José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko apirilaren 7a
2. Pazko Igandea (C)
EBANJELIOA
Zortzi egunen buruan,
sartu zen Jesus.
+ Jesu Kristoren
Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 19-31
Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean,
ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik
zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea
zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak
ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien:
«Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo
dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez
zegoen haiekin Jesus etorri zenean.
Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:
–Jauna ikusi dugu.
Tomasek erantzun zien:
–Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez
badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan
sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro
ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus
eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, esan zion Tomasi:
–Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak;
ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun
baizik.
Tomasek erantzun zion:
–Ene Jauna eta ene Jainkoa!
Jesusek esan zion:
–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak
ikusi gabe sinesten dutenak.
Mirarizko beste seinale asko egin zituen
Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak.
Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren
Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen
hari esker.
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko apirilaren 7a
DUDA-MUDATIK FEDERA
Gizaki
modernoak ikasi du duda-mudarik izaten. Gure garai honetako espirituak bere
berea du dena zalantzan jartzea, ezagutza zientifikoan aurrera egiteko.
Ingurugiro honetan fedearen izena lausoturik gelditzen da sarritan. Gizakia
ziurtasun-gabezia eta duda-muda artean bizi da.
Horregatik,
guztiok sintonizatzen dugu, nekerik gabe, Tomasek izan duen erreakzioarekin,
beste ikasleek aditzera eman diotenean, bera kanpoan zelarik, esperientzia
txundigarria izan dutela: «Jauna ikusi diagu». Eta hark gordin erantzun die:
«Ikusten ez baduk, ez diat sinetsiko».
Ulergarria
da haren jarrera. Tomasek ez dio lagunak gezurretan ari direnik edo engainatu
nahi dutenik. Soilik dio, ez duela aski haien testigantza, haien fedeari
atxikitzeko. Bere esperientzia bizi beharra du. Eta Jesusek ez dio
aurpegiratuko inoiz ere.
Tomasek
aukera izan du bere duda-muda adierazteko ikasleen taldean. Itxuraz, haiek ere
ez dira eskandalizatu. Ez dute taldetik kanporatu. Berek ere ez diete sinetsi
emakumeei, Jesus berpizturik ikusi dutela adierazi dietenean. Tomasen pasadizo
honek barruntarazten digu, ikasleen talde txiki hark ibilbide luzea egin behar
izan zuela Kristo berpiztuagan sinestera iristeko.
Kristau-elkarteek,
gure egunotan, elkarrizketarako gune izan beharko lukete, fededunen duda-mudak,
galdekizunak eta bilaketak era jatorrean partekatu ahal izateko. Ez dugu bizi
guztiok, geure barnean, esperientzia bera. Fedean hazten joateko, beharrezkoak
ditugu estimulua eta elkarrizketa gure kezka bera bizi dutenekin.
Alabaina,
ezin ordeztu du ezerk ere Kristorekin, bihotz-hondoan, norberak bizi izandako
harreman pertsonala. Ebanjelioko kontakizunaren arabera, handik zortzi egunera
berriro aurkeztu zaie Jesus. Tomasi ez dio aurpegiratu bere duda-muda.
Sinesteko agertu duen gogortasunaz bere ondradutasuna azaldu du. Jesusek bere
zauriak erakutsi dizkio.
Ez
dira piztueraren «froga», baizik eta seinale dira, Jesusen maitasunaren eta
heriotzaraino bere burua eskaini izanaren seinale. Horregatik, bere duda-mudak
konfiantzaz sakontzera gonbidatu du: «Ez izan sinesgabe, baizik sinestedun».
Eta Tomasek uko egin dio ezer egiaztatu behar izateari. Ez du jada
froga-beharrik. Soilik badaki Jesusek maite duela eta konfiantza izatera
gonbidatzen duela: «Ene Jauna eta ene Jainkoa».
