lunes, 12 de diciembre de 2016

2016-12-18 - Abendualdiko 4. Igandea (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Abendualdiko 4. Igandea (A)


EBANJELIOA

Jose, Daviden ondorengoa,  Maria zeure emaztetzatik Jesus jaioko da.

Mateo 1,18-24

Jesus Mesiasen sortzea honela gertatu zen: Maria,
Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen; eta, elkarrekin bizitzen hasi aurretik, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. Jose, Mariaren senarra, gizon zuzena zen; ez zuen hura salatu nahi, eta isilean uztea erabaki zuen. Asmo horrekin zebilela, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengoa, ez izan beldurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko, harengan sortua Espiritu Santuarengandik baitator. Semea izango du, eta zuk Jesus ezarriko diozu izena, berak askatuko baitu bere herria bekatuetatik».
Hau guztia, Jaunak profetaren bidez esana bete zedin gertatu zen: Hara, birjinak haurdun gertatu eta semea izango du, eta Emmanuel jarriko dio izena (Emmanuel izenak «Jainkoa gurekin» esan nahi du).
Esnatzean, Jaunaren aingeruak agindua egin zuen Josek, eta Maria emaztetzat hartu zuen.

Jaunak esana

HOMILIA

2016ko abenduaren 18a

BARNE ESPERIENTZIA

Mateo ebanjelariak aparteko interesa du irakurleei esateko, Jesusi «Emanuel» izena ere eman behar zaiola. Ondotxo daki gauza bitxi eta harrigarri gerta daitekeela hori. Nori eman dakioke izen bat, «Jainkoa gurekin» esan nahi duena? Halaz guztiz, izen horrek biltzen du kristau-fedearen giharra eta izen horrek adierazten du Eguberriak ospatzearen erdigunea.
Alde guztietatik inguratzen gaituen hondo-hondoko misterio hori, fededunok «Jainkoa» deitzen dugun hori, ez da gugandik urrun eta aparte dagoen zerbait. Guztiokin eta gutako bakoitzarekin dago. Nola jakin hori? Sinets al daiteke modu arrazoizko batean Jainkoa nirekin dagoela, nik neuk ez badut izan inolako esperientziarik, txikiena delarik ere?
Eskuharki, kristauei ez digute irakatsi Jainkoaren misterioa geure barnean sumatzen. Horregatik, askok imajinatzen dute, Unibertsoko gune zehaztugabe eta abstraktu batean dagoela Jainkoa. Beste batzuek, Eukaristian presente dagoen Kristo adoratuz bilatzen dute. Beste zenbaitek Biblian entzun nahi diote hizketan. Beste batzuentzat, Jesus da biderik hobena.
Jainkoaren misterioak, dudarik gabe, bere bideak ditu bizitza bakoitzean presente bihurtzeko. Dena den, esan daiteke, gaur egungo kulturan, misterio hori nola edo hala geure barnean esperimentatzen ez badugu, nekez aurkituko dugula kanpoan. Aitzitik, haren presentzia geure barnean sumatzen badugu, errazago gertatuko zaigu geure ingurumenean Jainkoaren misterioaren aztarrenak ateratzea.
Daitekeena ote? Hau da sekretua batez ere horretarako: begiak itxirik eta isiltasun lasaian egoten jakitea, arnasten eta sostengatzen gaituen misteriozko presentzia hori bihotz xumez onartuz. Kontua ez da horretan pentsa eta pentsa bizitzea, baizik eta geure barne hondoenetik iristen zaigun bakea, bizia, maitasuna, barkazioa… «onartuz» egotea.
Ulertzekoa izango da, geure misterio propioan murgiltzean, geure beldur eta kezkekin topo egitea, geure zauri eta tristurekin, geure eskastasun eta bekatuarekin topo egitea. Ez dugu zertan larritu; jarrai dezagun isiltasunean. Geure barnearen hondoenean den presentzia adiskidetsu hori gure barnea baketuz, askatuz eta sendatuz ariko da.
Karl Rahner-ek, hogeigarren mendeko teologorik garrantzizkoenetako hark, esan zuen, ezen gure egun hauetako gizarte sekularrean, «bihotzeko esperientzia honekin bakarrik uler daitekeela Eguberritako fede-mezu hau: Jainkoa gizon egin da». Bizitzaren azken misterioa gure barnean dagoen onberatasun-, barkazio- eta salbamen-misterio bat da: guztien eta gutako bakoitzaren barnean dagoena. Baldin eta isiltasunean onartzen badugu, biziko dugu Eguberriaren alaitasuna.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko abenduaren 22a

