lunes, 9 de agosto de 2010

2010/08/15 - Maria Birginaren Jasokundea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko abustuaren 15ea

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Maria Birginaren Jasokundea (C)

EBANJELIOA

Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko?

Lukas 1,39-56

Handik egun batzuetara, Maria etxetik atera eta Judeako mendialdeko hiri batera joan zen arin-arin, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun bezain laster, Elisabeti punpaka hasi zitzaion haurra sabelean. Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zen Elisabet, eta goraki esan zuen: «Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua! Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, pozez punpaka hasi zait haurra sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!»
Orduan, Mariak esan zuen:
«Jaunaren handitasuna
dut goresten,
pozaren pozez daukat barrena,
Jainkoa baitut salbatzaile.
Bere mirabe ezerez honengan
jarri ditu begiak;
horregatik, dohatsu deituko naute
guztiek gaurdanik.
Gauza handiak egin ditu
nire alde Ahalguztidunak.
Santua da
eta gizaldiz gizaldi errukitsua
begirune diotenentzat.
Bere indar guztiaz jokatu du:
buru-harroak suntsitu ditu,
ahaltsuak goi-postuetatik bota
eta ezerezak gora jaso;
ondasunez bete ditu
gose zeudenak,
eta esku-hutsik bidali aberatsak;
lagun etorri zaio bere herri Israeli,
bere errukiaz oroiturik:
hala hitzemana zien
gure arbasoei,
Abrahami eta ondorengoei
betiko».
Mariak hiruren bat hilabete egin zituen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.

HOMILIA

2010eko abustuaren 15ean

JESUSEN JARRAITZAILE LEIALA

Ebanjelariek, Ama Maria aurkeztean, Jesusen Amaganako gure debozioa errepiztu dezaketen moduko ezaugarriez horniturik agertzen digute. Ikuspegi horrek Maria maitatzen laguntzen digu, hartaz gogoeta egiten, hura imitatzen, hari otoitz egiten, harengan konfiantza izaten, espiritu berriaz eta ebanjelikoagoaz.
Fededun handia da Maria. Jesusen lehen jarraitzailea. Bere Semearen egintzak eta hitzak bihotzean hausnartzeko gai izan den emakumea. Semeak iragarri duen eta pobreen salbatzailea den Jainkoa kantatu duena. Ama leiala, bere Semea pertsegitua, gaitzetsia, gurutzean josia izan denean haren ondoan jarraitu duen Ama. Kristo berpiztuaren lekukoa, ikasleekin batean Espirituari, Jesusen Elizak beti bidelagun izanen duen Espirituari, ongi etorri egin diona.
Lukasek, bere aldetik, Mariaren kantika geure egitera gonbidatzen gaitu, Jesusenganako geure bidean kantika haren espirituak gida gaitzan uztera, zeren «Magnificat» kantikan distiratzen baitu bere dirdira osoan Mariaren fedeak eta hark identifikatzen baitu bete-betean bere Seme Jesusekiko ama bezala..
Jainkoaren handitasuna aldarrikatuz hasi da Maria: « pozik da nire bihotza Jainkoagan, ene salbatzaileagan, zeren bere zerbitzari honen apaltasunean ezarri baititu bere begiak». Zoriontsu da Maria, Jainkoa bere xumetasunari begira jarri dela sumatu duelako. Horrelakoxea da Jainkoa apalekin. Bere Aita bedeinkatzean Jesusek agertu duen gozotasun bera agertu du Mariak bere kantikan, «jakintsuei eta adituei» ezkutatu eta «jende xumeari» agertzen zaiolako. Mariak xumeen Jainkoagan duen fedeak Jesusekin sintonizatzeko era eman digu.
Jainko «ahaltsua» aldarrikatzen du Mariak, «haren errukia haren fededunengana iristen delako belaunez belaun». Jainkoak bere errukiaren zerbitzura jarri du bere ahalmena. Haren errukia belaunaldi guztietara iristen da. Gauza bera diosku Jesusek: guztiekin da errukitsu Jainkoa. Horregatik diotse aldi guztietako bere ikasleei: «izan zaitezte errukitsu, zuen Aita errukitsu den bezala». Bere ama-bihotzetik, beste inork ez bezala sumatu du Mariak Aita eta Ama den Jainkoaren samurtasuna, eta Jesusen mezuaren giharrean sarrarazi gaitu: Jainkoa maitasun errukitsua da.
Mariak, orobat, pobreen Jainkoa aldarrikatu du, zere «boteretsuak beren aulkitik botatzen dituelako» eta zapaltzen jarraitzeko indarrik gabe uzten; aitzitik, «apalak goratzen ditu», beren duintasuna eskura dezaten. Pobreei lapurtu izan dietena eskatzen die aberatsei eta «esku hutsik uzten ditu»; aitzitik, gose direnak «ondasunez bete ditu», bizi gizatarragoaz goza dezaten. Gauza bera oihukatzen zuen Jesusek: «azkenak lehenengo izanen dira». Jesusen Berri Onari ongi etorri egitera garamatza Mariak: Jainkoa pobreen Jainko da.
Beste inork ez bezala erakutsi digu Mariak Jesusi jarraitzen, Jainkoa errukitsu dela hots eginez, mundu haurridetsuagoa izan dadin lan eginez eta xumeen Aitagan konfiantza izanez.

