José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko irailaren 29a
Urteko 26. Igandea (C)
EBANJELIOA
Zuk zorion franko izan zenuela bizitzan; Lazarok, berriz, zoritxarrak;
orain, hark atsegina aurkitu du hemen, eta zuk oinazeak.
+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 16,19-31
Egun haietan,
Jesusek esan zien fariseoei:
«Bazen gizon
aberats bat, purpuraz eta liho finez janzten zena eta egunero festa ederrak
egiten zituena. Bazen Lazaro izeneko eskale bat ere, haren ate ondoan egoten
zena; zauriz josia zegoen. Pozik asko jango zukeen aberatsaren mahaitik lurrera
botatzen zutena. Txakurrek ere etorri eta zauriak miazkatzen zizkioten.
«Hil zen eskalea,
eta Abrahamen ondora eraman zuten aingeruek; hil zen aberatsa ere, eta lur eman
zioten.
Hildakoen
Egoitzan oinazez zegoela, begiak jaso eta Abraham ikusi zuen urruti, eta Lazaro
haren ondoan. Orduan, deiadar egin zion: “Aita Abraham, erruki nitaz; bidal
ezazu Lazaro atzamar-muturra uretan busti eta niri mihia freskatzera,
kiskaltzen bainago sugar hauetan”. Baina, Abrahamek erantzun zion: “Seme,
gogoratu zuk zorion franko izan zenuela bizitzan; Lazarok, berriz, zoritxarrak;
orain, hark atsegina aurkitu du hemen, eta zuk oinazeak.
Horrez gainera,
leize handi bat dago zuen eta gure artean; nahita ere, ez dauka inork hemendik
zuengana igarotzerik, ezta hortik guregana ere”.
«Aberatsak,
berriro: “Orduan, aita Abraham, bidal ezazu, arren, Lazaro gure aitaren etxera,
bost anaia ditut eta; jar ditzala jakinaren gainean, beraiek ere oinaze-toki
honetara etor ez daitezen”. Abrahamek erantzun zion: “Hor dituzte Moises eta
profetak: entzun diezaietela”. Hark, oraindik: “Ez, aita Abraham; hildakoren
bat joaten bazaie, orduan bai bihozberrituko direla”. Baina Abrahamek erantzun
zion: “Moisesi eta profetei entzuten ez badiete, hildakoren bat piztuta ere, ez
dute kasurik egingo”».
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko irailaren 29
AXOLARIK EZA BAZTERTU
Lukasen
arabera, Jesusek «ezin izan zarete Jainkoaren eta diruaren zerbitzari» oihu
egin zuenean, entzuten ari zitzaizkion eta diruaren adiskide ziren fariseu
batzuek «barre zegioten». Alabaina, Jesusek ez du atzera egin. Handik gutxira,
parabola bihotz-urratzaile bat esango du, aberastasunen esklabo direnek begiak
ireki ditzaten.
Odola
darion egoera bat deskribatu du Jesusek hitz gutxitan. Gizon aberats bat eta
eskale behartsu bat elkarrengandik hurbil bizi dira; aberatsaren oparotasun
iraingarriko bizitzaren eta behartsuaren mutur-muturreko miseriaren artean den
leizeak bereizten ditu biak.
Kontakizunak,
bi pertsonaiak deskribatzean, bien arteko kontrastea azpimarratzen du. Aberatsa
purpuraz eta liho fin-finez jantzia da; behartsuaren gorputza, berriz, zauriz
josia. Aberatsa banketez bankete bizi da, jaiegunetan bezala astegunetan;
behartsua, berriz, haren atarian bizi da etzanik, aberatsaren mahaitik
eroritako apurrak ahora eraman ezinik. Soilik, zakarrontzira zer jango datozen
txakurrek miazten dizkiote zauriak.
Ez da
esaten inoiz ere aberatsak behartsua esplotatu duenik edota tratu txarra eman
edo mespretxatu duenik. Esango litzateke aberatsak ez duela ezer txarrik egin.
Halaz guztiz, haren bizitza osoa da gizatasunik gabea, zeren bere ongizatea
bakarrik baitu buruan. Harrizkoa du bihotza. Behartsua ez da ezer harentzat.
Begi aurrean du, baina ez du ikusten. Aurre-aurrean du aberatsak behartsua,
gaixorik, goseak eta bertan behera utzia, baina ez da gai atea ireki eta hartaz
arduratzeko.
Ez
gaitezen engaina. Jesus ez da ari salatzen hogeita hamargarren urteetako
Galileako egoera hura bakarrik. Geure atarian, ordu batzuetako hegalaldira,
miseriarik ikaragarrienean bizi eta hiltzen ari diren herri osoak ditugula,
oparotasunean bizitzen ohituak gaudenon kontzientziari astindu bat eman nahian
dabil Jesus.