BARNE ESPERIENTZIA

(2016-2017ko A zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2010eko abenduaren 19a

GUREKIN DAGO

Jesus Betleemen jaio aurretik, Mateok agertu du “Emmanuel” izena ezarriko diotela, hau da, “Jainkoa gurekin”. Adierazpen hori harrigarria da; izan ere, Jesus ez zuten ezagutu izen horrekin, eta ebanjelariak oso ondo zekien hori.
Izatez, Mateok irakurleei giltza eskaini nahi die bere ebanjelioan Jesusez emango digun kontakizunera hurbiltzeko; haren baitan, haren keinuetan, haren mezuan eta haren bizitza osoan gure bizitza partekatu nahi izan duen Jainkoaren misterioa ikusi ahal dezagun. Fede honek animatzen eta mantentzen gaitu Jesusi jarraitzen diogunok.
Jainkoaren gurekin dago.  Ez da erlijio batekoa edo bestekoa. Ez da kristauen jabetza. Ezta jende onarena ere. Haren seme-alaba garen guztiona da. Dei egiten diotenekin dago eta ezikusiarena egiten diotenekin, zeren giza bihotz guztietan baitago, bakoitzari lagun egiten bere gozamenean eta bere atsekabean. Inor ez da bizi haren bedeinkaziorik gabe.
Jainkoa gurekin dago. Ez dugu entzuten haren ahotsa. Ez dugu ikusten haren aurpegia. Haren presentzia apala eta nabarmenkeriarik gabe, hurbila eta barnekoia, oharkabeko gerta dakiguke. Geure bihotzean sakontzen ez badugu, bizitzan bakarrik gabiltzala  pentsa genezake.
Jainkoa gurekin dago. Ez du oihurik egiten. Ez du inor behartzen. Errespetua du beti berekin. Gure adiskiderik onena da. Onera, ederrera, zuzenera erakartzen gaitu.  Harengan argi umila eta indar adoretsua aurki genezake bizitzako laztasunari eta heriotzaren misterioari aurre egin ahal izateko.
Jainkoa gurekin dago. Inork ere ulertzen ez gaituen momentuan, hark onartzen gaitu. Oinaze- eta larrialdian, hura kontsolamendu da. Ahuldadean eta ezinean eusten digu. Beti ari zaigu gonbit egiten bizia maitatzera, hura zaintzera eta beti hobe egitera.
Jainkoa gurekin dago. Zapalduengan dago haien duintasunaren babesle; baita zapalkuntzaren kontra ari direnengan ere, haien ahaleginari indar emanez. Eta gizon-emakume guztiengan dago, bizitza zuzenagoa eta haurrideagoa, guztientzat duinagoa, egitera dei eginez, azkenak direnetarik hasirik.
Jainkoa gurekin dago. Gure erantzukizuna iratzarri nahi du eta gure duintasuna zutik jarri. Gure espiritua indartu nahi du, inolako idoloren esklabo izan ez gaitezen.
Jainkoa gurekin dago. Bizitzan dago eta heriotzan egongo da. Bidelagun dugu egunero eta azken orduan onartuko gaitu. Orduan ere seme-alabatetako bakoitza besarkatuko du, betiko bizirako harrapatuz.
Jainkoa gurekin dago. Horra zer ospatzen dugu Eguberrialdiko jaietan: fededunek, fede txikiagokoek,  fede txarrekoek eta ia fedegabe direnek. Fede honek eusten dio gure esperantzari eta pozten du gure bizitza.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.