lunes, 30 de agosto de 2010

2010/09/05 - Urteko 23. igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko irailaren 5ea

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 23. igandea (C)

EBANJELIOA

Zuetako inor ez daiteke izan nire ikasle, dituen guztiei uko egiten ez badie.

Lukas 14,25-33

Egun haietan, jende-talde handiak zihoazen Jesusekin; honek, beraiengana itzulirik, esan zien:
- Norbaitek nirekin etorri nahi badu eta ez banau ni bere aita-amak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak eta bere burua ere baino maiteago, ez daiteke izan nire ikasle.
Bere gurutzea hartu eta nire ondoren ez datorrena ez daiteke izan nire ikasle.
Izan ere, zuetako nork, dorrea egin nahi badu, ez ditu aldez aurretik eseri eta gastuen kontuak ateratzen, bukatzeko adina ba ote duen ikusteko? Bestela, zimenduak hartu ondoren bukatu ezin izango balu, ikusiko luketen guztiek barre egingo liokete, esanez: “Honako hau eraikitzen hasi huen eta ezin izan dik amaitu”.
Edo zein erregek, beste baten kontra gerrara joan nahi badu, ez du aldez aurretik eseri eta begiratzen, ea hamar mila gizon aski dituen hogei milarekin kontra datorkionari aurre egiteko? Eta ezetz ikusten badu, bestea oraindik urruti dela, mandatariak bidaliko dizkio bakea eskatuz.
Era berean, zuetako inor ez daiteke izan nire ikasle, dituen guztiei uko egiten ez badie.

HOMILIA

2010eko irailaren 5ean

ERREALISMO ARDURATSUA

Jesusek darabiltzan adibideak oso desberdinak dira, baina haien irakaspena beti bat bera: egitasmo bati modu arduragabean ekiten dionak, gogoan duena lortzeko baliabiderik eta indarrik ba ote duen aurrez aztertu gabe, porrot eginez amaitzeko arriskua du.
Inongo laborarik ez dio ekiten, mahastia babesteko, dorrea eraikitzeari, aurrez kalkulatu gabe hura arrakastaz gauzatzeko ahalmenik ba ote duen, hasitakoa bukatu ezinik gelditu beharra izan ez dezan, auzokoen isekagarri gertatuz. Inongo erregek ez dio ekiten guduari etsai boteretsu baten aurka, aurrez aztertu gabe gudu hartan garaile atera ote daitekeen; bestela, bere buruaz beste egitea izango litzateke.
Lehen begiratuan, pentsa lezake batek ezen Jesus portaera zuhurra eta arduratsua gomendatzen ari dela, bereei eskuarki eskatzen dien ausardiatik oso urrun dagoena. Ezta hurrik eman ere. Bereei gomendatu nahi dien egitekoa edo misioa hain garrantzizkoa da, non inor ez baitaiteke konprometitu hartara oharkabean, ardurarik gabe edo harrokeriaz.
Jesusen oharpen hori gaurkotasun handikoa da gure fedearen etorkizunerako hain kritikoak eta erabakitzaileak diren une hauetan. Jesusek, beste ezer baino lehen, gogoeta heldua eskatzen digu: paraboletako bi protagonistak «eseri egin dira» gogoeta egiteko. Erantzukizun-falta larria izango litzateke gaur egun Jesusen ikasle bezala bizi nahi izatea, zer nahi den jakin gabe, nora iritsi nahi den jakin gabe, zein baliabidez jardun behar den jakin gabe.
Eta noiz eseri behar dugu indarrak batzeko, elkarrekin gogoeta egiteko eta zein bide jarraitu guztien artean bilatzeko? Ez ote dugu denbora gehiago hartu behar, ebanjelioa gehiago entzun behar, gogoeta gehiago egin behar deiak aurkitzeko, karismak iratzartzeko eta Jesusi jarraitzeko estilo berritua lantzeko?
Jesusek ere errealismorako deia egiten digu. Aurrekaririk gabeko kanbio soziokulturala ari gara bizitzen. Daitekeena ote da fedea kutsatzea jaiotzen ari den mundu berri honetan, mundu hori ondo ezagutu gabe eta barrutik ulertu gabe? Daitekeena ote da Ebanjeliorako irispidea eskaintzea, gaur egungo gizon-emakumeen pentsaera, sentimenduak eta hizkuntza ezagutu gabe? Ez ote da errorea, gaur egungo erronkari atzoko estrategiez erantzun nahi izatea?
Une honetan ausarkeria izango litzateke modu oharkabean eta itsuan jardutea. Porrotari bide emango genioke, frustrazioari eta, are, irrigarri gelditzeari. Parabolaren arabera, «dorre bukatu gabe horrek» eraiki nahi izan duenaren kontrako burla eragiten du jendearen artean. Ez genuke ahaztu behar Jesusen hizkuntza errealista eta apala, ikasleak gonbidatzen dituenean herrian «legamia» izatera edo jendearen bizitzari zaporea ematen dion «gatz» eskukada izatera.


José Antonio Pagola


Locations of visitors to this page

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.