lunes, 16 de octubre de 2017

2017-10-22 - Urteko 29. Igandea (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 29. Igandea (A)


EBANJELIOA

Eman, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 22, 15-21

Aldi haietan, fariseuek elkar hartu zuten, Jesusi galdera bat eginez tranpa jartzeko.

Beraz, ikasle batzuk bidali zizkioten, Herodesen alderdikoekin, galdetzera:

–Maisu, badakigu egiazale zarena eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzuna; inoren zeresanak ez dizu axolarik, ez baitiozu begiratzen gizakiaren itxurari. Emaguzu, bada, zeure iritzia: zilegi al da Zesarri zerga ordaintzea, bai ala ez?

Haien maltzurkeria igarriz, Jesusek esan zien:

–Zergatik zatozkidate zirika, itxurazaleok?

Ea, erakutsi zerga-txanpona.

Haiek denario bat aurkeztu zioten. Jesusek galdetu zien:

–Norenak dira irudi eta izen hauek?

Erantzun zioten:

–Zesarrenak.

Jesusek, orduan:

–Eman, bada, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.

Jaunak esana.

HOMILIA

2017ko urriaren 22a

JAINKOARENAK DIRA POBREAK

(2013-2014ko A zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2014ko urriaren 19a

JAINKOARENAK DIRA POBREAK

Jesusek jakin gabe, akordio batera iritsi dira fariseuak, hari behin betiko tranpa jartzeko. Ez datoz berak Jesusekin egotera. Beren ikasle batzuk bidali dizkiote, Herodes Antipasen aldeko batzuekin. Agian, ez dira falta izan azken hauen artean, Erromako zerga-biltzaile boteretsuren batzuk.

Ondo pentsatua dute tranpa: «Zilegi al da ala ez Zesarri zergak ordaintzea?» Ezetz erantzuten badu, Erromaren kontrako matxinotzat sala dezakete. Zerga-ordainketa hori zuzentzat ematen badu, berriz, izen ona galduko du zergapean lur jota den landa-jende pobretuaren aurrean, berak maite dituen eta ahalegin guztiz defenditzen ari den jende haren guztien aurrean.

Jesusen erantzuna hotz eta motz laburtu izan da mendeetan barna, hitz hauekin: «Zesarri Zesarrena, Jainkoari Jainkoarena». Jesusen hitz gutxi aipatu izan bide da gaurko hauek adina. Eta bat bakarrik ez hain desitxuratua eta manipulatua gertatu, gure Profeta honen, pobreen gure Defendatzaile honen kontrako probetxuen aldetik.

Jesusek ez ditu hartu Jainkoa eta Erromako Zesar bi botere bezala, bakoitzak bere aldetik, bakoitzak bere eremutik, nork beren menpekoei bere eskubideak eskatzen ahal liekeen bi botere bezala. Judu leial orok bezala, ondotxo daki Jesusek Jainkoarena dela «lur guztia eta lurreko gauza guztiak, mundua eta bertako jende guztia» (Sal 24). Hain zuzen, zer izan daiteke Zesarrenik Jainkoarena ez denik? Enperadorearen menpekoak, ez ote dira Jainkoren seme-alaba?

Jesus ez da arduratu gehiegi gizarte hura banatzen duten jarrera desberdinez: Herodesen aldekoek eta saduzearrek zergak Erromari emateaz eta haren esanahiaz dutenaz; beren poltsan «zergaren moneta» badaramate, bete ditzatela beren eginbeharrak. Baina Jesus bera ez da bizi Erromako inperioaren zerbitzura, baizik eta Jainkoaren erreinuari eta haren zuzentasunari  bidea urratzearen zerbitzura.

Horregatik, inork galdetu ez dion gauza bat gogorarazi die: «Eman Jainkoari Jainkoarena». Esan nahi baita: ez eman inongo Zesarri Jainkoarena bakarrik dena: beraren seme-alaben bizia. Bere jarraitzaileei behin eta berriz errepikatu dien bezala, Jainkoarenak dira pobreak, txikiak ditu bere lagun min, berea du Jainkoaren erreinua. Inork ezin abusa dezake haietaz.

