José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko irailaren 15a
Urteko 24. Igandea (C)
EBANJELIOA
Pozten da Jainkoa ere bere aingeruekin bihozberritzen den bekatari
batengatik.
+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 15,1-32
Zergalari eta
bekatari guztiak Jesusengana bildu ohi ziren hari entzutera, eta fariseuak eta
lege-maisuak marmarrean ari ziren esanez: «Horrek harrera ona egiten die
bekatariei, baita beraiekin jan ere!»
Jesusek parabola
hau esan zien:
«Zuetako nor,
ehun ardi izan eta bat galtzen bazaio, ez da, beste laurogeita hemeretziak
larrean utzirik, galduaren bila joaten aurkitu arte?
Eta aurkitzen
duenean, lepoan hartzen du poz-pozik eta, etxeratzean, adiskideak eta auzokoak
bildu eta esaten die: “Egin festa nirekin, aurkitu baitut galdutako ardia!”
Egia esan, Jainkoak ere poz handiagoa hartzen du bihozberritzen den bekatari
batengatik, bihozberritu beharrik ez duten laurogeita hemeretzi zintzoengatik
baino.
«Edota zein
emakumek, zilarrezko hamar txanpon izan eta bat galtzen bazaio, ez du,
kriseilua pizturik, etxea garbitu eta galdu zaion txanpona ardura guztiaz
bilatzen aurkitu arte? Eta, aurkitzean, adiskideak eta auzokoak bildu eta
esaten die: “Egin festa nirekin, aurkitu baitut galdua nuen txanpona!”Egia
esan, berdin pozten da Jainkoa ere bere aingeruekin bihozberritzen den bekatari
batengatik».
[Gainera, esan
zien: «Gizon batek bi seme zituen. Gazteenak esan zion aitari: “Aita, emadazu
dagokidan senipartea”. Eta aitak ondasunak banatu zizkien.
«Handik egun
gutxira, seme gazteenak, zituen guztiak bildurik, urrutiko herrialde batera alde
egin zuen eta han, galdukerian biziz, ondasun guztiak jan. Dena xahutu zuenean,
gosete ikaragarria gertatu zen inguru hartan eta estu aurkitzen hasi zen.
Orduan, herrialde hartako gizon batengana joan zen morroi, eta hark bere
sailetara bidali zuen txerrizain.
Txerriek jaten
zuten ezkurrez asetzeko gogoa ematen zion, ez baitzion inork jaten ematen.
Orduan, pentsatzen jarririk, bere baitan esan zuen: “Zenbat langile gure
aitarenean nahi adina ogi eta gehiago dutela, eta ni hemen goseak hiltzen!
Jaiki, aitarengana joan eta esango diot: Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta
zure kontra. Ez dut gehiago seme-izenik merezi. Har nazazu zeure langileetako
bat bezala”.
«Jaiki eta
aitaren etxera abiatu zen. Oraindik urruti zegoela, ikusi zuen aitak eta
errukitu egin zen; eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi zitzaion.
Semeak esan zion:
“Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra. Ez dut gehiago zure
seme-izenik merezi… ”. Aitak, ordea, esan zien morroiei: “Ekarri bizkor
jantzirik onena eta jantziozue, ipiniozue eraztuna eta jantzi oinetakoak;
ekarri zekor gizendua eta hil; egin dezagun festa-otordua; zeren seme hau hilda
bainuen eta piztu egin zait, galdua nuen eta aurkitu egin dut”. Eta festa hasi
zuten.
