lunes, 5 de julio de 2010
2010/07/11 - Urteko 15. Igandea (C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko uztailaren 11a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 15. Igandea (C)
EBANJELIOA
Lukas 10,25-37
Orduan, lege-maisu batek jaiki eta azpikeriaz galdetu zion:
–Maisu, zer egin behar dut ondaretzat betiko bizia jasotzeko?
Jesusek esan zion:
–Zer dago idatzia Moisesen legean? Zer irakurtzen duzu?
Hark erantzun:
–Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz. Eta lagun hurkoa zeure burua bezala.
Jesusek erantzun zion:
–Ederki erantzun duzu. Bete hori eta bizia izango duzu.
Baina lege-maisuak, bere galdera bidezkoa zela adierazi nahirik, galdetu zion Jesusi:
–Eta nor da nire lagun hurkoa?
Jesusek erantzun zion:
–Behin batean, gizon bat zihoan Jerusalemdik behera Jerikorantz eta lapurren eskuetan erori zen; zeuzkanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin zuten, erdi hilik utziz. 31 Apaiz bat gertatu zen, hain zuzen, bide hartan behera, eta, gizona ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen. 32 Gauza bera egin zuen handik igaro zen tenpluko lebitar batek ere: ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen. 33 Baina bidaian zen samariar bat bertara iritsi eta, hura ikustean, errukitu egin zitzaion.
Hurbildu eta zauriak lotu zizkion, olioz eta ardoz igurtzi ondoren; gero, bere asto gainean ezarri, ostatura eraman eta bere ardurapean hartu zuen. 35 Biharamunean, zilarrezko bi txanpon atera eta ostalariari eman zizkion, esanez: «Zain ezazu eta, gehiago gastatzen baduzu, hurrena natorrenean ordainduko dizut». 36 Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu zuen lagun hurko bezala lapurren esku eroritako gizonarekin?
HOMILIA
2010eko uztailaren 11
EGIZU ZUK ERE BESTE HORRENBESTE
Jesusekin izandako solasaldi batean lotsagarri ez gelditzeko, lege-maisu batek galdetzen dio: «Eta zein da nire lagun hurkoa?» Legea betetze hutsaz arduratzen den baten galdera da. Zein maitatu behar duen zaio axola eta zein baztertu. Bost axola zaio jendearen sufrimendua.
Jesus, berriz, bidean aurkitzen duen jendearen sufrimendua nola arinduko dabil, larunbatari buruzko legea eta garbitasun-arauak hautsi behar baditu ere. Eta premian denarekiko maitasunaz ahazten den legekeria erlijioso oro era probokatzailean salatzen duen kontakizun batez erantzuten dio.
Jerusalemdik behera Jerikora doan bidean, gizon bat lapurrek azpian hartu zuten. Erasorik eta zeraman guztiaz gabeturik, bide-bazterrean gelditu zen erdi hilik, bere zorian bakarrik. Ez dakigu zein den. Soilik, «gizon» bat dela. Gutako nornahi izan zitekean. Bortxakeriak, gaixotasunak, zoritxarrak edo etsipenak jotako edozein gizaki.
«Halabeharrez» apaiz bat agertu da bide berean. “Halabeharrez” izan dela dio testuak, kultuari emana den gizon batek auzi hartan zerikusirik ez balu bezala. Kultu-gizonari ez dagokio, nonbait, bide-bazterrean zauritua den pertsona baten ondora hurbiltzea. Tenplua du halakoak bere tokia, nonbait. Zaurituaren parera iristean, «hura ikusi, itzulinguru bat egin eta aurrera doa».
Haren erruki falta ez da soilik jarrera pertsonala, zeren zaurituaren ondotik igaro den tenpluko levitar batek ere «gauza bera egiten baitu». Jarrera pertsonala baino gehiago, sakratuaren munduari emanak direnek duten arriskua da: jendeak borroka egiten duen, sufritzen duen, lan egiten duen egiazko mundutik urrun bizitzeko arriskua.
Erlijioak erdigune Jainkoa, biziaren Adiskide hori, sufritzen dutenen Aita den hori ez duenean, erlijio hartako kultu sakratua bizitza profanotik apartarazten duen esperientzia bihur daiteke, jendearen sufrimenduarekin zuzeneko harremanak izatetik apartarazten duen esperientzia, bide-bazterrean ikusten dugun zaurituari kasurik egin gabe aurrera joarazten digun esperientzia. Jesusen arabera, ez dira kultu-gizonak hobekien adierazten ahal digutenak nolako tratatua eman sufritzen ari direnei, baizik bihotz ona duten pertsonak.
Bide berean hor dator samariar bat ere. Ez dator tenplutik. Ez da Israel herri hautatuko kidea ere. Hain sakratutasun-kutsu koxkorra duen bere merkatari-negozio txikiari emana da. Halere, zauritua ikusi duelarik, ez da hasi lagun hurkoa den ala ez galdezka. Errukitu eta ahal duen laguntasun guztia eskaini dio. Hau da imitatu beharrekoa. Hala dio Jesusek lege-gizonari: «Zoaz eta egizu zuk ere beste horrenbeste». Zein imitatuko dugu geure bidean gure egun hauetako ekonomi krisiak jotako biktimekin topo eginen dugunean?
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.