Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 28. Igandea (A)
EBANJELIOA
Zoazte, bada,
bidegurutzeetara eta deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak.
+ Jesu
Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 22, 1-14
Jesus berriro parabola bidez hitz egiten hasi
zitzaien: «Jainkoaren erregetzarekin, bere semearen ezteiak ospatzen zituen
erregearekin bezala gertatzen da.
Bidali zituen morroiak gonbidatuei dei
egitera. Baina haiek ez zuten etorri nahi izan. Berriro beste morroi batzuk
bidali zituen, mandatu honekin: “Esaiezue gonbidatuei: Hara, gertu daukat
bazkaria; hilak ditut zezenak eta zekor gizenduak, dena dago prest. Zatozte
ezteietara”. Baina gonbidatuek ez zuten jaramonik egin: bata bere sorora joan
zen, bestea bere negozioetara, eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete
eta hil egin zituzten. Sumindu egin zen erregea eta, soldaduak bidaliz, hil
egin zituen giza hiltzaile haiek eta su eman herriari. Gero, bere morroiei esan
zien: “Ezteiak prest daude, baina gonbidatuak ez ziren gai. Zoazte, bada,
bidegurutzeetara eta deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak”. Atera ziren
morroiak bideetara eta aurkituriko guztiak bildu zituzten, on nahiz gaizto.
Eztei-gela bazkaltiarrez bete zen.
Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu
zenean, eztei-jantzirik gabe zegoen bat ikusi zuen, eta esan zion: “Adiskidea,
nola sartu zara hemen eztei-jantzirik gabe?” Hark hitzik ez. Erregeak
mahai-zerbitzariei esan zien, orduan: “Lot ezazue hanka eta esku, eta bota
kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango da han”.
Zeren gehiago baitira deituak aukeratuak
baino».
Jaunak esana.
HOMILIA - EU
2017ko urriaren 15a
GONBITA
(2013-2014ko
A zikloaren homilía ikusi)
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2014ko urriaren 12a
GONBITA
Jesusek
oso ondo zekien, Galileako landa-jendeak asko gozatzen zuela herrixketan
ospatzen ziren ezteietan. Dudarik gabe, bera ere partaide izan zen haietako
batean baino gehiagotan. Zer esperientzia hobeagorik jende harentzat ezteietara
gonbidatua izatea baino?, eta auzokoekin mahai berean esertzea baino ezteietan
elkarrekin parte hartzeko?
Txikitan
bizi izandakoaren oroitzapen honek ondo asko lagundu zion kasuren batean,
Jainkoarekin izandako bere esperientzia era berri eta harrigarri batean
komunikatzeko. Jesusen arabera, Jainkoa azken otordu bat prestatzen ari da bere
seme-alaba guztientzat; izan ere, guztiak ikusi nahi ditu mahai berean eserita
beraren ondoan, betikotasun osoan guztiek bete-beteko bizi zoriontsuaz
gozatzeko.
Esan
genezake, bere bizitza osoa honela hartu zuela Jesusek: Jainkoaren izenean
ospatutako azken jai hartarako gonbit handi bezala. Horregatik, Jesusek ez du
ezer ezarri indarrez, ez du inor ere behartu. Jainkoaren Berri Ona hots egin
du, Aitaganako konfiantza iratzarri edo esnatu du, esperantza eragin du guztien
bihotzean. Guztiei helarazi behar zaie gonbita.
Baina
zertan da Jainkoaren gonbit hau? Nork hots egiten du? Nork entzuten? Non eta
noiz hitz egiten da, gure Elizan, azken jai honetaz? Geure ongizateaz aserik,
momentu-momentuko probetxuko ez diren gauza guztiekiko sorgor, ematen du ez
dugula jadanik Jainkoaren beharrik. Ez ote gara ohituko pixkana-pixkana, azken
esperantza hori janaritu beharrik gabe bizitzen?