«Seme zaharrena
soroan zen. Etxerakoan, hurbildu ahala, soinua eta dantzak sumatu zituen. Eta,
morroi bati deiturik, zer gertatzen zen galdetu zion. Hark erantzun: “Zure
anaia etorri da eta zekor gizendua hiltzeko agindu du zuen aitak, semea onik
bereganatu duelako”. Biziki haserretu zen anaia eta ez zuen sartu nahi. Atera
zen aita eta erreguka hasi zitzaion. Baina hark erantzun zion aitari:
“Hainbeste urte da zure agindu bat ere sekula huts egin gabe zerbitzatzen
zaitudala, eta ez didazu egundaino antxume bat ere eman, lagunekin festa
egiteko; eta, horko zure seme hori, zure ondasunak emagalduekin jan dituen
hori, etorri dela eta, zekor gizendua hil duzu”. Aitak erantzun zion: “Seme, zu
beti nirekin zaude, eta nire guztia zeurea duzu! Baina egoki zen poztu eta
festa egitea, zure anaia hau hilda baikenuen eta piztu egin zaigu, galdua
genuen eta aurkitu egin dugu!”»]
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko irailaren 15
KEUNURIK ESKANDALAGARRIENA
Jesusen
keinurik probokatzaile eta eskandalagarriena izan zen, dudarik gabe, bekatariei
sinpatia bereziaz harrera egitea, hau da, gidari erlijiosoek zokoraturik
zituzten eta gizartean, Legeaz kanpo jokatzeatik, markatuak zirenei. Jende hura
gehienik haserrarazten zuena, Jesusek bekatariekin adiskidetsuki otorduak
egitea zen.
Gehienetan,
ahaztu egiten dugu Jesusek egoera harrigarri bat sortu zuela bere garaiko
gizartean. Bekatariak ez doaz ihesi harengandik. Aitzitik, erakarririk
sentitzen dira, bai Jesusek berak, bai haren mezuak. Lukasek diosku:
«bekatariak eta zerga-biltzaileak Jesusengana hurbildu ohi ziren entzuteko».
Badirudi, Jesusen baitan harrera eta ulermena aurkitzen dutela, beste inon ez
bezala.
Bitartean,
fariseuen taldekoek eta lege-maisuek, herriaren aurrean ospe moral eta
erlijiosorik handiena duten horiek, kritika egiten besterik ez dakite, Jesusen
portaeraz eskandalizaturik: «Honek bekatariak onartzen ditu eta otorduak egiten
haiekin». Nolatan eser daiteke Jainkoaren gizon bat mahai berean jende bekatari
eta jendilaje harekin?
Jesusek
ez zion sekula jaramonik egin haien kritikari. Bazekien Jainkoa ez dela Epaile
gogor eta zorrotza, sinagogan lehen postuak hartzen zituzten maisu haiek,
guztiz seguru, aipatzen zuten bezalakoa. Jesusek ondo ezagutzen du Aitaren
bihotza. Jainkoak ulertzen die bekatariei; guztiei eskaintzen die bere
barkazioa; ez du inor baztertzen; dena du barkatzen. Inork ez luke lausotu edo
desitxuratu behar Jainkoaren barkazio atzeman ezin eta doako hori.
Horregatik,
bere ulermena eta adiskidetasuna eskaintzen die Jesusek. Prostituitu eta
zerga-biltzaile haiek Jainkoak onartzen dituela sentitu behar dute. Hori da
lehenengo gauza. Ez dute zertan beldur izan. Mahaian jar daitezke, ardoa edan
dezakete eta kantari jardun ere bai Jesusen ondoan. Honen harrerak barnea
sendatzen die. Lotsa eta umilazio orotatik libratzen ditu. Bizi-poza itzultzen
die.
Diren
bezalako onartzen ditu Jesusek, aurrez ezer exijitu gabe. Bere bakea eta
Jainkoaganako bere konfiantza kutsatzen die, segurtasunik ez badu ere jokabidea
aldatuz erantzungo diotela. Jainkoaren errukiaz erabat fidatuz egiten du hori,
badakielako Jainkoa haien zain dagoela besoak zabalik, aita on bat galdua den
seme batengana joan ohi den bezala.
