José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko maiatzaren 5a
6. Pazko Igandea (C)
EBANJELIOA
Espiritu Santuak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 14, 23-29
Jesusek erantzun
zion:
– Maite nauenak
onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok
berarengana etorriko gara eta berarengan biziko. Maite ez nauenak, ordea, ez
ditu onartzen nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut neurea, bidali
nauen Aitarena baizik.
«Zuekin naizen
artean esan dizuet hau guztia. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua,
bidaliko dizue nire izenean, eta berak gogoraraziko dizue nik irakatsitako
guztia eta ulertzen lagunduko.
«Agurtzerakoan,
bakea, neure bakea, ematen dizuet; nik ematen dizuedan bakea ez da munduarena
bezalakoa. Ez kezkatu, ez izan beldur. Entzun duzue esan dizuedana: “Banoa,
baina itzuliko naiz zuengana”. Benetan maite baninduzue, poztu egingo
zinatekete Aitarengana noalako, Aita ni baino handiago baita. Eta orain esan
dizuet, gertatu baino lehen, gerta dadinean sinets dezazuen.
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko maiatzaren 5a
JESUSEN AZKEN DESIOAK
Ikasleei
agur egiten ari da Jesus. Triste eta koldarturik ikusten ditu. Guztiek dakite
azken uneak bizitzen ari direla beren Maisuarekin. Zer gertatuko da Maisua
joatean? Norengana jo ahal izango dute? Zein izango dute babesle? Bihotz eman
nahi die Jesusek, bere azken desioak azalduz.
Ez dadila gal nire Mezua. Horra Jesusen lehen desioa. Ez dadila ahaztu Jainkoaz
eman dien Berri Ona. Bere jarraitzaileek gorde dezatela bizi-bizi Aitaren
gizabidezko egitasmoaren oroitzapena: hainbat aldiz aipatu dien «Jainkoaren
erreinu» hori. Maite badute, hona lehenik egin behar dutena: «maite nauenak gordeko du ni hitza… maite ez
nauenak ez du gordeko».
Hogei
menderen buruan, zer egin dugu Jesusen Ebanjelioaz? Leial gordetzen al dugu ala
hura manipulatzen ari gara geure probetxurako? Onartzen al dugu bihotzean ala
hartaz ahazten ari gara? Jator aurkezten al dugu ala geure irakaspenen pean
ezkutatzen dugu?
Aitak Babesle bat bidaliko duzue nire izenean. Jesusek ez ditu umezurtz utzi nahi. Ez dute sumatuko
bera falta denik. Aitak Espiritu Santua bidaliko die, beragandik urruntzeko
arrisku guztitik babestuko dituena. Jesusengan beragan sumatua dute Espiritu
hori, nola eragin dion pobreengana; Espiritu horrek berak eragingo die berei
ere norabide berean.
Espirituak
«irakatsiko die» berak irakatsi eta
erakutsi dien guztia hobeto ulertzen. Bere Berri Ona gero eta sakonago hartzen
lagunduko die. Hark «gogoraraziko die»
entzun izan diotena. Hark heziko ditu Jesusen bizieran.
Hogei
menderen buruan, zer espiritu da nagusi kristauen artean? Jesusen Espirituari
uzten al diogu gida gaitzan? Gai al gara Jesusen Berri Ona eguneratzeko? Adi al
gaude sufritzen dutenen aurrean? Norantz
eragiten digu gaur egun Jesusen Espirituaren arnasa berritzaileak?
Neure bakea demaizuet. Beragan ikusi duten bake bera bizi dezaten nahi du
Jesusek, Aitarekin duen elkartasun barne-barnekoaren fruitu den bakea. Bere
bakea eman die erregalu. Ez da munduak eman dezakeena bezalakoa. Beste bat da.
Bihotzean jaioko zaie, baldin eta Jesusen Espirituari harrera egiten badiote.