José Antonio Pagola

HOMILIA

MARIAREN EZAUGARRIAK

Mariak Elisabeti egin dion bisita dela medio, Bataiatzailea eta Jesus, jaio aurretik beretik, harremanetan ageri dira Lukasen ebanjelioan. Pasadizoa giro oso berezian dator bildua. Biak, Maria eta Elisabet, ama izango dira. Biek jaso dute deia Jainkoaren egitasmoan lankide izateko. Tartean ez da gizonezkorik. Zakarias mutu gelditu da. Jose modu harrigarrian absente da. Andre biek bete dute eszena guztia.
Maria Nazaretetik etorri da, eta hura da pertsonaia nagusia. Haren eta haren semearen jirabiran ageri da dena. Mariaren irudiari ezaugarri berezi-bereziak nabari zaizkio: ebanjelioen girotik urrun erantsi izan zaizkion geroagoko mila izenak eta tituluak baino jatorragoak.
Maria, «ene Jaunaren ama». Horrela aldarrikatu du Elisabetek, ozenki eta Espiritu Santuaz beterik. Hala da: Jesusen jarraitzaileentzat, Maria, beste ezer baino lehen, gure Jaunaren Ama da. Hori da haren handitasunaren abiapuntua. Lehen kristauek ez dute apartatu sekula Maria Jesusengandik. Bereizezinak dira. «Jainkoak bedeinkatua andre guztien artean»; Jesus eskaini digu Mariak, «bere sabeleko fruitu bedeinkatua».
Maria, fededuna. Elisabetek zorioneko deklaratu du «sinetsi duelako». Handia da Maria, ez soilki amatasun biologikoagatik, baizik, eta batez ere, Salbatzailearen Ama izateko deia fedez onartu duelako. Jainkoari entzuteko gai izan da: haren Hitza bihotzean gorde du; hausnartu du; gauzatu egin du, egin zaion deia leial betez. Ama fededuna da Maria.
Maria, ebanjelizatzailea. Bere Semeagan onartu duen Jainkoagandiko salbazioa gizon-emakume guztiei eskaini die Mariak. Hori du bere zeregin handia, bere zerbitzua. Kontakizunaren arabera, Maria ebanjelizatzailea da, ez soilik keinuez eta hitzez, baizik bera nora joan hara daramatzalako berekin Jesus bera eta honen Espiritua. Hau da egintza ebanjelizatzaileak duen gauzarik funtsezkoena.
Maria, pozaren eroalea. Mariaren agurrak bere Seme Jesusi darion poza kutsatzen du. Mariak du entzun lehenengo Jainkoaren gonbit hau: «Poztu zaitez... zeurekin duzu Jauna». Orain, premian direnentzat duen zerbitzu- eta laguntza-jarreraz, Jesusen, Kristoren, etengabe berekin duen haren Berri Ona irradatzen du. Maria da, Elizarentzat, ebanjelizazio pozgarri baten eredurik hoberena.

José Antonio Pagola


Locations of visitors to this page

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.