José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko apirilaren 21a
4. Pazko Igandea (C)
EBANJELIOA
Nik nire ardiei betiko bizia ematen diet.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 10,27-30
Egun haietan,
Jesusek esan zuen:
- Nire ardiek
nire ahotsa entzuten dute, eta nik ezagutzen ditut; haiek atzetik jarraitzen
didate, eta nik betiko bizia ematen diet: ez dira sekula galduko, eta ez dizkit
inork ere eskutik kenduko. Eman dizkidan nire Aita denak baino handiagoa da,
eta ezin ditu inork kendu nire Aitaren eskutik. Aita eta biok bat gara.
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko apirilaren 21ea
JESUSI ENTZUN ETA JARRAITU
Negua
zen. Jesus paseatzen zebilen Salomonen arkupean, Tenpluko zabalgune handia
inguratzen zuten aire zabaleko galerietako batean. Arkupe hau, zehazki,
sarritan erabiltzen zuen jendeak; izan ere, itxuraz, murru batek babesten zuen
haizearen kontra.
Laster
batean, judu-talde bat bildu da Jesusen inguruan. Tirabiratsua da elkarrizketa.
Galde eta galde jazarri diote juduek Jesusi. Honek bere mezua eta jarduera ez
onartu izana aurpegiratzen die. Zehazki, diotse: «Zuek ez duzue sinesten, ez
baitzarete nire ardietarik». Zer esan nahi du, ordea, metafora honek?
Oso
argi mintzo da Jesus: «Nire ardiek entzuten dute nire ahotsa, eta ezagutzen
ditut nik; haiek jarraitzen didate, eta betiko bizia ematen diet nik». Jesusek
ez du inor behartzen. Soilik, dei egiten du. Hari jarraitu ala ez, gutako
bakoitzaren esku dago. Soilik, entzuten eta jarraitzen badiogu izango dugu
modua Jesusekin betiko bizira eramaten duten harremanak izateko.
Kristau
batentzat ez da ezer funtsezkoagorik, Jesusen jarraitzaile bezala bizitzea
baino. Kristauen arrisku handia da beti Jesusen jarraitzaile direla esatea,
zinez izan gabe. Izatez, gure elkarteetatik urrunduz joan den jende asko,
Jesusen urratsei jarraituz bizitzeko erabakia hartzen inork lagundu izan ez
diona da.
Alabaina,
horixe da kristau baten lehen erabakia. Dena aldarazten duen erabakia da; izan
ere, Kristori atxikitzea eta Elizako kide izatea modu berri batean bizitzen
hastea dakar erabaki horrek: noizbait ere, kristau-erlijioaren bidea, egia,
zentzua eta zergatia aurkitzea.
Eta
erabaki hori hartzeko lehen gauza Jesusen deia entzutea da. Ezin ekin dio inork
ere Jesusen urratsei jarraitzeari bere intuizio propioaz edo haren ideala
bizitzeko bere gogo hutsaz. Hari jarraitzen, orduan hasten gara: Kristok
erakartzen eta dei egiten digula sentitzen dugunean. Horregatik, fedea ez da
lehenik eta behin Jesusez zerbait sinestea, baizik hari berari sinestea,
harengan beragan sinestea.
Jesusi
benetan jarraitzea falta denean, norberaren bihotzean eta fededunen elkartean
zaintzen eta behin eta berriz baiesten ez denean, fedeak arrisku hau izaten du:
mugaturik gelditzekoa sinesgai batzuk onartzera, betebehar erlijioso batzuk
praktikatze hutsera eta Elizaren diziplinari obedientzia eskaintze hutsera.
Halakoetan,
gauza erraza izaten da erlijioa betetzearekin konformatzea, igande bakoitzean
entzuten dugun ebanjeliotik Jesusek egiten digun deiak koloka jar gaitzan utzi
gabe. Erlijio horren baitan dago Jesus, bai, baina ez gaitu arrastatzen bere
urratsen ondoren. Konturatu gabe, ohikeriaz eta era errepikagarrian bizitzen
ohitzen gara. Sormena, berrikuntza eta poza falta ohi zaizkigu, Jesusi nola
jarraituko ahalegintzen direnek izan ohi dituztenak.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko apirilaren 10a
HARI ENTZUN ETA HARI JARRAITU
Pasadizoa
tirabiratsua da eta gatazkatsua. Tenplu barruan harat honat dabil Jesus. Bat
batean, judu-talde batek inguratu du mehatxuzko jarreraz aurka eginez. Jesus ez
da beldurtu, baizik eta beren fede-falta aurpegiratu die agerian: «Zuek ez duzue sinesten, nire ardi ez
zaretelako». Ebanjelariak dio, hitz egitea bukatzean, juduek harriak hartu
zituztela hari harrika egiteko.
Beraren
ardi ez direla frogatzeko, bereetakoa izateak zer esan nahi duen argitzera
ausartu da Jesus. Soilik, bi ezaugarri azpimarratu ditu, funtsezkoenak eta
ezinbestekoenak: «Nire ardiek entzuten
dute nire ahotsa... eta jarraitzen didate». Hogei menderen buruan,
kristauek gogoratu beharra dugu ezen, Jesusen Eliza izateko, gauzarik
funtsezkoena haren ahotsa entzutea dela eta haren urratsei jarraitzea.
Lehenengo
gauza, Jesusi entzuteko gaitasuna esnatzea da. Gure elkarteetan askoz gehiago
garatzea sentiberatasun hori, Jesusengandik izerdi bizian datorren Hitza
hautematen eta Hitz horrek Jainkoaz dakarren Berri Onarekin bat egiten dakiten
kristau xume askok bizirik duen sentiberatasun hori. Joan XXIII.ak behin batean
esan zuen: «Eliza herriko iturri zahar
baten parekoa da, zeinen kanilak beti ur freskoa ematen baitu». Hogei
mendeko Eliza zahar honetan Jesusen ur freskoa jariarazi behar dugu.
Gure
kontzientzia era guztietako mezuk, kontsignak, irudik, agirik eta erakargarrik
inbaditzen duten gizarte honetan, gure fedea axaleko erlijiotasunaren molde
galkorretan pixkana urtuz joan dadin nahi ez bada, ikasi beharra dugu geure
elkarteen erdigunean Jesusen, geure Jaun bakar horren, Hitz bizia, zehatza eta
nahastezina jartzen.
Alabaina,
ez da aski haren ahotsa entzutea. Beharrezkoa da Jesusi jarraitzea. Iritsia da
erabakia hartzeko ordua: barrua lasaitzen duen baina gure poza itotzen duen
«erlijio burgesarekin» konformatu ala kristau-fedea bizitzen ikasi, Jesusi
jarraitzeko abentura zirraragarri bezala.
Hark
sinetsi zuena sinestean datza abentura hori, axola hark izan zionari izatean,
gizakiaren arazoa hark bezala defenditzean, babesgabeengana eta ahulengana hura
hurbildu ohi zen bezala hurbiltzean, on egiteko hura bezala libre izatean,
Aitagan konfiantza izatean hark izan zuen bezala, bizitzari eta heriotzari
aurre egitean hark egin zien bezalako esperantzaz.
Galdurik,
bakarrik eta norabiderik gabe bizi direnek kristau elkartean leku bat aurkitzen
badute, Jesusi jarraituz, elkarrekin era duinagoan, solidarioagoan eta
askeagoan bizi ahal izateko, orduan bere zerbitzurik hoberenetakoa eskaintzen
ariko da Eliza.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.