martes, 27 de julio de 2010

2010/08/01 - Urteko 18. Igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko abustuaren 1a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 18. Igandea (C)

EBANJELIOA

Lukas 12,13-21

Behin batean, jendarteko batek esan zion Jesusi:
–Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nirekin erdibanatzeko.
Jesusek erantzun zion:
–Gizon, nork egin nau ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile?
Orduan, guztiei esan zien:
–Kontuz! Gorde diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere.
Gero, parabola hau kontatu zien: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion. Eta honela hasi zen berekiko pentsatzen: “Zer egin, ez baitut uzta non jasorik?” Eta beretzat esan zuen: “Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak egingo ditut eta hauetan jasoko neure garia eta gainerakoak. Gero, esango diot neure buruari: Ea, mutil, baduk hor gordeta urteetarako ondasunik aski; hartu atseden, jan, edan eta bizi hadi lasai”.
Baina Jainkoak esan zion: “Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duzu. Norentzat izango da pilatu duzuna?”»
Eta honela amaitu zuen: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, beretzat ondasunak pilatzen dituenari».

HOMILIA

2010eko abustuaren 1a

ZORAKERIA MOZORROTIKA ATERA

«Aberats zoroaren» parabola labur honen protagonista Jesusek Galilean ezagutu zituen lurjabe handi haien antzekoa da. Jende boteretsua, nekazariak errukirik gabe esplotatzen zituena, bere ongizatea handitu beste asmorik ez zuena. Jendeak beldurra zion eta inbidia: dudarik gabe, zoriontsuenak ziren. Jesusentzat, berriz, zoroenak.
Bere usteak gainditu dituen uztaren handitasunaz harriturik, gogoeta egin beharrean gertatu da gure lurjabe aberats hori: Zer egin nezake? Bere baitan mintzo da. Haren ingurumarian ez da ageri beste inor. Ematen du ez duela emazterik, ez seme-alabarik, ez adiskide edo auzokorik. Ez dio axola bere lurretan lan egiten duten nekazariez. Bere ongizatea du ardura guztia eta beste aberastasunak: ene uzta, ene aletegiak, ene ondasunak, ene bizitza…
Aberatsa ez da konturatzen hesiturik bizi dela bere baitan, pertsona izaten uzten ez dion logikaren morroi bizi da. Pilatzeko soilik bizi da, metatzeko, bere ondasun materialak handitzeko: «Biltegi handiagoak egingo ditut eta hara jasoko nire ale guztia, nire uzta guztia. Eta orduan esango diot neure buruari: Hadi ezak, baduk pilaturik ondasunik asko urtetako; etzan hadi, emaiok jateari eta ondo bizitzeari».
Baina bat-batean, uste ez duela, Jainkoa tartekatzen du Jesusek. Jainkoaren hitzak eten ditu aberatsaren ametsak eta ilusioak: «Zoroa halakoa, gaur gauean heure bizitza eskatuko diate. Metatu duana, zeinentzat izango duk?» Horixe da Jainkoaren epaia: porrota eta zorakeria da aberats honen bizitza.
Aletegiak handitu ditu, baina ez da gauza izan bere bizitzaren ingurumaria zabaltzeko. Bere aberastasunak ugaldu ditu, baina bere bizia txikiago eta pobreago eginez. Ondasunak metatu ditu, baina ez daki zer den adiskidetasuna, maitasun eskuzabala, alaitasuna, solidaritatea. Ez daki ematen eta partekatzen, soilik biltzea dio axola. Zer da horren bizitzan gizatasunetik?
Jasaten ari garen ekonomi krisia «askoguraren krisia» da: lurralde aberatsek, banketxe handiek, lurreko boteretsuek… geure ahalbideen gainetik bizi nahi izan dugu, ongizatea mugarik gabe nola metatu amestuz, pobretasunean eta gosetean gero eta gehiago murgiltzen ari direnez ahaztuz. Baina, bat-batean, lur jo du gure segurtasunak.
Krisialdi hau ez da beste bat gehiago. «Aldien ezaugarria da», ebanjelioaren argian irakurri beharko genuke. Ez da zail Jainkoaren ahotsa entzutea geure kontzientzian: «Aski da halako zorakeria eta halako solidaritate-ez horretatik». Ez ditugu sekula gaindituko geure ekonomi krisialdiak baldin eta geure biziera sakon kanbiatzen saiatzen ez bagara: era soilagoan bizi beharra dugu, geure ongizatea partekatu beharra dugu.

José Antonio Pagola


Locations of visitors to this page

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.