lunes, 8 de noviembre de 2010
2010/11/14 - Urteko 33. igandea (C)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko azaroaren 14a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 33. igandea (C)
EBANJELIOA
Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia.
Lukas 21,5-19
Egun haietan, batzuk tenpluari buruz ari ziren, harri ederrez eta emaitzez apaindua zegoela aipatuz. Orduan, Jesusek esan zuen: «Etorriko da garaia, hor ikusten duzuen horretatik harririk ere harri gainean geldituko ez dena: dena suntsituko dute».
Ikasleek galdetu zioten: «Maisu, noiz gertatuko da hori, eta zertan ezagutuko da gertatzera doala?»
Jesusek erantzun zien: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina! Asko etorriko dira, nire izena berenganatuz eta esanez: “Ni naiz Mesias”, edo “Gainean da garaia”. Ez joan halakoen ondoren. Gerra eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu: lehenbizi gertatu beharrekoa baita hori guztia; baina ez dator berehala azkena».
Gainera, esan zien: «Nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; lurrikara handiak izango dira, eta izurrite eta goseteak han eta hemen; gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta ortzian seinale handiak azalduko.
«Baina hori guztia gertatu aurretik, eskua botako dizuete eta erasoko; sinagogetara eta kartzelara eramango zaituztete, eta erregeen eta agintarien aurrera zuzenduko niregatik. Aitorpen egiteko aukera emango dizue horrek guztiak. Hartu gogoan ez duzuela zeuen buruak nola defendatuko kezkatan egon beharrik: neuk adieraziko dizuet zer eta nola esan, eta zuen etsaietako inork ez du zuei aurre ematerik edo erantzuterik izango. Zeuen guraso eta senideek berek, ahaide eta adiskideek berek salduko zaituztete, eta zuetako zenbait hilko. Mundu guztiak gorroto izango dizue niregatik; baina ez duzue buruko ile bakar bat ere galduko. Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia.
HOMILIA
2010eko azaroaren 14
ALDI ZAILETARAKO
Gure egun hauetan gertatzen ari diren kanbio sozio-kultural sakonak eta erlijio-krisia astindu gogorra ari dira ematen, mendebaldean, kristautasunaren sustraiei; horrek guztiak inoiz baino gehiago eragin beharko liguke argia eta indarra Jesusengan bilatzera, aldi hauek azti eta erantzukizunez bizi ahal izateko.
Errealismorako deia. Inoiz ez die Jesusek bere jarraitzaileei aditzera eman bide erraza, arrakastatsua eta aintzatsua izango dutenik. Ostera, jakinarazi die beren historia luzea zailtasunez eta borrokaz betea izango dutela. Beraz, Jesusen espirituaren kontra doa triunfalismoa aldarrikatzen ibiltzea edota handikeriari laineza emanez bizitzea. Benetan latza iruditzen zaigun bide hau da bere Jaunari leial izan nahi zaion Elizari egiaz dagokiona.
Xalotasunik ez. Krisialdian, duda-muda eta nahasmendu-aldian ez da harritzekoa mezuak eta agerpenak entzutea salbazio-bide berriak proposatuz. Horien aurrean, hona Jesusen erreguak. Lehenik eta behin: «ez zaitzatela inork engaina», hau da, ez jarri xaloki zeuen ustea ebanjelioa ez beste mezu batean, ez Elizaren barrukoan, ez kanpokoan. Beraz, «ez ibili halakoen ondoren». Ez uste izan Jesu Kristogandik apartarazten gaituztenengan, hura da gure fedearen oinarri eta jatorri bakarra.
Funtsezkoari atxiki. Kristau-belaunaldi bakoitzak izan ohi ditu bere arazoak, zailtasunak eta bilatu beharrak. Ez genuke galdu behar geure patxada, baizik geure erantzukizunari lotu beharko gintzaizkioke. Ez digu inork eskatuko geure indarrez gaindiko den ezer. Eskura dugu Jesusen beraren laguntza: «Neuk emango dizkizuet hitzak eta jakinduria». Ukazioa eta etsaigoa dituen kontrako ingurumenean berean, bete dezakegu ebanjelioa eta bizi gintezke kristau-zentzuz.
Testigantzaren ordua. Aldi zailak ez ditugu bihurtu behar lanturako, oroiminerako edo etsipenerako aldi. Ez dira etsitzeko, geldotzeko edo amore emateko aldi. Beste bat da Jesusen mezua: aldi zailetan «aukera izango duzue testigantza egiteko», Orduan, hain zuzen, behar dugu biziago egin geure artean Jesusen, haren mezuaren eta haren egitasmoaren testigu apal baina konbentzigarri izateko deia.
Pazientzia. Hona Jesusen erregua goiari gogor eusteko: «Zeuen iraupenez salbatuko duzue arima».Jatorrizko hitza bietara eman daiteke: «pazientzia» nahiz «iraupena». Kristauen artean gutxi mintzatu ohi gara pazientziaz, baina inoiz baino handiagoa dugu haren beharra. Kristau-bizieraren estilo hau, pazientziazkoa eta iraupenekoa, lantzeko momentua dugu gaurkoa, egoera eta erronka berriei erantzuten lagunduko diguna, bakea eta argitasuna galdu gabe.
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.