lunes, 21 de febrero de 2011

2011/02/27 - Urteko 8. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko otsailaren 27a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 8. igandea (A)

EBANJELIOA

Ez arduratu, biharko egunaz.

+ Mateo 6, 24-34

Egun haietan, Jesusek bere jarratzailei esan zien: «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
«Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek? Asko arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere?
«Eta jantziaz, zertan kezkatu? Begira nola hazten diren loreak zelaietan: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten pare. Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, ez ote askoz gehiago zuek, sinesmen gutxikook? Ez kezkatu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko duzuen pentsatuz. Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zeruko zuen Aitak badaki horren guztiaren beharra duzuena. Ardura zaitezte, batez ere, Jainkoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz, eta beste hori guztia gehigarritzat emango dizue Jainkoak. Ez arduratu, bada, biharko egunaz, biharkoak ere ekarriko baitu bere ardura. Aski ditu egun bakoitzak bere buruhausteak.

Jaunak esana

HOMILIA

2011ko otsailaren 27a

LEHENENGO GAUZA

«Gauza guztien gainetik, bila ezazue Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna; gainerakoa gehigarri emango dizue Jainkoak». Ezin argiago dira Jesusen hitz hauek. «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna» da haren jarraitzaileek lehenengo bilatu behar duguna; ondoren dator gainerakoa. Gaur egungo kristauak mundua, Jainkoak nahi bezala, gizatarrago egitera emanik bizi al gara ala gure energia bigarren mailako eta badaezpadako gauzatan gastatzen?
Ez da nola-halako galdera. Izan ere, funtsezkoa da jakitea Jesusek markaturiko lehen xedeari emanik bizi garen ala hark bihotzean zeraman grinatik apartatzen gaituen erlijiotasuna garatzen ari garen. Ez ote gara geure norabidea zuzendu beharrean eta geure kristautasunaren ardatz bezala Jainkoaren erreinuaren proiektua leialago hartu beharrean?
Argi-argia da Jesusen jarrera. Aski da ebanjelioak irakurtzea. Galilea sanoago, zuzenago eta haurridetsuago izan dadin jende artean bizi delarik, beti ere azkenak direnentzat erneago eta baztertuentzat abegikorrago, ez du dudarik Jesusek erlijio hau salatzeko: larunbata bete bai eta kultua zaindu bai, baina Jainkoak opariak baino gehiago errukia duela atsegin ahazten duena.
Kristautasuna ez da nolanahiko erlijio bat: zerbitzuak eskaintzen dituena, gizakiak duen Jainkoaren premiari erantzuteko. Erlijio profetikoa da, Jesusengandik datorrena, bizitza gizatartzeko Jainkoaren egitasmoaren arabera. «Funtziona» genezake, bai, kultuaren inguruan bildutako elkarte bezala; baina errukia kutsatzen ez badugu eta zuzentasuna eskatzen ez, ahaztuak defenditzen ez baditugu eta azkenak direnei kasu egiten ez, zer izango da Jesusen bizitza osoa arnastu zuen egitasmoaz?
Agian, gure elkarteak Jainkoaren erreinurantz eta haren zuzentasunerantz bihurtzeko erarik praktikoena honako hau izango da: harrera ona gehiago zaintzen hastea. Ez da esan nahi kultuaren ospakizuna alde batera utzi behar denik; hau da arazoa: harrera ona, jendeari entzutea eta lagun egitea arduratsuago zaintzea, bizi dituen atsekabe, lan eta esperantzan. Jendearekin sufrimena partekatzeak asko lagundu diezaguke gure xedea hobeto ulertzen, hau da, Ebanjelioa biziz mundua gizatarrago egiten.
Bere lehen entziklikan, Joan Paulo II.ak, Vatikano II.a kontzilioaren ideia inportante bat bere eginez, Eliza nola ulertu gogorarazi zigun kristauei. Argi eta garbi azaldu zuen. «Elizak ez du helburu bere burua, zeren Jainkoaren erreinurantz baita norabidetua, erreinu horren ernamuin, seinale eta tresna delarik». Lehenengo gauza ez da Eliza bera, baizik Jainkoaren erreinua. Eliza ebanjelikoagoa nahi badugu, haren baitatik mundu gizatarragoa egiten parte hartu nahi dugulako da.

José Antonio Pagola


Locations of visitors to this page

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.