo unibertsoaren erregea.

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 34. Igandea (C) Jesukristo unibertsoaren erregea.


EBANJELIOA

Jesus, oroit zaitez nitaz errege izatera iritsiko zarenean.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 23,35-43

Herria begira zegoen. Agintariek, berriz, Jesusi burla egiten zioten, esanez: «Besteak salbatu ditik; salba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias, hautatua, baldin bada».
Soldaduek ere irri egiten zioten; ondoraturik, ozpina eskaini zioten eta esan: «Juduen errege baldin bahaiz, salba ezak heure burua».
Honako idazkun hau zuen buruaren gainaldean: «Hau juduen erregea da».
Zintzilik zeuden gaizkileetako bat Jesusi irainka ari zitzaion, esanez:
– Ez al haiz, bada, hi Mesias? Salba ezak heure burua eta salbatu gu ere!
Baina besteak errieta egin zion hori zioenari:
– Ez al duk Jainkoaren beldurrik, zigorra jasaten hagoela ere? Gurea legezkoa duk, geure egintzengatik merezia baitugu; baina honek ez dik okerrik egin.
Gero, gaineratu zuen:
– Jesus, oroit zaitez nitaz errege izatera iritsiko zarenean.
Jesusek erantzun zion:
– Benetan diotsut: Gaur nirekin izango zara paradisuan.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko azaroaren 20a

GURUTZEA LEPOAN

Kristo Errege egunean hots egiten den kontakizunak, gurutzean jostearenak, hau gogoratzen digu Jesusen jarraitzaileei: haren erreinua ez dela aintzaren eta boterearen erreinua, baizik zerbitzuaren, maitasunaren eta erabateko buru-eskaintzarena, gizakia gaitzetik, bekatutik eta heriotzatik libratzeko.
«Gurutzeko garaipena» hots egitera ohituak gara eta horrek arrisku bat du berekin: ahaztaraztekoa Gurutziltzatuak ez duela inolako zerikusirik sasi-triunfalismoarekin. Eta badakigu: honek hustu egiten du edukiaz Jainkoak bere sorkarientzat burutu duen zerbitzu apalaren keinurik nagusiena. Gurutzea ez da, ordea, trofeo antzeko zerbait, besteei harrokeriaz erakusteko erabiliko genukeena, baizik bere etsenplua jarraitzera gonbidatzen gaituen Jainkoaren Maitasun gurutziltzatuaren sinboloa.
Kristoren gurutzea abesten, adoratzen eta musukatzen dugu, geure izatearen barneenean Jainkoari eskerrak eman beharra sentitzen dugulako, agertu digun maitasun hondogabeagatik; ez dugu ahazten, alabaina, Jesusek eskatzen digun lehenbiziko gauza ez dela Gurutzeari musu ematea, baizik hura lepoan hartzea. Eta hau honetan datza soil-soilik: haren urratsak jarraitzea erantzukizunez eta serioski, jakinik bide horrek, goiz edo berandu, oinazezko haren zoria partekatzera eramango gaituela.
Ez da bidezkoa Kristoren misteriora era pasiboan hurbiltzea, hura lepoan jartzeko inolako asmorik gabe. Horregatik, oso kontuan hartu beharreko ditu zenbait ospakizun, Gurutzearen inguruan ingurune erakarlea baina arriskutsua sor dezaketenak; Gurutziltzatuari jarraitzetik apartarazi eta,Gurutzerik gabe ere, kristautasuna bizi dugun ilusioa sortaraziz. Juxtu, Gurutzeari musu ematean entzun beharko genuke Jesusen dei hau: «Norbait nire ondoren badator... har dezala bere gurutzea eta jarrai diezadala».
Jesusen jarraitzaileentzat, hau esan nahi du Gurutzea bakoitzak bere egiteak: gurutziltzatuengana zerbitzari bezala hurbiltzea; babesgabeez abusatzen den lekuan zuzentasuna ezartzea; sufritzen ari direnen aurrean axolarik den lekuan errukia eskatzea. Honek guztiak gatazkak, ukoa eta sufrimena ekarriko dizkigu. Horixe izango da Kristoren gurutzea lepoan hartzeko gure modu apala.
Joham Baptist Metz teologo katolikoa behin eta berriz ari da azpimarratzen arrisku hau: Gurutziltzatuaren irudia gure begi-bistatik ezkutatzen ari dela gaur egun gurutzeratuak direnen aurpegia.. Ongizatea bizi duten lurraldeetako kristautasunean, Metz-en ustez, fenomeno larri hau ari da gertatzen: «Gurutzeak ez du jada inor kezkarazten, ez du jada akuilu-puntarik; galdua du Jesusi jarraitzearen tentsioa, ez du eskatzen inolako erantzukizunik; aitzitik, kendu egiten du».
Ez ote gara guztiok berrikusi beharrean zein den gure egiazko jarrera Gurutziltzatuarekiko? Ez ote gara guztiok harengana hurbildu beharrean erantzukizun handiagoz eta konpromiso biziagoz?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko azaroaren 24an

