lunes, 7 de febrero de 2011
2011/02/13 - Urteko 6. igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko otsailaren 13a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 6. igandea (A)
EBANJELIOA
Aurrekoei agindu zitzaien Nik, berriz, hau diotsuet.
+ Mateo 5, 17-37
Egun haietan, «Ez uste izan Moisesen legea edo profeten esanak huts bihurtzera etorria naizenik; ez naiz huts bihurtzera etorri, beren betera eramatera baizik.
Zeren eta benetan diotsuet: Zeru-lurrek dirauten bitartean legearen hitz batek edo zeinurik txikienak ere ez du baliorik galduko, dena bete arte.
Beraz, agindurik txikienetako bat hausten edota hausten irakasten duena, txikien bezala hartuko du Jainkoak bere erreinuan; betetzen edota betetzen irakasten duena, ordea, handitzat hartuko du Jainkoak bere erreinuan.
Hara zer diotsuedan: Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.
«Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaiena: Ez hil inor; eta hiltzailea kondenatua izango da.
Nik, berriz, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena kondenatua izango da; bere anaia iraintzen duena biltzar nagusian kondenatua izango da, eta hitzez mintzen duena, infernuko sutara kondenatua izango da.
«Beraz, aldarean zeure oparia eskaintzerakoan, zure senideak zure kontra zerbait baduela gogoratzen bazaizu, utzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenbizi senidearekin bakeak egitera; itzuli gero zeure oparia eskaintzera.
«Konpon zaitez lehenbailehen zeure etsaiarekin, berarekin auzitegira zoazen bitartean; bestela, epailearen eskuetan jarriko zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan, eta kartzelara botako zaituzte.
Benetan diotsut: Ez zara handik aterako azken txanpona ordaindu arte.
«Badakizue legean agindua: Ez egin adulteriorik.
Nik, berriz, hau diotsuet: Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak, egin du jadanik adulterioa bere bihotzean.
«Eskuineko begia galbide bazaizu, atera eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura jaurtia izan baino. Eskuineko eskua galbide bazaizu, moztu eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino.
«Legeak agindua du beste hau ere: Bere emaztea uzten duenak eman diezaiola dibortzio-agiria.
Nik, berriz, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak –legearen contra elkartuak ez badira behintzat – adulteriora bultzatzen du emaztea; eta utzitako emakume horrekin ezkontzen denak adulterio egiten du.
«Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaien beste hau ere: Ez egin gezurrezko zinik, eta bete Jaunari egindako zinak.
Nik, berriz, hau diotsuet: Ez egin inolako zinik, ez zeruarengatik, Jainkoaren tronua baita; ez lurrarengatik, haren oin-aulkia baita; ezta Jerusalemengatik ere, Errege handiaren hiria baita. Ez egin zinik zeure buruarengatik ere, ez baitezakezu zeure ile bakar bat ere zuri edo beltz bihur. Esan ezazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean; gainerakoa gaiztoarengandik dator.
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko otsailaren 13a
LEGEAK JESUSEK BEZALA HARTU
Juduak harro mintzo ohi ziren Moisesen Legeaz. Jainkoagandik hartu zuten erregalurik bikainena zen. Sinagoga guztietan toki berezian ezarritako kutxan gorde ohi zuten. Lege horretan aurkitu ahal zuten Jainkoari leial izateko behar zen guztia.
Jesus, ordea, ez da bizi Legeari loturik. Ez da saiatu ez hura aztertzen, ez ikasleei hartaz argibideak ematen. Behin ere ez da ageri hura modu zorrotzean nola beteko kezkaturik. Egia esan, ez du kanpainarik egin Legearen kontra; halere, ez du Lege hori bere bihotzaren bihotz.
Beste esperientzia batetik ibiliko da Jesus Jainkoaren nahiaren bila. Gizon-emakumeen artean murgilduz sentitzen du Jainkoa, haiekin batean mundua zuzenago eta haurridetsuago egiteko. Dena kanbiatzen du horrek. Legea ez da jada ezer erabakitzaile, Jainkoak gugandik zer espero duen jakiteko. «Jainkoaren erregetzaren eta haren zuzentasunaren bila» ibiltzea da lehenengo gauza.
Fariseuak eta lege-maisuak legea zehazki nola beteko arduratzen dira, baina ez zaie axola maitasuna eta zuzentasuna. Jesusek honetan egin du bere ahalegina: bere ikasleengan beste jarrera bat eta beste espiritu bat sartzen: «zuen zuzentasuna lege-maisuena eta fariseuena baino hobea ez bada, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan». Gainditu beharra da legeak eta arauak hitzez hitz betetzea beste ardurarik ez duen legalismoa.
Aitaren nahia Jesusek hura bilatu duen grinaz bilatzen denean, legeek diotena baino harago jo ohi da. Gizon-emakume guztientzat Jainkoak gura duen mundu gizatarrago horretarantz jo ahal izateko, garrantzizkoa ez da legeak betetzen dituzten pertsonak bilatzea, baizik Jesusen antzeko direnak.
Inor hiltzen ez duenak legea betetzen du, baina haurridearentzat duen amorrua bihotzetik ateratzen ez badu, ez da Jainkoaren antzeko. Adulteriorik egiten ez duenak betetzen du legea, baina modu egoistan bere haurridearen emaztea desiratzen badu, ez da Jainkoaren antzeko. Pertsona hauengan Legeak indarra du, baina Jainkoak ez; betetzaileak dira, baina ez dakite zer den maitasuna; zuzen bizi dira, baina ez dute mundua gizatarrago egingo.
Ondo entzun behar dira Jesusen hitzak: «Ez naiz etorri legea eta profetak desegitera; baizik beren betera eramatera». Ez da etorri Itun Zaharreko lege- eta erlijio-ondarea pikutara botatzera. Giza jokabidea «bere betera» eramatera etorri da, haren ikuspegia zabaltzera, bizitza legalismoaren arriskutik libratzera.
Legeak, arauak, aginduak eta tradizioak Jesusek bizi zituen bezala bizitzen baditugu, gure kristautasuna gizatarragoa eta ebanjelikoagoa izango da: Aitak gura duen mundu zuzenago eta haurrideago horren bila jokatzen badugu, alegia.
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.