lunes, 23 de agosto de 2010
2010/08/29 - Urteko 22. igandea (C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko abustuaren 29a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 22. igandea (C)
EBANJELIOA
Bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu, eta bere burua beheratzen duena, goratu.
Lukas 14,1. 7-14
Behin batean, larunbatez, fariseu-buruetako baten etxera joan zen Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan zegozkion.
Ohartu zen Jesus gonbidatuek mahaiko lehen jarlekuak hartzen zituztela, eta aholku hauek eman zizkien: «Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izan daiteke eta; hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”; orduan, azkeneko lekuan eseri beharko zenuke lotsa gorrian. Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: “Adiskide, igo gorago”. Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».
Eta gonbidatu zuenari esan zion: «Bazkari edo afariren bat ematean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ezta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere; zeren beraiek ere gonbidatu egingo zintuzkete, eta, horrela, ordaina hartuko zenuke. Aitzitik, otordu bat ematean, gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak. Zorionekoa zu orduan, ez baitute zuri ordaintzerik! Zintzoak piztuko direnean jasoko duzu ordaina».
HOMILIA
2010eko abustuaren 29an
ORDAINETAN EZER ESPERO GABE
Jesus bazkaltzen ari da lurralde horretako fariseu handiki batek gonbidaturik. Lukasek diosku fariseuak eten gabe zelatan dituela Jesusek. Halaz guztiz, libre ikusten du bere burua Jesusek lehen eserlekuen bila dabiltzanak kritikatzeko eta, are, gonbidatu duenari esateko aurrerantzean zein gonbidatu behar duen.
Gonbidatzaileari egindako interpelazio hau harritzea da egiaz. Hitz argi eta xumez, nola jardun esaten dio Jesusek: «Ez gonbidatu zeure adiskideak, ez haurrideak, ez ahaideak, ezta auzoko aberatsak ere». Alabaina, ba al da ezer jatorragorik eta naturalagorik asko maite gaituen jendearekin loturak estutzea baino? Ez ote du Jesusek berak hori bera egin Lazaro, Marta eta Mariarekin, Betaniako adiskideekin?
Aldi berean, gogoan zein izan behar duen adierazten dio Jesusek: «Gonbida itzazu behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak». Behartsuek ez dute nola erantzun gonbitari. Elbarri, herren eta itsuengandik ezin espero duzu ezer. Horregatik, inork ez ditu gonbidatzen. Ez ote da hori gauza normala eta saihestezina?
Jesusek ez dio uko egin familiarteko maitasunari, ezta adiskide arteko harremanei ere. Hau da onartzen ez duena: harreman horiek izatea beti beste guztien gainetik jartzen direnak, pribilegiatuak eta bakarrak. Mundu gizatarrago eta haurridetasunezkoago baten bila, Jainkoaren erreinuaren dinamikan murgildu nahi dutenei Jesusek gogorarazten die ezen pobreei eta babesgabeei ongi etorri egitea harreman interesatuen eta gizarte-konbentzionalismoen gainetik ipini behar dela.
Daitekeena ote da, ordea, molde desinteresatuan bizitzea? Maita ote daiteke ordainetan ezer espero gabe? Hain urrun bizi gara Jesusen Espiritutik, non, batzuetan, adiskidetasuna eta familiarteko maitasuna bera baitaude interesak baldintzaturik. Ez gaitezen engaina. Doakotasunaren bidea gogorra eta zaila da ia beti. Gisa honetako gauzak ikasi beharrean gara: asko espero gabe ematen jakitea, kasik ezer eskatu gabe barkatzea, hain atsegina ez den jendearekin eroapen handiko izatea, laguntzea gogoan bestearen ona soilik izanik.
Beti murriztu genitzake apur bat geure interesak, tarteka uko egiten ahal diegu abantaila txikiei, beharrean bizi direnei poz pixka bat ezarri, geure denboraren zatitxo bat eskaini dena geuretzat gorde gabe, doako zerbitzu koxkor batzuetan parte hartu.
Fariseu gonbidatzaileari hau esateraino ausartu da Jesus: «Zorionekoa zu ezin ordaindu badizute». Zoriontasun hau hain ahaztua gelditu da, non kristau askok ez baitu entzun ere sekula horretaz hitz egiten. Halere, Jesusen oso gogoko mezua dakar: «Zorionekoak besteentzat bizi direnak, saririk jaso gabe. Zeruko Aitak sarituko ditu».
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.