José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko irailaren 8a
Urteko 23. Igandea (C)
EBANJELIOA
Zuetako inor ez daiteke izan nire ikasle, dituen guztiei uko egiten ez
badie.
+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 14,25-33
Egun haietan,
jende-talde handiak zihoazen Jesusekin; honek, beraiengana itzulirik, esan
zien:
- Norbaitek
nirekin etorri nahi badu eta ez banau ni bere aita-amak eta emaztea,
seme-alabak eta anai-arrebak eta bere burua ere baino maiteago, ez daiteke izan
nire ikasle.
Bere gurutzea
hartu eta nire ondoren ez datorrena ez daiteke izan nire ikasle.
Izan ere, zuetako
nork, dorrea egin nahi badu, ez ditu aldez aurretik eseri eta gastuen kontuak
ateratzen, bukatzeko adina ba ote duen ikusteko? Bestela, zimenduak hartu
ondoren bukatu ezin izango balu, ikusiko luketen guztiek barre egingo liokete,
esanez: “Honako hau eraikitzen hasi huen eta ezin izan dik amaitu”.
Edo zein erregek,
beste baten kontra gerrara joan nahi badu, ez du aldez aurretik eseri eta
begiratzen, ea hamar mila gizon aski dituen hogei milarekin kontra datorkionari
aurre egiteko? Eta ezetz ikusten badu, bestea oraindik urruti dela, mandatariak
bidaliko dizkio bakea eskatuz.
Era berean,
zuetako inor ez daiteke izan nire ikasle, dituen guztiei uko egiten ez badie.
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko irailaren 8a
EZ NOLANAHI
Jerusalemerako
bidean gora doa Jesus. Ebanjelariak diosku «jende asko zuela bidelagun». Halaz
guztiz, Jesusek ez du ametsik egiten. Ez da engainatuko jendearen gogo bero
erraz bat nabaritzean. Jende bat kezkaturik dabil gaur egun, kristauen kopurua
beheraka doala eta. Bere jarraitzaileen kopurua baino gogokoago zuen Jesusek
jarraitzaileen kalitatea.
Bat
batean, «itzuli» eta jendetzari hitz egiten hasi da, berari bihotz argiz eta
erantzulez jarraitzeak dituen eskakizun konkretuez. Ez du nahi jendeak nolanahi
jarrai diezaion. Jesusen ikasle izatea erabaki bat da, pertsonaren bizitza
markatuko duena.
Jesusek
lehenik familiaz hitz egiten die. Jende hark nork bere familia du: gurasoak,
andrea eta seme-alabak, anai-arrebak. Bere izakirik maiteenak ditu horiek,
bihotzekoenak. Baina familiako beharrak alde batera uzten ez badituzte,
berarekin lan egiteko giza familia bat sustatzen, odolean oinarritua ez, baizik
zuzentasunez eta solidaritatez eraikia, ezin izango dira beraren ikasle.
Jesus
ez da ari familia desegiteaz, ez da ari familiako maitasuna eta bizikidetasuna
ezabatzeaz. Baina norbaitek gauza guztien gainetik familiaren ohorea edo
ondasunak edo ondarea edo familiaren ongizatea ipintzen badu, halako hura ezin
izango da Jesusen ikasle, ezin lan egingo du berarekin mundua gizakoiago
egiten.
Are
gehiago. Norbaitek gogoan bere burua eta gauzak bakarrik baditu, edo bere
ongizateaz gozatzeko bakarrik bizi bada, edo bere onuraz bakarrik arduratzen
bada, ez dadila engaina: halako hura ezin izan da Jesusen ikasle. Barne
askatasuna falta zaio, Jesus aintzat hartu ahal izateko koherentzia eta
erantzukizuna falta zaio.
Jesusek
hitz egiten jarraitzen du, gordin: «Nire ondoren bere gurutzea ez daramana ezin
izan da nire ikasle». Norbait gatazkei eta arazoei ihes eginez bizi bada,
norbaitek arriskuak eta ezbeharrak bere egiten ez badaki, norbait prest ez
badago sufrimenduak jasateko Jainkoaren erreinuagatik eta haren
zuzentasunagatik, halako hura ezin izan da Jesusen ikasle.