Gizon
errealista zen Jesus. Bazekien, Jainkoaren gonbitari jendeak uko egin
diezaiokeela. «Ezteietara gonbidatutakoen» parabolan, gonbidatuen erreakzio
desberdinak aipatzen dira. Batzuek jakinaren gainean eta zorrotz egiten diote
uko gonbitari: «ez zuten joan nahi izan». Beste batzuek guztiz axolagabe
erantzun dute: «ez zioten kasurik egin». Ardura handiagoa dute beren lur eta
negozioez.
Halere,
parabolaren arabera, Jainkoak ez du etsi. Gauza guztien gainetik, ospatuko da
azken jai bat. Jai-otorduaren jangela gonbidatuz betetzea da Jainkoaren gogoa.
Horregatik, «bidegurutzeetara» joan behar da; haietan jende asko ibili ohi da
erdi galdurik, esperantzarik gabe, etorkizun-zentzurik gabe. Elizak, fedez eta
pozik jarraitu behar du Jainkoaren gonbita hots egiten, Jesusen Ebanjelioan
aldarrikatua.
Frantzisko
aita santua kezkaturik dabil prediku-mota honetaz: «errepikatzearen
errepikatzeaz eta indarrez ezarri nahi den eta loturarik gabeko irakaspen-sail
bat transmititu nahi duenaz ». Arriskurik handiena, Frantziskorentzat, honetan
datza: «hots egiten dena ez dela izango Ebanjelioa bera, baizik irakaspen edo
moral baten punta markatu batzuk, aukera ideologiko jakin batzuetatik hartuak.
Horrela, mezuak bere freskotasuna galtzeko arriskua izango du eta
Ebanjelio-usaina galduko».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2011ko urriaren 9a
GONBITA
Bere
parabolak direla medio, Jesus agertuz doa bere ikasleei nola esperimentatzen
duen Jainkoa, nola interpretatzen duen bizitza beronen sustrairik sakonenetatik
eta nola erantzuten dien gizakiaren enigmarik ezkutuenei.
Haren
parabolekin harreman biziak izaten haste dena aldatzen hasten da. Zerbait
«gertatzen da» gu baitan. Jainkoa ez da guk imajinatzen dugun bezalakoa.
Eguneroko bizitza ohikoa baino handiago eta misteriotsuagoa da. Daitekeena da
bizitzeko beste horizonte bat ukaitea. Entzun dezagun «Jaiotordurako Gonbita» izeneko parabolaren abiapuntua.
Testuaren
arabera, seme-alaba guztientzat azkenerako jai bat prestatzen ari da Jainkoa,
zeren guztiak nahi baititu ikusi bere ondoan eseririk, mahai baten inguruan,
bizi beteaz betiko gozatzen. Jesusek gehienik maite dituenetakoa da irudi hau
giza historiaren azkena iradokitzeko.
Jenderi
askori fedeaz aho gozatzea eta bizitzaz
gozatzea eragozten dioten Jainko kontrolatzaile eta zorrotzaren hainbat eta
hainbat irudi zekenen kontra, Jainkoaren beste esperientzia bat agertu du
Jesusek munduan: berarekin anai-arreba arteko jaia partekatzera gonbidatzen
gaituen esperientzia, zeinetan joko baitu gailurra gure ahaleginen, antsien eta
ametsen punturik onenak.
Jainkoaren
gonbit handi hau zabaltzen eman du Jesusek bere bizitza osoa: «Jaiotordua
prest dago. Zatozte». Mezu honek borobiltzen du Jainkoa hots egiteko
Jesusek bizi izan duen biziera. Jesusek ez du predikatzen dotrina bat,
Jainkoaren desira esnatzen du. Ez du inor ezertara behartzen, ez hertsatzen.
Gonbidatu eta deitu: horra haren jokabidea. Beldurra kendu eta Jainkoaganako
konfiantza piztu. Jainkoaren izenean, bekatariak eta jende mespretxatua
onartzen ditu mahaian. Guztiengana iritsi behar du haren gonbit honek.
Jainkoaren
Misterioa Berri On dela aurkitu beharra dute gaur egungo gizon-emakumeek.