Halako
batean kristauek jakingo dugu ezen geure duda-mudetarik askok, era sanoan eta
Jesusekiko eta elkartearekiko harremanak hautsi gabe bizi baditugu, azaleko
fede batetik, hau da, formula hutsak errepikatzearekin aski izaten duen fede
batetik, ateratzen lagunduko digutela, eta haztera eragingo digutela Jesusekiko
maitasunean eta konfiantzan; alegia, gure fedearen muina den gizon egindako
Jainkoaren misterio horretan haztera eragingo digutela.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko apirilaren 11a
EZ ZAITEZ IZAN SINESGABE, SINESTEDUN BAIZIK
Tomasen irudia, sinesteari gogor
egin dion ikasle bezala, oso herrikoia izan da kristauen artean. Halaz guztiz,
ebanjelioko kontakizunak hori baino askoz gehiago dakar ikasle eszeptiko
honetaz. Aski dei estu diren hitzez mintzatu zaio Jesus berpiztua, baina aldi
berean gonbit maitekor direnez: «Ez zaitez izan sinesgabe, sinestedun
baizik». Tomasek, sinesteari gogor eginez astebete daraman horrek,
ebanjelioetan irakur dezakegun fede-aitorpenik handienaz erantzun dio: «Ene
Jaun eta ene Jainko».
Zer esperimentatu du ikasle honek
Jesus berpiztuagan? Zerk aldarazi du ordu arte dudak eta zalantzak hartua izan
den gizon hau? Zein barne-ibilbidek eraman du eszeptizismotik konfiantzara?
Harrigarriena da, kontakizunaren arabera, Tomasek uko egin diola piztueraren
benetakotasuna egiaztatzeari Jesusen zauriak ukituz. Federa ireki duena Jesus
bera izan da, gonbita egitean.
Azken urte hauetan, asko aldatu
gara geure barnean. Eszeptikoago bihurtu gara, baina hauskorrago ere bai.
Kritikoago bilakatu gara, baina ez-ziurrago ere bai. Norberak erabaki behar du
nola nahi duen bizi eta nola nahi duen hil. Norberak erantzun behar dio
Jesusengandik, goiz ala berandu, ezusteko moduan, barne-prozesu baten ondorio
gisa, iritsi ahal zaion gonbit horri: «Ez zaitez izan sinesgabe, sinestedun
baizik».
Beharbada, geure egia-gogoa
gehiago iratzarri beharrean gara. Gehiago garatu beharrean geure
barne-sentiberatasuna, ikusgarri eta ukigarri dena baino harago sumatzeko, gure
biziaren sostengu den Misterioaren presentzia sumatzeko guztiok dugun
sentiberatasuna. Ezin gara bizi jada dena jakingo bagenu bezala. Hori ez da
egia. Guztiak, fededun eta fedegabe, ateo eta agnostiko, ilunak bildurik
gabiltza bizitzan. Tartsoko Paulok dioen bezala, «haztamuka» gabiltza
Jainkoaren bila.
Zergatik ez aurpegi eman biziaren
eta herioaren misterioari Maitasunean konfiantza jarriz, ororen azken
Errealitate denez? Hori da azken batean Jesusen gonbita. Fededun batek baino
gehiagok sumatu du gaur egun ezen beraren fedea gero eta irrealago eta
funsgabekoago bilakatuz joan dela. Ez dakit. Agian, geure fedearen sostengutzat
sasi-segurtasunik ez dugun honetan, bihotz apalagoz eta egiazaleagoz gabiltza
Jainkoaren bila.
Ez dezagun ahaztu ezen, nola
sinetsiko eta sinetsi nahian benetan dabilena, jada sinestedun dela
Jainkoarentzat. Askotan, ezin egin ahal da besterik. Eta Jainkoak, gure ezina
eta ahuldadea ezagutzen duen hark, bere bideak ditu bakoitzarekin topo egin eta
bere salbazioa eskaintzeko.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.