José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2014ko urtarrilaren 12a
Jaunaren Bataioa (A)
EBANJELIOA
Bataiatu eta berehala, Jainkoaren Espiritua ikusi
zuen Jesusek uso-tankeran jaisten eta beregana etortzen.
+ Mateo 3, 13-17
Jesus Galileatik Jordanera etorri zen,
Joanengana, honek bataia zezan. Joanek ez zion utzi nahi eta esan zion:
-Neu naiz zuk bataiatu beharrekoa, eta zu
zatoz niregana?
Baina Jesusek erantzun zion:
-Uztazu orain, honela bete behar baitugu
osoki Jainkoaren nahia.
Orduan, amore eman zuen Joanek.
Bataiatu eta berehala, Jesus uretatik irten
zen. Hortan, zerua zabaldu zen, eta Jainkoaren Espiritua ikusi zuen Jesusek
uso-tankeran jaisten eta beregana etortzen. Eta mintzo hau etorri zen zerutik:
«Hau da nire Semea, nire maitea; berau dut atsegin».
Jaunak esana.
HOMILIA
2014ko urtarrilaren 12a
BESTE ETAPA BAT
Jesusen
profeta-jarduera kontatu aurretik, haren bizitza errotik aldatuko duen haren
esperientzia batez mintzo zaizkigu ebanjelariak. Joanen bataioa hartu ondoren,
Jesusek sentitu du Jainkoaren Seme maitea dela, goitik behera Espirituaz betea.
Espiritu horrek arnasturik, Jesusek ibiliari eman dio guztiei hots egiteko,
bere bizieraz eta mezuaz, gizakiaren adiskide eta salbatzaile den Jainko baten
Berri Ona.
Ez da
harritzekoa, Aita Santuak guztiok gonbidatzea datozen urteetan «beste etapa
ebanjelizatzaile bat» bizitzera, eta guztioi gogoraztea Elizak behin ere baino
beharrezkoagoa duela «Espirituaz ebanjelizatuko duen jendea». Ondotxo daki
Jesusen Espirituak bakarrik ematen ahal digula indarra, Elizak behar duen
errotiko konbertsioa abian ipini ahal izateko. Zein bidetan barna?
Elizaren
berrikuntza hau Ebanjelioaren berritasunetik bakarrik etor daiteke. Hau nahi du
Aita Santuak: jendeak entzun dezala Galileako bideetan barna Jesusek hots
egiten zuen mezu hura bera, eta ez beste bat desberdina. «Sorburura itzuli
behar dugu eta Ebanjelioaren jatorriko freskotasuna berreskuratu». Horrela
bakarrik «hautsi ahal izango ditugu eskema aspergarriak, Jesu Kristori hesitzat
ezarri nahi izan dizkiogunak».
Errotiko
berrikuntza du buruan Aita Santuak; «gauzak dauden daudenean utzi ezin dituena;
jada ez du balio administrazio soil batek». Horregatik eskatzen digu «bertan
behera uztera “beti horrela egin izan da” delako irizpide pastoral erosoa»;
behin eta berriz errepikatzen du: «Guztiak gonbidatzen ditut ausart eta
kreatzaile izatera, birpentsatzera elkarteen beraien xedeak, egiturak,
ebanjelizatzeko estiloa eta metodoak».
Eliza-mota
honen bila dihardu Frantziskok: kezka bakarra, gaur egungo munduari Jesusen
Berri Ona komunikatzea izango duena. «Beldurra, erratzeari baino gehiago,
egitura hauei lotzeari izatea espero dut: atxikitze faltsu bat ematen
digutenei, epaile gupidagabe bihurtzen gaituztenei, patxadan gelditzeko modua
ematen diguten ohiturei, kanpoan jendetza-mundua goseak ikusi eta Jesusek esaten
digularik: Emaiozue zeuek jaten».