Kristauek ikasi beharra dugu Jainkoaren Misterioaz Jesusengan arnastuagoa den
hizkeraz hitz egiten; hain zuzen, oker-ulertzeak desegiteko, aurreiritziak
argitzeko eta beldurra ezabatzeko; hain juxtu, horrelako asko sartu izan baitu
gure artean hizkera erlijioso tamalgarri batek, azken jairako dena prestaturik
zain dugun Jainko horrengandik jende askori urruntzera eraginez.
Aldi
honetan, erlijioaren izen txarra jende askori Jainkoaren gonbita entzutea
galarazten ari den honetan, haren
Maitasunaren Misterioaz apaltasunez eta jende guztia errespetatuz hitz egin
behar dugu, inor behartu gabe, bizitza ito gabe, gizakiaren bihotzean bizirik
jarraitzen duen egiaren eta argiaren desira esnaraziz.
Egia
da dei erlijiosoari uko egiten diola gaur egun jende askok; alabaina,
Jainkoaren gonbita ez da itzali. Bere bihotz barnean ongiaren, maitasunaren eta
zuzentasunaren deia entzuten duten guztiek entzun dezakete hura.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2008ko urriaren 12a
BIDEGURUTZEETAN
Jesusek
oso ondo ezagutzen zuen bere garaiko laborarien bizitza gogor eta aspergarria.
Bazekien nola egon ohi ziren larunbata iritsi zain, lanetik «libre» izateko.
Jaietan eta ezteietan nola gozatzen zuten ikusten zuen. Zer esperientzia
gozoagorik jende harentzat jai-otordu batera gonbidatua izatea baino? Edo, jai
egiteko, auzokoekin mahai inguruan eseri ahal izatea baino?
Jainkoarekiko
bere esperientziak eraginda, modu harrigarrian hasi zitzaien Jesus hitz egiten.
Bizitza ez datza soilik lan eta ardura hauek bizitzean, neke eta atsekabe hauek
bizitzean. Jainkoa azken jai bat prestatzen ari da bere seme-alaba guztientzat.
Guztiak ikusi nahi ditu bere inguruan eseririk, mahai baten inguruan, bizitza
guztiz zorionekoaz betiko gozatuz.
Jesusek,
ordea, ez zuen aski Jainkoaz horrela hitz egitearekin. Berak nahi zituen
gonbidatu guztiak bere mahaira; are gehiago, bekatariekin eta zokoratuekin ere
eseri ohi zen otordurako. Berak nahi zuen izan guztientzat azken jai hartarako
Jainkoaren gonbit handi. Gonbita pozik hartzen ikusi nahi zituen eta guztien
artean giro adiskidetsuagoa eta ahaidezkoagoa sortzen, azken jai hartarako
egoki presta zitezen.
Zertan
da, ordea, gonbit hori? Nork hots egiten du? Nork entzuten? Non entzun daiteke
jai horren berri? Geure ongizatearekin konforme, berehalako gure onura ez den
guztiari belarriak itxirik, ez dugu nabari Jainkoaren inolako beharrik. Ez ote
gara ohitzen ari azken esperantza baten premiarik gabe bizitzen?
Mateoren
parabolan, lur-jabeek eta merkatariek gonbitari uko egin diotenean, erregeak
diotse morroiei: «Zoazte bidegurutzeetara, eta gonbidatu ezteietara
aurkituko dituzuen guztiak». Inoiz entzun ez den bezalakoa da agindu hori,
baina Jesusen sentiera iradokitzen du. Hainbat ukapen, gutxiespen eta guzti,
ospatuko da jaia. Jainkoa ez da aldatu. Gonbidatzen jarraitu behar da.
Baina
orain gauzarik hoberena «bidegurutzeetara joatea» da, haietan ibiliko
baita hainbat eta hainbat jende bide-galdu, lurrik eta negoziorik gabea, inoiz
inork ezertara gonbidatu ez duena. Beste inork baino hobeto uler dezakete haiek
gonbita. Haiek gogoraraz diezagukete Jainkoaz dugun azken premia. Haiek ager
diezagukete esperantza.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.