lunes, 28 de febrero de 2011

2011/03/06 - Urteko 9. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko martxoaren 6a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 9. igandea (A)

EBANJELIOA

Harkaitz gainean eraikiko etxea eta hondar gainean eraikiko etxea.

+ Mateo 7, 21-27

Egun haietan, Jesusek bere ikasleei esan zien: «Ez da aski niri “Jauna, Jauna!” esatea, Jainkoaren erreinuan sartzeko; zeruko nire Aitaren nahia behar da egin.
Epai-egunean askok esango didate: “Jauna, Jauna! Ez ote genuen zure izenean hitz egin eta zure izenean deabruak bota eta zure izenean mirari asko egin?”
Baina nik erantzungo diet: “Ez zaituztet inoiz ezagutu; alde niregandik, gaizkileok!”
«Beraz, nire hitz hauek entzun eta betetzen dituena, etxea harkaitz gainean eraiki zuen gizon zuhurraren antzekoa da. Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso zioten; baina ez zen erori, oinarriak harkaitzean zituelako. Nire hitz hauek entzun bai, baina betetzen ez dituena, ordea, etxea hondar gainean eraiki zuen gizon zentzugabearen antzekoa da.
Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso zioten; eta erori egin zen eta dena hondatua gelditu».

Jaunak esana

HOMILIA

2011ko martxoaren 6a

EBANJELIOAREN INDARRA

Galileako mendiko hitzaldi handia bi parabola laburrez bukatu du Jesusek; biak ere maisuki kontatuak eta guztiek oroimenean aise gordetzekoak. Berebizikoa da bien mezua: Jesusi jarraitzea «haren hitzak entzutean» datza eta «betetzean». Hori egin ezean, zorakeria izango litzateke gure kristautasuna. Ez luke zentzurik izanen.
Gizaki zentzudunak arroka sendo gainean eraikitzen du etxea. Horregatik, neguko uholde-garaia iritsi eta ura mendik jaitsi eta Mediterraneoko haize gogorrak jotzean, etxeak indartsu eusten dio: «arroka gainean dago oinarritua». Horrela da Eliza, Ebanjelioa entzuten eta betetzen ahalegintzen diren fededunek eratua denean.
Gizaki zentzugabeak, aldiz, harea gainean eraikitzen du etxea, ibar hondoan. Horregatik, euritea, uholdeak eta haizetea iristean, «lurrera etorri ohi da guztiz». Horrela lur jotzen du kristautasunak ere Ebanjelioaren gainean eraikia ez denean, elkarteek entzuna eta betea ez denean.
Kontzientzia modernoan kultur kanbio sakona burutu da, eta kristau-fedea jaiotzea eta bizitzea krisian jarri ditu. Gero eta nekosoagoa ari da gertatzen «doktrinatzearen doktrinatzeaz» Jainkoarekiko eta Jesu Kristorekiko bide bizia iratzartzea. Hona sumatzeko errazak diren horren bi kausa.
Alde batetik, krisian dago agintea, aginte oro. Gauza zaila da, gaur egun, fedea sortzea egiaren jabe bezala jokatu nahi duen aginte erlijioso baten menekotasunetik. Elizak bere aginte sakratuaren egoeratik jaulkitako hitza ez da, gaur egun, berez, ez sinesgarri, ez erakargarri.
Bestetik, irakaspen erlijiosoa baino areago, zentzuz eta esperantzaz bizitzen lagunduko dion esperientzia nahi du jendeak .Gizon-emakume askok, senak eraginda bezala, muzin egiten dio «ikasketa-prozesutzat» emandako federako edozein hastapenari.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.