Jesusi
leial jarraitu nahi dion Eliza baten lehen egitekoa, ez da bekatariak
kondenatzea, baizik ulertzea eta harrera eskaintzea adiskidetsuki. Erroman
egiaztatu ahal izan nuen hau duela hilabete batzuk: Frantzisko aita santuak
azpimarratzen zuenean Jainkoak beti barkatzen duela, dena barkatzen duela,
guztiei barkatzen diela… jendeak gogotsu egiten zuen txalo. Segur aski, horixe
da fede kaxkar eta duda-mudazko jende askok Elizagandik argiro entzun
beharrekoa.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010eko irailaren 12
PARABOLA BAT GAUR GAURKOA
Beste
inongo parabolatan ez gaitu sarrarazi nahi izan Jesusek Jainkoaren misterioan
eta giza izatearen misterioan gaurko honetan bezain sakon. Besterik ez da
guretzat «Aita onaren» parabola hau bezain gaurko.
Seme
gazteenak diotso aitari: «emadazu dagokidan ondare-zatia». Eskari hori egitean,
aitaren heriotza ari da eskatzen hein batean. Libre izan nahi du, loturak eten
nahi ditu. Ez du izango zorionik aita galdurik ikusi arte. Aitak amore eman du,
hitzik esan gabe: libreki hautatu behar du semeak bere bidea.
Ez
ote da hau gaur egungo egoera? Jende askok nahi du Jainkoari buruz libre izan,
zoriontsu izan Aitaren presentzia begi-bistan izan gabe. Jainkoa ezkutarazi
egin nahi da gizartetik eta jendearen bihotzetik. Eta, parabola horretan
bezala, Aita isilik dago. Jainkoak ez du inor behartzen.
Semea
«urruneko lurralde batera» doa. Beste lurralde batean bizi nahi du, aitagandik
eta familiagandik urrun. Eta alde egiten dakusa aitak, baina ez du utzi nahi
semea bertan behera; aitaren bihotza bidelagun izango du semeak; goizero egongo
da aita haren zain. Gaur egungo gizartea gero eta urrunago doa Jainkoagandik,
haren agintetik, hartaz oroitzetik… Eta ez ote dugu Jainkoa bidelagun, gu hura
begi-bistatik galdu nahian gabiltzala?
Handik
laster«galdukeriari» lotuko zaio semea. Jatorrizko hitzak galdukeria moralaz
gain biziera osasun gabea, zoroa, kaotikoa iradokitzen du. Denbora gutxira,
haren abentura drama bilakatzen hasiko da. «Izugarrizko gosea» sortu da eta,
gizon arrotz baten esklabo, txerriak zaintze aldera lortu du bizitzea. Bizi
duen tragedia adierazten dute haren hitzek: «Ni hemen goseak hiltzen!»
Barne
hutsunea eta maitasun-gosea dirateke Jainkoagandik urrun bizitzearen gure lehen
zantzuak. Ez da gauza erraza askatasunaren bidea. Zer falta zaigu? Zerk bete
lezake gure bihotza? Kasik dena dugu geure esku, nolatan sentitzen dugu halako
gosea?
Gaztea
«bere baitara itzuli zen» eta, bere hutsuneaz gogoeta eginez, aitaren aurpegiaz
gogoratu zen, hura ogi-ugaritasunarekin lotuz: aitaren etxean «badute ogia» eta
«ni goseak hiltzen». Barnean beste askatasun baten gogoa erne zaio, aitaren
ondokoa. Bere okerra aitortu du eta erabakia hartu: «Bideari ekin eta aitagana
itzuliko naiz».
Jainko
geure Aitaganako bidea hartuko ote dugu? Askok hartuko luke bidea Jainko hori
ezagutuko balu, Jesusen parabola honen arabera «semeari bidera korrika atera
zaiona, besarkatu eta zoratzear musuka hasi zaiona» den Jainko hori ezagutuko
balu. Besarkatze eta musu emate horiek teologia guztia baino argiago mintzo
dira. Jainko horren ondoan askatasun duinagoa eta zoriontsuagoa izango genuke.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.