Ez zaio eskaini eta menperatu behar inongo botereri pertsona baten bizia, duintasuna edo zoriona. Eta dudarik gabe. ez du inongo boterek sakrifikatzen edo menperatzen giza bizitza gehiago, ez eragiten sufrimendu, gose eta suntsipen gehiago, «aurpegirik gabeko eta inolako egiazko giza xederik gabeko ekonomia baten diktadurak baino», Frantzisko aita  santuaren hitzetan, Lurreko boteretsuek ezarri duten diktadura horrek baino. Ezin gelditu gara besoak tolesturik  eta axolagabe, geure bihotzaren ahotsa erlijio-praktikarekin isilaraziz.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2011ko urriaren 16a

BIKTIMAK

Fariseuen sail batzuek, Antipasen aldekoekin bat eginik, Jesusi egin dioten galdera tranpa bat da, azpikeriaz prestatua, Jesus hiltzeko giro egokia prestatzen joateko: «Zilegi al da Zesarri zerga ordaintzea?»

Zilegi dela esaten badu, herriaren aurrean itsusi geldituko da Jesus eta galdu egingo du haren sostengua: horrela, errazago jokatu ahal izango dute haren kontra. Ez dela zilegi esaten badu, berriz, matxino iraultzailetzat salatu ahal izango dute erromatarren aurrean, hurbil diren Pazko jaietan Jerusalemera igo direnean Zesarren kontrako edozein matxinada-keinada itotzeko.

Beste ezer baino lehen, «zerga-moneta» erakusteko eskatu die Jesusek, eta esateko zeinenak diren irudia eta ikurra. Arerioek aitortu dute irudia Zesarrena dela, idazkunak dioen bezala: Tiberio Zesar, jainkozko Augustoren Seme Augusto, Pontifize Gorena. Bere keinuaz, espero ez zuten testuinguruan ezarri du Jesusek galdera.

Orduan lehen konklusioa atera du. Monetaren irudia Zesarrena bada, «eman Zesarri Zesarrena». Itzuli hari berea: moneta idolatriko hori, botere erlijiosoaren sinboloz irarri dena. Zeuen negozioetan erabiltzen baduzue, aitortzen ari zarete haren soberanotasuna. Bete zeuen eginbeharrak.

Baina Jesus ez da Erromako enperadorearen zerbitzari, baizik eta «Jainkoaren erregetzaren eta haren zuzentasunaren bila dabil»; horregatik, oharpen larria egin die segidan, inork galdetu ez dion zerbaitez: «Eman Jainkoari Jainkoarena». Monetak Tiberioren «irudia» du, baina gizakia Jainkoaren «irudi» da: harena da erabat. Ez eskaini, beraz, inoiz ere pertsona bat inongo botereri. Defenda ezazue.

Mendebaldean bizi dugun krisi ekonomikoak ez du irtenbide errazik duenik. Finantza-krisia baino gehiago gizatasun-krisia da. Beti handia izango litzatekeen ongizate materialak itsuturik, ekonomia-mailan berean ere eutsi ezina da biziera bizitzera heldu gara.

Ez da aski izanen irtenbide teknikoak proposatzea. Geure biziera itzulikatu behar dugu, kontzientzia aldarazi behar da: lehiaketaren logikatik elkar lanera jo behar da: merkatuen animalia-goseari mugak ezarri beharra; aski esatearen etika berria ikasi beharra dugu.

Luze joko du krisiak. Urte zailak ditugu zain. Jesusen jarraitzaileek Ebanjelioan aurkitu behar dugu inspirazioa eta arnasa egoera hura era solidarioan bizi ahal izateko. Jesusi entzuna diogu gonbita zaurigarrienak diren biktimen ondoan egoteko: merkaturik boteretsuenen estrategien mende utziak direnen ondoan, alegia.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.