OROIT ZAITEZ NITAZ

Lukasen kontakizunaren arabera, inguruan dituenen iseka eta mespretxu artean bizi izan du Jesusek bere hilzoria. Ematen du, inork ez duela ulertu haren bizitza. Ematen du, inork ez duela atzeman, ez haren buru-eskaintza sufritzen ari direnen alde, ez haren barkazioa errudunen alde. Inork ez du ikusi haren aurpegian Jainkoaren begiratu errukitsua. Ematen du, inork ez duela sumatu haren heriotzan inolako misteriorik.
Agintari erlijiosoek iseka egin diote mespretxuzko keinuez: besteak salbatuko dituela uste izan du; salba dezala orain bere burua. Jainkoaren Mesias bada, haren «Hautatua» bada, etorriko zaio Jainko hura defenditzera.
Soldaduek ere bat egin dute isekan. Haiek ez dute sinesten Jainkoaren inolako Bidalitan. Burla dagite Pilatok gurutzean ezarri duen idazkunaz: «Hau da juduen erregea». Zorakeria da botererik gabe norbaitek errege izan nahi izatea. Ager dezala bere indarra bere burua salbatuz.
Jesus isilik dago, ez da jaitsi gurutzetik. Zer egingo genuke guk baldin eta Jainkoaren Bidaliak bere salbazioaren bila joko balu, bere gurutzeari ihes eginez, historian gurutzean josiak diren guztiekin elkartzen duen gurutzeari ihes eginez? Nolatan sinets genezake geure zorian betiko bakarrik utziko gintuzkeen Jainko batengan?
Bat-batean, hainbeste iseka eta mespretxu artean, dei harrigarri hau: «Jesus, oroit zaitez nitaz zeure erreinura iristean». Ez da, ez Jesusen ikasle bat, ez haren jarraitzaile bat ere. Jesusen ondoan josiak diren bi gaizkileetako bat da. Gurutzean josia izan denarekiko fede miresgarritzat proposatu digu hori Lukasek.
Gizon honek, zigorpean hiltzeko zorian, badaki pertsona errugabea dela Jesus, ez duela guztiei on egitea besterik egin. Jesusen bizitzan berak ulertu ezin duen misterio bat sumatu du, baina konbentziturik dago heriotzak ez duela hondatuko Jesus. Erregu bat atera zaio bihotzetik. Soilik, ez dezala ahaztu eskatu dio Jesusi: zerbait egin dezake beraren alde.
Berehala erantzun dio Jesusek: «Gaur nirekin izango zara paradisuan». Orain, biak bat dira larrialdian eta ezinean, baina apartatu ezineko laguntzat hartu du Jesusek. Gurutzean hilko dira, baina biak batean sartuko dira Jainkoaren misterioan.
Gure egun hauetako gizarte fedegabean, ez dira gutxi nahasturik bizi direnak. Ez dakite sinesten duten ala ez. Ia jakin gabe, bihotzean daramate fede arin eta hauskor bat. Batzuetan, zergatik eta nola jakin gabe, bizitzaren zamak jota, beren erara dei egiten diote Jesusi. «Jesus, oroit zaitez nitaz», eta Jesusek entzuten die: «Nirekin izango zara betiko». Bere bideak ditu Jainkoak pertsona bakoitzarekin topo egiteko, eta ez dira izaten beti teologoek adierazitakoak. Bihotz bat izatea da funtsezko gauza, norberaren kontzientziari entzuten dion bihotz bat.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2010ko azaroaren 21ean

GURUTZEA LEPOAN

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.