lunes, 1 de noviembre de 2010
2010/11/07 - Urteko 32. igandea (C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko azaroaren 7a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 32. igandea (C)
EBANJELIOA
Ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik.
Lukas 20,27-38
Egun haietan, saduzear batzuk etorri zitzaizkion Jesusi. Hauek hildakoak ez direla pizten esaten dute. Eta honela galdetu zioten:
–Maisu, Moisesek idatzi zigun: Norbaiti anaia ezkondu bat seme-alabarik gabe hiltzen bazaio, ezkon bedi alarguntsarekin, anaiari ondorengoa emateko.
«Baziren, bada, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen. Bigarrena eta hirugarrena alarguntsarekin ezkondu ziren, eta zazpiak berdin. Eta denak seme-alabarik gabe hil ziren. Azkenik, hil zen emakumea ere. Piztuerakoan, noren emazte izango da, zazpiek izan baitzuten emazte?»
Jesusek erantzun zien:
–Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; baina datorren munduan eta hildakoen piztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituenak, gizonezko nahiz emakume, ez dira ezkonduko; izan ere, ez daitezke berriro hil, aingeruen antzeko baitira eta Jainkoaren seme-alaba, piztueran parte dutenez gero. Gainera, hildakoak pizten direla Moisesek berak adierazi zuen, sutan zegoen sasiaren pasartean, Jaunari Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainko deitzen dionean. Ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik, denak bizirik baitaude harentzat.
HOMILIA
2010ko azaroaren 7an
HERIOAK EZIN KENDU JAINKOARI BERE SEME-ALABAK
Jesus beti guztiz neurritsua izan da piztuera ondoko biziaz hitz egitean. Halaz guztiz, saduzear aristokraten talde bat hildakoen piztuera barregarritzat ematen saiatu zenean, aurre egin zion puntu hori bere egiazko mailara jasoz eta oinarrizko bi baieztapen eginez.
Beste ezer baino lehen, uko egin dio saduzearren haur.ikuspegiari, orain ezagutzen dugun bizitza honen luzapentzat ematen baitute berpiztuen bizia. Oker dabiltza Jainkoak berpizturiko bizitza gure egungo esperientziatik imajinatzen dutenean.
Errotiko aldea da lurreko gure bizitzaren eta heriotzaren ondoren zuzeneko sostengutzat Jainkoaren maitasuna izango duen bizi betearen artean. Geroko bizi hori guztiz «berria» da. Horregatik, espero dezakegu, bai, hura, baina deskribatu edo argitu ez, sekula.
Lehen kristau-belaunaldiek jarrera apal eta prestu horri eutsi zioten «betiko biziaren» misterioaren aurrean. Paulok diotse Korintoko fededunei hau dela esperantzaren gaia: «ez begik ikusi, ez belarrik entzun, ez inongo gizakik imajinatu ez duena, bera maite dutenentzat Jainkoak prestatua».
Hitz hauek oharpen sano ditugu eta orientabide gozo. Alde batetik, zerua «berritasun bat» da, lurreko zernahi esperientzia baino harago dena; baina, bestetik, Jainkoak prestatu duen bizia da, gure ametsik hondokoenekoak guztiz asetzeko. Fedearen funtsa ez datza gure ikusmina xaloki betetzean, baizik Jainkoarekiko gure desioa, igurikitzea era esperantza elikatzean.
Horixe da, preseski, Jesusek gogo duena saduzearrek onartzen zuten gertakari batera xume-xume jo duenean: Jainkoari Bibliaren tradizioan «Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainko» deitzen zaio. Patriarka hauek hilak diren arren, Jainkoak haien Jainko izaten jarraitzen du, haien babesle, haien adiskide. Herioak ezin suntsitu ahal izan du Jainkoaren haiekiko maitasuna eta fideltasuna.
Orduan, bere ondorioa atera du Jesusek gure fedearentzat erabakitzailea den baieztapen hau eginez: «Jainkoa ez da hildakoen Jainko, baizik bizi direnena; zaren harentzat denak baitira bizi». Bizi-iturri agortezina da Jainkoa. Herioak ezin kendu dizkio Jainkoari bere seme-alaba maiteak. Lur honetan galdu ditugulako, guk haietaz negar dagigunean, Jainkoak bizi-bizi dakuski, bere aitatasun-maitasunean bildu dituelako.
Jesusen arabera, Jainkoak bere seme-alabekin duen batasuna ezin suntsitu du herioak. Gure ezkutatze biologikoa baino indartsuagoa da haren maitasuna. Horregatik, fede apalez ausartzen gara dei hau egitera: «Ene Jainko, zugan dut konfiantza. ez diezadala horrek huts egin» (Salmo 25,1-2).
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.