domingo, 1 de enero de 2017

2017-01-06 - Jaungoikoaren Epifania (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Jaungoikoaren Epifania (A)


EBANJELIOA

Sortaldetik Erregeari gurtzera gatoz.

+ Mateo 2, 1-12

Jesus Judeako Belen herrian jaio zen, Herodes erregearen garaian. Jesus jaio ondoren, sortaldeko jakintsu batzuk azaldu ziren Jerusalemen, galdezka:
–Non da juduen errege jaioberria? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz.
Berri honekin larritu egin zen Herodes erregea, baita Jerusalem hiri osoa ere. Orduan, herriko apaizburu eta lege-maisu guztiak bildu eta Mesias non jaiotzekoa zen galdetu zien.
Haiek erantzun zioten:
–Judeako Belenen, honela idatzi baitzuen profetak:

Eta zu, Judako Belen, ez zara, ez,
Judako hirietan txikiena;
zuregandik aterako baita buruzagia,
Israel nire herria
gobernatuko dueña .

Orduan, Herodesek, jakintsuak isilean deiturik, izarra noiz agertu zitzaien jakin zuen zehatz. Gero, Belenera bidali zituen, esanez: «Zoazte eta jakin xuxen haurraren berri eta, aurkitu ondoren, adierazi niri, neu ere gurtzera joan nadin».
Erregearen hitz hauek entzunik, abiatu egin ziren. Bidean, sortaldean ikusitako izarra agertu zitzaien eta biziki poztu ziren. Izarra aurretik joan zitzaien, haurra zegoen toki gainean gelditu arte.
Etxean sarturik, haurra ikusi zuten Maria bere amarekin eta, ahuspezturik, gurtu; ondoren, beren kutxatilak zabalduz, esku-erakutsiak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra .
Gero, Herodesengana ez itzultzeko oharra ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdera.

Jaunak esana.

HOMILIA

2017ko urtarrilaren 6a

ARGIARI ERANTZUN

Paul Tillich teologo handiaren arabera, gizaki modernoaren tragedia handia sakontasunaren alderdia galdu izanean datza. Gizakia jada ez da gai nondik datorren eta nora doan galdetzeko. Ez daki galdetzen zer egiten duen eta bere buruaz zer egin behar duen, bere jaiotzaren eta bere heriotzaren arteko tarte labur honetan.
Galdera hauei gaur egungo gizon-emakume askok ez die jada erantzunik ematen. Are gehiago, planteatu ere ez ditu egiten «sakontasunaren alderdi hori» jada galdua duelako. Gaur egungo belaunaldiek ez dute jada adorerik arazo hauek planteatzeko, iraganeko belaunaldiek planteatu izan dituzten seriotasun eta sakontasunez. Nahiago dute ilunpean ibiltzen segi.
Horregatik, geure garai honetan berriro gogora ekarri beharra dugu hau: fededun izatea, beste ezer baino lehen, sutsuki galdera egitea dela geure bizitzaren zentzuaz eta erantzunari irekirik egotea, nahiz ez ikusi artean argi eta zehatz.
Magoen kontakizuna, Eliz Gurasoen ustetan, pertsona batzuek eman diguten etsenplu handia izan da; hain zuzen, paganismoaren lainopean bizirik ere, federa dei egiten zien argiari leial erantzuteko gai izan ziren. Beren jardueraz, Kristoganako bideari leial ekiteko deia entzutera estu gonbidatzen gaituzten pertsonak dira.
Geure bizitza eskuarki existentziaren azalean gauzatu ohi dugu. Zeregin, harreman, arazo, topaketa, askotariko betebeharrek harat-honat garabiltzate, eta bizitza aurrera doakigu une bakoitza egin, esan, ikusi edo antolatu beharreko zerbaitez betez.
Horrela, arriskua izan ohi dugu geure nortasuna bera ere galtzeko, beste gauza askoren arten gauza bat gehiago izateko eta norantz jo jakin gabe bide eginez bizitzeko. Ba ote da gure bizitza norabidetzeko gai den argirik? Ba ote da gure gurari eta ametsik sakon-sakonentzako erantzunik? Kristau-fedea bizitzetik, bada erantzun bat. Argi horrek distira dagi jada Betleemen jaiotako Haur horrengan.
Garrantzizko gauza, ilunpean bizi garela konturatzea da, galdua dugula bizitzaren oinarrizko zentzua. Hau aitortzen duena ez dagoke jada urrun bide zuzenaren bila hastetik.
Oxala, geure egunerokotasunean galdua ez bagenu irekirik bizitzeko gaitasuna, dela gure bizitza argitzen ahal lukeen edozein argiri, dela gure bizitzari sakontasuna ematen ahal liokeen edozein deiri.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Ikusi ere:

Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.