lunes, 22 de noviembre de 2010
2010/11/28 - Abendualdiko 1. igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko azaroaren 28a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Abendualdiko 1. igandea (A)
EBANJELIOA
Zain egon prest egoteko.
Mateo 24,37-44
Egun haietan, Jesusek esan die bere irakasleei: Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan.
Uholdearen aurretik, jan-edanean ziharduen eta ezkondu egiten zen jendea, Noe ontzian sartu zen arte; eta ez ziren konturatu, uholdea iritsi eta denak eraman zituen arte. Gauza bera gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan ere. Soroan izango diren bi gizonetatik, bata eraman eta bestea utzi egingo dute; errotan ehotzen ariko diren bi emakumeetatik, bata eraman eta bestea utzi egingo dute. Zain egon, beraz, ez baitakizue zein egunetan etorriko den zuen Jauna.
Gogoan hartu hau: etxeko nagusia, lapurra gaueko zein ordutan etorriko den jakingo balu, zain egongo litzateke eta ez luke etxea zulatzen utziko.
Prest egon, bada, zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea.
HOMILIA
2010eko azaroaren 28
ALDIEN SEINALEAK
Askotariko eran agertu dute ebanjelioek Jesusek behin eta berriz egindako deia, aldien seinaleei buruz esna, adi eta arretatsu bizi gaitezen. Hasiera hartan, lehen kristauek garrantzi handia eman zioten «adi egote» horri, berehala gertatzekoa omen zen Jaunaren etorrerarako prest egon ahal izateko. Geroago, argi ikusi zuten ezen ezinbestekoa dela aro bakoitzeko seinaleei buruz azti eta adi egon beharra, historian barna Jesusi leial atxiki ahal izateko.
Hona nola agertu duen Vatikano II.ak kezka hau: «Elizak etengabeko eginbeharra du aro honetako seinaleak miatu eta Ebanjelioaren argian interpretatzea, momentuko belaunaldira egokituz, gizadiak egungo eta geroko biziaren zentzuaz izan ohi dituen betiko galderei erantzun ahal izateko...».
Aldi hauetako seinaleen artean, Kontzilioak gertaera mingarri hau aipatu du: «Haziz doa egunez egun, izatez, erlijioa bazter uzten ari den jendetzaren fenomenoa». Nola ari gara irakurtzen seinale larri hau? Jabetu al gara gertatzen ari den horretaz? Aski ote da hori guztia materialismoari, sekulartzeari eta Jainkoarekiko ukapen sozialari leporatzea? Ez ote gara entzun beharrean Eliza baitan konbertsiorako deia?
Jenderik gehienak isil-isilik alde egin du, batere zaratarik gabe. Beti egon izan dira mutu Elizan. Inork ez die galdetu izan garrantzizko ezertaz. Inoiz ez zaie burura etorri bazuketela zerbait esatekorik. Eta azkenean isil-isilik alde egiten dute. Zer da halakoen isiltasun horren hondoan? Nork entzun izan die? Sumatu al dute inoiz norbaiten abegi ona, norbaitek entzuten ziela, sumatu al dute inoiz norbait beren lagun gure elkarteetan?
Joan direnetarik asko kristau xumeak ziren, beren betebehar erlijiosoak ohituraz betetzera ohituak. Hartua zuten erlijioak gain behera egin du. Ez dute aurkitu hartan aldi berriei aurre egin ahal izateko behar zuten indarra. Zein elikagai hartu dute gugandik? Non entzun ahal izango dute Ebanjelioa hemendik aurrera? Non egin ahal izango dute topo Kristorekin?
Beste batzuk usteak huts eginik joan dira. Asperturik bihotza ukitzen ez dieten hitzak entzutera, beren galdekizunei erantzuten ez dietenak entzutera. Penaturik Elizan «etengabeko eskandalua» aurkitzean. Batzuek haztamuka bila jarraitzen dute. Nork egingo die sinesgarri Jesusen Berri Ona?
Benedikto XVI.a behin eta berriz ari da esaten arriskurik handiena Elizarentzat ez datorrela kanpotik, baizik bere baitan duela arriskua, bere bekatuan, bere fideltasun-faltan. Erreakzionatzeko ordua da. Daitekeena da Elizaren konbertsioa, baina gure konbertsioaz hasirik, gutako bakoitzarenaz.
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.