José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko irailaren 22a
Urteko 25. Igandea (C)
EBANJELIOA
Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 16,1-13
Egun haietan,
Jesusek esan zien ikasleei: [«Gizon aberats batek etxezain bat zuen, eta hau
ondasunak alferrik galtzen ari zitzaiola salatu zioten.
«Deitu zion eta
esan: “Zer da zutaz entzun dudan hori? Emadazu etxezaintzaren kontu, kargutik
bota egiten zaitut eta”.
«Honela zioen,
orduan, etxezainak bere baitan: “Zer egin behar dut orain, nagusiak kargua kentzen
didanez gero? Aitzurrerako ez naiz gauza, eta eskerako lotsa naiz. Badakit zer
egin, kargutik botatzen nauten honetan etxean nork hartu izan dezadan”.
«Deitu zituen
bere nagusiaren zordunak banan-banan, eta lehenengoari galdetu zion: “Zenbat
zor diozu nire nagusiari?” Hark erantzun: “Ehun upel olio”. Etxezainak esan
zion: “Hona zure ordain-agiria; agudo, eseri eta idatzi berrogeita hamar”.
«Gero,
hurrengoari galdetu zion: “Zuk zenbat zor diozu?” Hark erantzun: “Ehun anega
gari”. Eta besteak, orduan: “Hona zure ordain-agiria; idatzi laurogei”.
«Eta nagusiak
txalotu egin zuen etxezain zuzengabe hura, zuhurki jokatu zuelako. Izan ere,
mundukoak zuhurrago dira beren arteko arazoetan, argitakoak berenetan baino.
«Beraz, hauxe
diotsuet nik ere: Irabaz itzazue adiskideak bidegabeko diruaren bidez; horrela,
dirua amaitzean, betiko bizilekuetan hartuko zaituzte Jainkoak.]
«Gauza txikietan
fidagarria, handietan ere fidagarri da, eta gauza txikietan zuzengabea,
handietan ere zuzengabe.
Bidegabeko dirua
erabiltzen fidatzekoak izan ez bazarete, nork utzi zuen esku egiazko ondasuna?
Zeuena ez duzuen aberastasunarekin fidatzekoak izan ez bazarete, nork eman
benetan dagokizuena?
«Ez da morroirik
bi nagusi zerbitza ditzakeenik; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea
maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete
Jainkoaren eta diruaren morroi izan».
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko irailaren 22
EZ DA SOILIK KRISI EKONOMIKOA
«Ezin
izan zarete Jainkoaren eta Diruaren zerbitzari». Jesusen hitz hauek ezin ahaztu
ditugu momentu hauetan haren jarraitzaile sentitzen garenok; izan ere, Jesusek
Gizadiari egin dion oharpenik larriena da. Dirua, idolo absolutu bihurtua, da
etsai handia Jainkoak nahi duen mundu zuzenago eta anai-arreba artekoago bat
eraiki ahal izateko.
Tamalez,
Aberastasuna, gure mundu globalizatu honetan, egundoko boterea duen idolo
bilakatu da; irauteko, gero eta biktima gehiago eskatzen ditu, gero eta
pobreago bihurtzen du giza historia. Momentu hauetan krisialdi batek
harrapaturik gaude; hein handian, metatzeko antsiak eragindako krisialdiak,
alegia.
Esateko,
dena da antolatzen, mugitzen eta dinamizatzen logika honen arabera:
produktibitate, kontsumo, ongizate, energia, gainerakoen gainean botere…
handiagoa. Inperialista da logika hau. Gelditzen ez badugu, arriskuan jar
litzake gizakia eta Planetan bera.
Agian,
lehenengo gauza jabetzea da zer gertatzen ari den. Ez da soilik krisi
ekonomikoa. Gizarte eta giza krisia da. Momentu honetan aski datu ditugu geure
inguruan eta munduaren horizontean, zein giza dramatan murgildurik bizi garen
sumatzeko.
Gero
eta garbiago da ezen sistema hau, milioika pertsona goseak eta miserian utziz,
aberatsen gutxiengo bat gero eta gehiago metatzera daraman hau, jasanezineko
zorakeria dela. Alferrik da beste aldera begira jartzea.
Jadanik,
gizarte aurrerakoienak berak ere ez dira gai milioika hiritarri lan duin bat
eskaintzeko. Zer-nolako aurrerapena da hau, guztiok ongizatera bultzatzen
gaituelarik, hainbat eta hainbat familia duintasunez bizitzeko baliabiderik
gabe uzten duen hau?
