lunes, 27 de enero de 2014

2014/02/02 - Jaungoikoaren Aurkespena (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko otsailaren 2a

Jaungoikoaren Aurkespena (A)


EBANJELIOA

Ikusi dute nire begiok
zure Salbatzailea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Lukas liburutik 2, 22-40

Moisesen legean agindutako garbikuntza egiteko unea iritsi zitzaienean, gurasoek Jesus Jerusalemera eraman zuten Jaunari aurkezteko. Izan ere, honela agintzen du Jaunaren legeak: Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko zaizkio. Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskaini zuten: bi usapal edo bi usakume.
Bazen Jerusalemen Simeon izeneko bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoena. Espiritu Santua berekin zuen eta aditzera emana zion ez zela hilko Jaunak bidalitako Mesias ikusi gabe. Espirituak eraginik, tenplura joan zen eta, Jesusen gurasoak legeak agintzen zuena betetzeko asmoz tenpluan sartzerakoan, haurra besoetan hartu eta Jainkoa goretsi zuen, esanez:

«Orain bai, Jauna,
zeuk hitzeman bezala,
utz diezaiokezu zeure morroi honi
bakean hiltzen!
Ikusi dute nire begiok
zure Salbatzailea,
herri guztien aurrean zuk aurkeztua:
nazioak argitzeko argi
eta zure herri Israelen ospe».

[Aita-amak harriturik zeuden Simeonek haurraz esaten zuenarengatik. Simeonek bedeinkatu egin zituen eta haurraren ama Mariari esan zion: «Begira, ume hau israeldar batzuentzat erorbide eta besteentzat altxabide izateko ezarria dago; eztabaida sortuko duen seinalea izango da, horrela guztien asmo ezkutuak agerian geldi daitezen. Eta zuri ere saminezko ezpatak zulatuko dizu bihotza».
Bazen profetesa bat ere, Ana, Fanuelen alaba, Aserren leinukoa. Urteetan oso aurreratua zen: gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi ondoren, alargun gelditu zen, eta bazituen laurogeita lau urte. Ez zen tenplutik ateratzen, eta gau eta egun Jainkoa zerbitzatzen zuen bertan, barau eta otoitz. Une hartan aurkezturik, Jainkoari eskerrak ematen hasi zen, eta haurrari buruz hitz egiten Jerusalemen askapena espero zuten guztiei.
Jaunaren legeak agintzen zuen guztia bete ondoren, Jesusen gurasoak Galileara itzuli ziren, Nazaret beren herrira. Haurra haziz eta sendotuz zihoan; jakinduriaz betea zegoen eta Jainkoaren onginahia berekin zuen.]

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko otsailaren 2a

FEDE XUMEA

Jesusen jaiotzaren kontakizuna txundigarria da. Lukasen arabera, harrera egiteko lekurik ez duen herri batean jaio da Jesus. Artzainek Betleem osoan ibili behar izan dute haren bila, harik eta bazter batean aurkitu duten arte, ganadu-aska batean etzana, gurasoak beste lekukorik gabe.
Itxuraz, Lukasek bigarren kontakizun bat eraiki beharra sentitu du, haurra anonimatutik atera eta jendaurrean aurkezteko. Eta zein leku egokiagorik Jerusalemgo Tenplua baino, Jesus handikiro onartu izateko, Jainkoak bere herriari bidaliko Mesias bezala?
Alabaina, berriro ere txundigarria izango da Lukasen kontakizuna. Gurasoak haurrarekin Tenplura hurbildu direnean, ez zaizkie bidera irten ez apaiz nagusiak, ez gainerako gidari erlijiosoak. Urte batzuen buruan, horiek salduko dute gurutzean josi dezaten. Jesusek ez du izan onarpenik bere buruaz seguru eta pobreen sufrimenduaz ahazturik den erlijio horretan.
Ez dira etorri harrera egitera lege-maisuak ere, beren «giza tradizioak» Tenpluaren aterpean predikatzen zituzten haiek. Urte batzuk geroago, uko egin diote Jesusi, larunbataren legea hausten duelako. Jesusek ez du ezagutu onarpenik bizitza era duinago eta sanoagoan bizitzeko laguntza ez diren irakaspen eta tradizio erlijiosoetan.
Jesus onartu eta Jainkoaren Bidalitzat aitortu dutenak, adin handiko bi lagun izan dira; fede xumea dute eta bihotza irekia; beren bizitza luzean Jainkoaren salbamenaren zein bizi izan dira. Ematen du, pertsonaia sinboliko ote diren iradokitzen dutela beraien izenek. Gizonezkoak Simeon du izena (hau da: «Jaunak entzun du»); emakumeak Ana du izena (hau da: «Erregalua»). Aldi guztietan eta herri guztietan, bere konfiantza Jainkoagan ezarririk bizi izan den fede xumeko hainbat eta hainbat jenderen ordezkari dira biak.
Biak dira Israel herriko ingurune sanokoak. «Yahveren Pobreen Taldekotzat» hartuak dira biak. Ezer ez duten jendea dira, soil-soilik Jainkoaganako beren fedea dute. Ez dute buruan, ez beren aberastasunik, ez beren ongizaterik. Hauxe espero dute soilik: beren herriak behar duen «kontsolamendua», belaunez belaun bila ari diren «askapena», lurreko herriek bizi duten ilunpea argituko duen «argia». Eta hona: beren esperantzak Jesusengan bete direla sentitu dute orain.
Behin betiko salbazioa Jainkoagandik espero duen fede xume hau gehiengoaren fedea da. Fede bat gutxi landua, kasik beti otoitz trakets eta zabartuan gauzatzen dena, adierazpen ez oso ortodoxotan formulatzen dena, batez ere larrialdi zailetan esnatzen dena. Fede bat, zeina ulertzeko eta onartzeko Jainkoak inolako arazorik ez duena.

José Antonio Pagola



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.