Ezin
izan da inor kristau nolanahi. Ez ditzagun nahasi kristau-biziera eta Jesusi
apal baina erantzukizunez jarraitzea desitxuratzen eta edukiz husten dituzten
bizitzeko moduak.
Harritzekoa
da Frantzisko aita santuaren askatasuna, Jesusen ikasleekin zerikusi gutxi
duten kristauen estiloak salatzean: «manera oneko, baina jokabide txarreko
kristauak», «museoko kristauak», «kasuistikaren hipokritak», «haizearen kontra
bizitzeko gai ez diren kristauak», kristau «ustelak», gogoan beren burua
bakarrik dutenak, ebanjelioa hots egiten ez duten «kristau heziak.»…
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko irailaren 5a
ERREALISMO ARDURATSUA
Jesusek
darabiltzan adibideak oso desberdinak dira, baina haien irakaspena beti bat
bera: egitasmo bati modu arduragabean ekiten dionak, gogoan duena lortzeko
baliabiderik eta indarrik ba ote duen aurrez aztertu gabe, porrot eginez
amaitzeko arriskua du.
Inongo
laborarik ez dio ekiten, mahastia babesteko, dorrea eraikitzeari, aurrez
kalkulatu gabe hura arrakastaz gauzatzeko ahalmenik ba ote duen, hasitakoa
bukatu ezinik gelditu beharra izan ez dezan, auzokoen isekagarri gertatuz.
Inongo erregek ez dio ekiten guduari etsai boteretsu baten aurka, aurrez
aztertu gabe gudu hartan garaile atera ote daitekeen; bestela, bere buruaz
beste egitea izango litzateke.
Lehen
begiratuan, pentsa lezake batek ezen Jesus portaera zuhurra eta arduratsua
gomendatzen ari dela, bereei eskuarki eskatzen dien ausardiatik oso urrun
dagoena. Ezta hurrik eman ere. Bereei gomendatu nahi dien egitekoa edo misioa
hain garrantzizkoa da, non inor ez baitaiteke konprometitu hartara oharkabean,
ardurarik gabe edo harrokeriaz.
Jesusen
oharpen hori gaurkotasun handikoa da gure fedearen etorkizunerako hain
kritikoak eta erabakitzaileak diren une hauetan. Jesusek, beste ezer baino
lehen, gogoeta heldua eskatzen digu: paraboletako bi protagonistak «eseri egin
dira» gogoeta egiteko. Erantzukizun-falta larria izango litzateke gaur egun
Jesusen ikasle bezala bizi nahi izatea, zer nahi den jakin gabe, nora iritsi
nahi den jakin gabe, zein baliabidez jardun behar den jakin gabe.
Eta
noiz eseri behar dugu indarrak batzeko, elkarrekin gogoeta egiteko eta zein
bide jarraitu guztien artean bilatzeko? Ez ote dugu denbora gehiago hartu
behar, ebanjelioa gehiago entzun behar, gogoeta gehiago egin behar deiak
aurkitzeko, karismak iratzartzeko eta Jesusi jarraitzeko estilo berritua
lantzeko?
Jesusek
ere errealismorako deia egiten digu. Aurrekaririk gabeko kanbio soziokulturala
ari gara bizitzen. Daitekeena ote da fedea kutsatzea jaiotzen ari den mundu
berri honetan, mundu hori ondo ezagutu gabe eta barrutik ulertu gabe?
Daitekeena ote da Ebanjeliorako irispidea eskaintzea, gaur egungo
gizon-emakumeen pentsaera, sentimenduak eta hizkuntza ezagutu gabe? Ez ote da
errorea, gaur egungo erronkari atzoko estrategiez erantzun nahi izatea?
Une
honetan ausarkeria izango litzateke modu oharkabean eta itsuan jardutea.
Porrotari bide emango genioke, frustrazioari eta, are, irrigarri gelditzeari.
Parabolaren arabera, «dorre bukatu gabe horrek» eraiki nahi izan duenaren
kontrako burla eragiten du jendearen artean. Ez genuke ahaztu behar Jesusen
hizkuntza errealista eta apala, ikasleak gonbidatzen dituenean herrian
«legamia» izatera edo jendearen bizitzari zaporea ematen dion «gatz» eskukada
izatera.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.