José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko apirilaren 28a
5. Pazko Igandea (C)
EBANJELIOA
Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 13,31-33a. 34-35
Judas irten
zenean, esan zien Jesusek: «Oraintxe azaltzen da Gizonaren Semearen aintza, eta
haren bidez Jainkoarena. Jainkoaren aintza haren bidez azaltzen bada, Jainkoak
ere bere aintzaz beteko du hura, eta berehala gainera. Semetxook, ez zait
denbora asko gelditzen zuekin egoteko.
Agindu berri bat
ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu
zuek ere elkar. Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek
elkar maite izatean».
Jaunak esana
HOMILIA
2013ko apirilaren 28a
ADISKIDETASUNA ELIZA BAITAN
Eraila
izan bezperan, azken afaria ospatu du Jesusek bereekin. Ikasleen oinak garbitu
berriak ditu. Judasek hartua du jada bere erabaki tragikoa, eta, Jesusen
eskutik azken mokadua hartu ondoren, han doa bere lana burutzera. Ozenki esan
du Jesusek guztiak sentitzen ari direna: «Ene semeok, denbora gutxi dut jada
zuekin egoteko».
Samur
mintzo zaie. Bere azken keinu eta hitzak bihotzean ezarriak gera dakizkien nahi
du: «Agindu berri bat demaizuet: maita dezazuela elkar; nik zuek maitatu
bezala, maitatu zuek ere elkar. Nire ikasle zaretela ezagutu dezaten seinalea
zuek elkar maitatzea izango da». Hauxe da Jesusen testamentua.
«Agindu
berri batez» mintzo da Jesus. Zertan da hor berritasuna? Lagun hurkoa
maitatzeko agindua presente dago jada tradizio biblikoan. Hainbat filosofo ere
mintzo da filantropiaz eta gizaki guztiekiko maitasunaz. Jesusen maitatzeko era
berezian dago berritasuna: «maita ezazue elkar niki maitatu zaituztedan
bezala». Horrela joango da hedatzen, haren jarraitzaileen bidez, hark izan duen
maitasun-era berezi hura.
Hau
izan da ikasleek esperimentatu duten lehenengo gauza: adiskide bezala maitatu
dituela: «Ez dizuet deitzen neskame-morroi… adiskide esan dizuet». Elizan,
lau-lau, adiskide bezala maitatu behar dugu elkar. Eta adiskideen artean,
parekotasuna, hurbiltasuna, elkar sostengatzea zaintzen dira. Inor ez besteen
gainetik. Adiskiderik ez bere adiskideen jaun.
Horregatik,
Jesusek errotik moztu du bere ikasleen handinahia, lehen postua zeinek izango
eztabaidatu dutenean. Norberaren probetxurako protagonismoa bilatzeak eten
egiten du adiskidetasuna, eten elkartasuna. Bere era berezia gogorarazi die
Jesusek: «ez naiz etorri zerbitza nazaten, baizik zerbitzari izatera».
Adiskideen artean inor ez oilar. Guztiek behar dute prest egon zerbitzari eta
lankide izateko.
Alabaina,
Jesusen jarraitzaileek bizi izandako adiskidetasun honek ez du eratzen elkarte
hesitu bat. Alderantziz, beren artean bizi duten giro bihozkoi eta
maitasunezkoak berak eragiten die premia dutenei harrera eta adiskidetasuna
eskaintzera. Bekatariekin, jende baztertu eta mespretxatuarekin otorduak egiten
erakutsi die Jesusek. Aurpegira bota izan die haurrak baztertu nahi izana.
Jesusen elkartean ez dira oztopo txikiak, baizik handiak.
Behin
batean, Eliza eraikitzeko Pedro «Arroka» izendatu zuen Jesusek berak, Hamabiei
dei egin eta haien erdian haur bat ipini zuen; haurra estu besarkatu eta esan
zien: «Nire izenean haur hau bezalako bat onartzen duenak, ni neu onartzen
nau». Jesusek gogoko duen Elizan, txikiek, ahulek eta zaurigarriek izan behar
dute guztien arreta- eta ardura-gune.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko maiatzaren 2a
EZ GALDU NORTASUNA
Ikasleei
agur esaten ari da Jesus. Gutxi barru ez dute izango beren artean. Samurtasun
bereziz mintzo zaie Jesus: «Seme-alabatxoak, denbora gutxi gelditzen zait zuen
artean egoteko». Txikia da elkartea eta hauskorra. Jaioberria da. Haur txiki
bezalako dira ikasleak. Zer izango da haietaz Maisurik gabe gelditzen badira?
Erregalu
bat egin die Jesusek: «Agindu berri bat damaizuet: maita dezazuela elkar nik
maite izan zaituztedan bezala». Jesusek agertu dien maitasunez elkar maite
badute, hura beren artean bizirik dutela sentituz bizi dira. Jesusengandik
hartu duten maitasuna zabalduz joanen da jarraitzaileen artean.
Horregatik,
Jesusek gehitu du: «Zuek elkar maite izatea izanen da nire ikasle zareten
seinalea, guztientzat». Kristau izeneko elkarte bat egiaz Jesusena dela
agertuko duena, ez da izanen dotrina bat aitortzea, ezta erritu batzuk betetzea
ere, ezta araubide bat jarraitzea, baizik Jesusen espirituaren arabera bizi
izandako maitasuna. Maitasun hori izanen du bere nortasun-agiria.
«Trukearen
kultura» nagusituz joan zaion gizartean bizi gara. Gaurko jendeak gauzak,
zerbitzuak, laguntzak trukatzen ditu. Sarritan, gainera, sentimenduak,
gorputzak eta adiskidetasuna bera trukatzen dira. Eric Frommek esana da:
«maitasuna fenomeno marjinala da egungo gizartean». Salbuespen da maitatzeko
gai den jendea.
Segur
aski, analisi ezkorregia da hori; baina, nolanahi ere, gaur egun
kristau-maitasuna bizi ahal izateko, egungo gizartea inguratzen duen
ingurumenari aurre egin beharra dugu. Ezinezkoa da Jesusek arnasturiko
maitasuna bizitzea, gure artean sarritan gailurra jo duen harreman eta truke
interesatuen moldeari aurpegi eman gabe.
Eliza
egungo gizartean «urtuz» badoa, ez da soilik erakunde erlijiosoen krisi
sakonagatik. Kristautasunaren kasuan bada beste arrazoi bat ere: gure
elkarteetan askotan ezin ikusi ahal izatea Jesusek maite zuen bezala maitatzeko
gai diren ikasleak. Kristau-ezaugarria falta zaigu.
Kristauek
asko hitz egin izan dugu maitasunaz. Halaz guztiz, ez dugu asmatu beti edo ez
gara ausartu hura edukiaz janzten, Jesusen espirituaren eta jarrera zehatzen
araberako edukiaz. Ikastea falta zaigu ezen Jesusek maitasuna portaera eginkor
eta sortzaile bezala bizi izan zuela, ezen zerbitzari izatera eta gizakia
desgizatartzen duen eta sufriarazten
dion guztiaren kontra borroka egitera eragiten zion portaera bezala bizi izan
zuela.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.