Gizatasunik
eza da «ongizatearen geure gizarte honetan» hesitu nahi izatea, «gaizkizatearen
beste gizarte» horri ezikusiarena eginez. Jarrera krudela da
«errugabetasun-ilusio ezkutuko» hori, kontzientzia lasai izateko aukera ematen
digun ilusio hori alegia, elikatzen jarraitu nahi izatea, pentsatuz errua
guztiena dela eta inorena ez dela.
Geure
lehen egitekoa axolarik eza baztertzea da. Gogor egitea errukirik ez duen
ongizateaz gozatzeari. Ez jarraitzea gogoz urruntzen munduan den miseria eta
gosea urruntasun abstraktu baterantz, horrela bizi ahal izateko entzun gabe
inolako deiadar, intziri edo lanturik.
Ebanjelioak
erne eta azti bizitzen laguntzen ahal digu, gero eta gehiago eskastu gabe geure
sentiberatasuna zokoratuen sufrimenduaren aurrean, anai-arreba arteko
erantzukizunaren zentzua galdu gabe eta zerbait egin dezakegunean pasiboki
bizitzen segitu gabe.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko irailaren 26
EZ EGIN EZKUSIARENA SUFRITZEN ARI DENARI
Parabolako
protagonista bien arteko kontrastea tragikoa da. Aberatsa purpuraz eta lihoz
jantzia da. Haren bizitza guztia da luxu eta nabarmenkeria. «Egunero oparo
jan-edatea» du bere amets guztia. Aberats honek ez du izenik, ez
nortasun-agiririk. Ez da inor. Errukiz huts den haren bizitza porrota da. Ezin
bizi daiteke bat jan-edateko soilik.
Haren
etxe-atarian, han datza eskale bat goseak, zauriz beterik. Inork ez dio
laguntzen. Soilik, txakur batzuk hurbiltzen zaizkio bere zauriak miazkatzera.
Ez du ezer bererik, baina badu izen bat, esperantza-eroalea. «Lazaro» edo
«Eliezer» du izena, «Ene Jainkoa laguntza da» esan nahi du.
Haien
zoria errotik kanbiatu da heriotza-orduan. Aberatsari lur eman diote, segur
aski handikiro, baina «Hadesera» edo «hildakoen erreinura» eramango dute.
Lazaro ere hil da. Ez da aipatzen ere hileta-konturik, baina «aingeruek
Abrahamen altzora eramango dute». Bere garaiko irudi herrikoiz, Jesusek
gogoratzen digu ezen Jainkoak duela azken hitza aberatsen eta behartsuen gain.
Aberatsa
ez dute juzgatzen esplotatzaile bezala. Ez da esaten Elkargotik urrun bizi izan
den fedegabea dela. Soilki, pobreari ezikusia eginez, aberastasunez gozatu
duena da. Han berean zegoen behartsua, baina aberatsak ez du ikusi nahi izan.
Haren etxe-atarian zegoen, baina ez zaio hurbildu. Bere bizitzatik at utzi du
behartsua. Axolagabe izatea: horra haren bekatua.
Behatzaileen
arabera, handituz doa gure gizartean apatia, hau da, besteen sufrimenarekiko
sentiberatasun-falta. Mila moldez saihesten dugu sufritzen ari den jendearekin
zuzeneko harremanak izatea. Apurka, gero eta ezgaiago bihurtzen ari gara
besteen nahigabea ikusteko.
Haur
eskale bat geure aurrean ikustea gogaikarri izan ohi dugu. Adiskide batekin,
gaixotasun terminalak joa den batekin, topo egiteak larritu egiten gaitu. Ez
dugu asmatzen zer egin, ez zer esan. Hobe izaten dugu tarte bat luzatzea. Geure
zereginetara ahalik lasterren itzultzea. Ez uztea erasan diezagun.
Hobe
sufrimena urrunean gertatzen bada. Gizakia, miseria edo gaixotasuna datu,
zenbaki eta estatistika bihurtzen ikasi dugu: errealitateaz informatzen gaitu,
bai, baina gure bihotza doi-doi ukitzen duela. Badakigu, orobat, sufrimen
izugarriak telebistan ikusten; baina pantaila hutseko sufrimena ez da hain
erreala, ezta hain izugarria ere. Sufrimenak gure hurbilagoko bat jotzen
duenean, mila eraz baliatzen gara geure bihotza anestesiatzeko.
Jesusi
jarraitzen diona, aldiz, gero eta sentiberago bihurtzen da bidean sufritzen
aurkitzen duenaren aurrean. Hurbildu egiten zaio premian dagoenari eta, bere
esku badu, haren egoera arintzen ahalegintzen da.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.