martes, 20 de julio de 2010

2010/07/25 - Urteko 17. Igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko uztailaren 25a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 17. Igandea (C)

EBANJELIOA

Lukas 11,1-13

Behin batean, Jesus otoitzean ari zen toki batean; amaitu zuenean, bere ikasleetako batek esan zion: “Jauna, irakats iezaguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi zien bezala”.
Jesusek esan zien: “Otoitz egitean, esazue: “Aita, agertu santu zeure izena, etorrarazi zeure erregetza; emaguzu egunean eguneko ogia, eta barkatu gure bekatuak, guk ere zor diguten guztiei barkatzen baitiegu, eta ez utzi gu tentaldian erortzen”.
Gero, esan zien: “Eman dezagun zuetako batek adiskide bat duela eta gauerdian datorkiola, esanez: “Adiskidea, emazkidak hiru ogi, bihurtuko ditiat eta; lagun bat etorri zaidak bidaian eta ez zeukaat ezer eskaintzeko”. Eman dezagun besteak barrutik erantzuten diola: “Utz nazak bakean, atea itxia zegok eta haurrak eta neu oheratuak; ezin naitekek ematera jaiki”. Hona nik esan: Adiskidea duelako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jaiki eta eman egingo dio behar duena.
“Hauxe esaten dizuet, beraz: Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue. Zeren eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitu, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio.
“Ba ote da zuen artean aitarik, semeak arraina eskatu eta arrainaren ordez sugea emango dionik? Edo arrautza eskatu eta eskorpioia emango dionik? Beraz, zuek, gaiztoak izanik, seme alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez areago ez die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei?

HOMILIA

Año 2010

KONFIANTZA BERRIKASI

Lukasek eta Mateok, nork bere ebanjelioan, Jesusen hitz batzuk dakartzate, dudarik gabe haren ikaslerik hurbilekoengan sakon ezarriak gelditu zirenak. Segur aski, ikasleekin Galileako herrixketan zebilenean esango zituen, jatekoaren eskean, ostatu bila edo bertakoen artean ate joka zebilenean.
Apika, ez zuten beti nahi bezalako erantzunik jasotzen, baina Jesusek ez zuen etsitzen. Erabatekoa zuen Aitarekiko konfiantza. Ikasleek ere Aitagan konfiantza izaten ikasi behar dute: «Hauxe esaten dizuet: Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue». Jesusek badaki zer ari den esaten, hauxe baitu bere esperientzia: «eskatzen duenak hartu egiten du, bilatzen duenak aurkitu eta ate joka ari denari ireki egiten zaio».
Konfiantza da Elizak bizi duen krisialdi eta nahasmendu honetan Jesusengandik, zerbait izatekotan, berrikasi beharrekoa. Ez, noski, jarrera xinplea biziz, aldi hobeen geldoturik zain jarriz beren burua lasaitzen dutenak bezala. Askoz gutxiago jarrera pasiboa eta erantzukizunik gabea biziz, baizik Jesusi, Kristori, jarraitzeko portaera ebanjelikoa eta profetikoa hartuz. Izatez, Jesusen hiru gonbitek Jainkoaganako oinarrizko konfiantza bera markatzen badute ere, haren hizkerak ñabardura desberdinak iradokitzen ditu.
«Eskatu»; pobrearen jarrera berezia da, bere ahaleginez lortu ezin duenak beste norbaitengandik hartu behar duenaren jarrera. Honela irudikatzen ditu Jesusek bere jarraitzaileak: gizon-emakume pobre bezala, beren ahuldadearen eta pobretasunaren jakinaren gaineko, harrokeria eta buruaskitasun izpirik gabeko bezala. Ez da inolako ezbeharra Eliza pobre batean bizitzea, ahulean, botererik gabean. Aitzitik, hau da gauza negargarria: Jesusi jarraitu nahi izatea, baina Aitagandik bakarrik etor daitekeena munduari eskatuz.
«Bilatu»: Kontua ez da eskatzea soilik. Gainera, mugitzea da, zerbait lortzeko urratsak egin beharra: ezkutuan edo tapaturik dagoelako ikusten ez dugun hura lortzeko. Honela irudikatzen ditu Jesusek bere jarraitzaileak: «Jainkoaren erreinuaren eta haren zuzentasunaren bilatzaile bezala». Normala da gaur Eliza zurt eginik bizitzea ziurtasunik gabeko etorkizunaren aurrean. Beste hau da harritzekoa: pausorik ez ematea guztiek batean bide berrien bila gaur egungo kulturan Ebanjelioa ereiteko.
«Jo atea»: hurbil dugula sentitu ez, baina entzuten eta kasu egiten ahal digula uste dugunari oihu egitea da. Horrela egiten zion oihu Jesusek Aitari gurutzean. Ulertzekoa da gaur kristau askoren fedea, kultura aurremoderno baten adierazten, ospatzen eta bizitzen ikasi zuten hura, lausoturik gelditzea. Beste hau da gauza tamalgarria: ez garela ahalegintzen Jesusi jarraitzen Jainkoari oihu eginez gaur egungo munduko kontraesanen, gatazken eta galdekizunen artetik.

José Antonio Pagola

Locations of visitors to this page

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.