Horixe
da kutsatu behar duten bakea noranahi iristen diren guztietan. Horixe da
zabalduko dutena Jainkoaren erreinua hots egitean, mundu sanoago eta zuzenago
bati bidea urratzean. Ez dute galdu behar sekula bake hori. Jesusek
errepikatzen du: «Ez dadila jar dar-dar
zuen bihotza, ez dadila koldartu».
Hogei
menderen buruan, zergatik zurruntzen gaitu beldurrak etorkizunaren aurrean? Zer
dela-eta horrenbeste errezelo gizarte modernoaren aurrean? Jende asko da
Jesusen gose. Frantzisko aita santua Jainkoaren erregalua da. Egoera osoak
gonbidatzen gaitu Jesusekiko eta haren Ebanjelioarekiko leialagoa den Eliza
baterantz. Ezin gelditu gara besoak tolestaturik.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko maiatzaren 9a
BAKEA ELIZAN
Joanen
ebanjelioan hitzaldi saila irakur dezakegu, zeinetan Jesus ikasleei agur esaten
ageri baita. «Agurraren hitzaldia» deitzen diete iruzkingileek. Oso giro
berezia nabari da hor: ikasleek beldurra diote beren Maisurik gabe gelditzeari;
Jesusek, ordea, hau diotse: bera joan arren, ez dutela sumatuko bere
absentziarik.
Bost
alditaraino errepikatu die berekin izango dutela «Espiritu Santua». Hark
defendituko ditu, zeren Jesusen mezuari eta egitasmoari atxikirik bizitzen
eutsiko baitie. Horregatik, «egiaren Espiritua» deitzen dio. Une jakin batean,
argiago azalduko die zein izango den haren egitekoa: «Defendatzaileak, Espiritu
Santuak... irakatsiko dizue guztia, hark gogoraraziko dizue nik esan dizuedan
guztia». Jesusen oroimen bizia izango da Espiritu hori.
Ikasleei
eskaintzen dien mundu hori handiosa da. Espirituzko ikasle-mugimendu handia
sortuko da Jesusengandik, Espiritu Santuak defendaturik jarraituko diotenen
mugimendua. Jesusen egiari lotuko zaizkio, zeren Espiritu horrek irakatsiko
baitie Galilean barna Jesusek agertu izan dien guztia. Espirituak defendituko
ditu etorkizunean larritasun eta koldarkeria orotatik.
Jesusek
gogo bizia du ikasleek atzeman dezaten zer esanahi duen beraientzat egiaren
Espiritu horrek, elkartearen Defendatzaile horrek: «Bakea uztera noakizue:
bakea ematera». Bakea ez die opa soilik. Erregalatu egin die bere bakea.
Espirituaren gidaritzapean bizi badira, bere hitzak gogoratuz eta gordez,
ezagutuko dute bakea.
Ez da
edozelako bakea. Jesusen bakea da. Horregatik diotse: «Ez damaizuet nik munduak
ematen duena bezalakoa». Jesusen bakea ez da gauzatzen gezurrean edo
zuzengabekerian arnasturiko estrategiaz, baizik egiaren Espirituarekin jokatuz.
Hura behar dute sostengu: «Ez dezala dar-dar egin zuen bihotzak, ez dadila koldartu».
Elizan
jasaten ari garen aztoratzearen eta izen-galtzearen aldi zail honetan, oker
handia izango litzateke geure sinesgarritasuna eta aginpide morala Jesusek
hitzemandako egiaren Espiritua alde batera utzirik defenditu nahi izatea.
Beldurrak kristautasunean sartuz jarraituko du, geure segurtasuna eta bakea
hark markatutako bidetik apartatuz finkatu nahi baditugu.
Elizan
bakea galtzen denean, ezin da berreskuratu edonola, ezta edozein estrategiaz
baliatuz ere. Bihotza erresumindurik eta itsu, ezin da eskuratu Jesusen bakea.
Beharrezkoa da haren egiara umilki bihurtzea, geure indar guztiak pil-pil
jartzea, oker burututako bidean atzera egiteko, eta Jesusen bizitza osoa
arnastu zuen Espirituak gida gaitzan uzteko.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.