Krisialdi
hau lur joarazten ari da sistema demokratikoa. Diruaren eskakizunek
hertsaturik, gobernu-agintariek ezin jaramon egin diete beren herritarren
egiazko premiei. Zer da, beraz, politika, jada guztien onaren zerbitzura ez
badago?
Eremu
desberdinetako gastu sozialen gutxitzeak eta zerbitzu publikoen, adibidez
osasungintzaren, pribatizazio interesatu eta duingabeak babesgabeenei erasotzen
jarraituko dute; horrek, jakina, gero eta zokoratze, ez-parekotasun lotsagabe
eta haustura sozial handiagoak eragingo ditu.
Jesusen
jarraitzaileok ezin bizi gara erlijioan hesiturik, giza drama honetatik aparte.
Kristau-elkarteak, une honetan, ingurumen egoki izan daitezke kontzientziazioa,
bereizketa eta konpromisoa eragiteko. Elkar lagundu beharra dugu azti eta
erantzukizunez bizitzen. Krisialdiak gizakoiago eta kristauago bihur gaitzake.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko irailaren 19
DIRUA
Jesusek
ezagutu zuen gizartea gurea ez bezalakoa zen oso. Jerusalemgo familia
boteretsuek eta Tiberiades inguruko lurjabe handiek soilik metatu zezaketen
urrezko eta zilarrezko monetarik. Landa-jendeak doi-doi eskura zezakeen
brontzezko edo kobrezko monetaren bat, nolanahi ere balio eskasekoak. Jende
asko dirurik gabe bizi zen, produktuak trukatzera mugatzen zen, bizitze hutseko
erregimenari loturik.
Gizarte
horretan, maiztasun harrigarriz mintzo da Jesus diruaz. Lurrik eta lan finkorik
gabe, Profeta ibiltari huts bizi delarik eta Jainkoaren arazoei emanik,
erabateko askatasunez hitz egiteko aukera ematen du. Bestalde, pobreekiko
maitasunak eta Jainkoaren zuzentasunarekiko grinak baztertuak defenditzera
eragiten diote beti eta estu.
Hizkuntza
oso bereziaz mintzo da diruaz. Berez bezala atera zaio esapide hau: «diru zuzengabea» edo «aberastasun zuzengabea». Itxuraz, ez du
ezagutzen «diru garbirik». Jende boteretsu haren aberastasuna zuzengabea da,
zeren modu zuzengabean metatua baita eta pobreekin eta gose direnekin partekatu
gabe gozatzen baitu hartaz.
Zer
egin beharko lukete aberastasun zuzengabe horren jabe direnek? Jesusen hitz
bitxiak dakartza Lukasek. Esaldia laburraren laburraz iluna gerta daitekeen
arren, haren edukia ezin ahantzizkoa da.
«Nik diotsuet: Irabazi adiskideak diru zuzengabeaz, honen falta izango
duzuenean betiko egoitzan har zaitzaten».
Hau
diotse Jesusek aberatsei: «Erabili zeuen aberastasun zuzengabeak pobreei
laguntzen; irabazi haien adiskidetasuna zeuen ondasunak haiekin partekatuz. Haiek
izango dituzue zeuen adiskide eta, heriotzako orduan dirua ezertako baliozko
eta on izango ez duzuenean, haiek onartuko zaituztete Aitaren etxean». Beste
hitz batzuez esanik: diru zuzengabea Jainkoaren aurrean «zuritzeko» erarik
egokiena haren seme-alaba pobreenekin partekatzea izango duzue.
Jesusen
hitzek ez zuten izan harrera onik. Lukasek diosku ezen «fariseu batzuk zirela gauza hauek entzuten ari zirenak, aberastasun
zale batzuk, eta Jesusi burla egiten ziotela». Ez zuten gogoko hari diruaz
hitz egiten entzutea. Legea ezagutu eta
leial betetzea bakarrik zuten gogoko. Jainkoak haien bizitza bedeinkatu
izanaren seinaletzat zituzten beren aberastasunak.
Tradizio
bibliko luzeak baietsia izan arren, aberastasunak bedeinkapen-seinaletzat hartu
nahi izate hori ez da ebanjelioaren araberakoa. Ozenki esan beharra da hori gau
egun, zeren bai baitira pertsona aberatsak berez bezala pentsatzen dutenak
beren ekonomi arrakasta eta beren oparotasuna direla Jainkoak beren bizitza
onesten duenaren seinale argiena.
Jesusen
jarraitzaileak ezin egin du edozer gauza diruaz: bada zuzengabea den dirua
irabazteko ere bat, gastatzeko era bat, gozatzeko era bat, zeren behartsuez
ahaztu egiten baita.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.