«Ateak
irekirik dituen Eliza bat» eraiki dezagun nahi du Aita Santuak; izan ere,
Ebanjelioaren alaitasuna gizon-emakume guztiei dagokie eta ezin baztertu dugu
inor ere. Zer poza entzutea Aita Santuaren ahotik Elizaren ikusmolde hau:
Jesusen Espiriturik jatorrena berreskuratzen dituena, mendetan barna errotutako
jarrerak hautsiz! «Sarritan portatzen gara graziaren kontrolatzaile bagina
bezala, eta ez bide emaile bezala. Alabaina, Eliza ez da aduana bat, baizik eta
Aitaren etxea da, non guztiek baitute nork bere lekua, bere bizitza lorrean
duela».
José Antonio Pagola
HOMILIA
2011ko urtarrilaren 9a
EZ OTE
GARA GEU ARI ESPIRITUA ITZALTZEN?
Ebanjelioko kontakizuna Jesus
Jordan ibaian murgildu izanaz mintzo bada ere, gauzarik garrantzizkoena ez da
Bataiatzailearen eskuz hartu duen ur-bataioa, baizik Aitak bidali dion
Espiritua hartu izana.
Bibliaren burubidearen arabera,
Espiritu honek biziaraziko du Jesus
Jainkoaren bizi-arnasaz, bere maitasunez eta indar kreatzaileaz betez, jendea
askatzera, eraldatzera eta bizia indartzera joan dadin. Horregatik, Jesusen
lehen jarraitzaileek honelako profetatzat oroitzen zuten: «Jainkoak Espiritu Santuaz gantzuturik… on eginez eman zuen bizitza».
Espiritu honek behar ditu arnastu Jesusen urratsei jarraitu nahi dietenak.
Gure egun hauetako krisi
erlijiosoa halako indarrez ari da zabaltzen, non axola-eza erasaten ari baita
jada fededunei berei. Zantzuak gero eta
kezkagarriagoak dira. Badira analizatzaileak bere burua kristau
aitortzen duen jende baten fedea ere gesaltzen ari duen «barne ateismoa»
salatzen dutenak.
Eliza ez da «esparru immunizatu»
bat. Bada izatez Jainkoa kontuan hartzen ez duten betetzailerik. Aise bizi
daiteke halako jendea hura gabe. Jainkoak ez du eraginik halakoen bizitzan, ez
du Jainkoa bizi-arnasa. Jainkoarekin komunikaziorik ez duen erlijioa ari dira
bizitzen. Praktikan, Jainkoa ez da ezer haientzat. Ohartu gabe, «Jainkoaren
absentziaren kulturan» ari dira kokatzen.
Geldo jarraitu behar ote dugu
egiazko fedearen galtze progresibo honen aurrean, geure etxeetan eta elkarteetan
beretan ere? Ez ote gara gero eta ez-axolago bihurtzen dena kutsatzen ari den
erlijioso-axolarik ezaren aurrean? Ez ote da iritsia erreakzionatzeko ordua?
Agian, hau da lehenengo gauza:
jabetzea geu garela, agian, Elizaren baitan Espiritua itzaltzen ari garenak,
geure itsutasuna eta geldotasuna direla medio. Iraupen-senak eraginda, iragana
gordetzeari emanik bizitzeko arriskua dugu; agian, bihotz-berritzeari etengabe
emanik bizitzea baino erosoagoa delako, Espirituaren sormenari irekiak bizitzea
baino erosoagoa delako.
Segur aski, gehiago arduratu
beharra dugu Jainkoarekin harremanak izateko moduaz, azaleko forma hutsalak,
kanpotik bakarrik bizi ohi diren horiek alde batera utziz; Jainkoaren Misterio
santuari ihes egiteko era izan baitaitezke horiek, haren aurrean espirituz eta
egiaz jartzeko baino gehiago.
Ematen du inoiz baino
premiazkoagoa dela sustatzea Kontzilio Vatikano II.ak «gogo biziz» eskatzen
duen hau, hots, «esku-hartze betea,
kontzientea, eginkorra ospakizun liturgikoetan»; zeren uste baitu «hori
dela lehen iturria eta beharrezkoa, non xurgatuko baitu».
José Antonio Pagola
Ikusi ere:
José
Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.