lunes, 6 de junio de 2011

2011/06/12 - Mendekostearen igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko ekainaren 12a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Mendekostearen igandea (A)

EBANJELIOA

Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet.
Hartzazue Espiritu Santua.


+ Joan 20, 19-23

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko ekainaren 12a

DEI EGITEA

San Joanen arabera, Espirituak presente bihurtzen du Jesus kristau-elkartean; haren mezua gogorarazten digu, egian ibilarazten gaitu, Jesusen maitasun-agindua gugan barneratuz. Espiritu horri dei egiten diogu Mendekoste-jai honetan.
Zatoz, Espiritu Santua, eta irakats iezaguzu Jainkoari dei egiten Jesusek irakatsi zigun bihotzeko izen honekin: «Aita» izenarekin. Gure artean haren presentzia ona sentitzen ez badugu, umezurtz biziko gara. Oroit iezaguzu Jesus bakarrik dela harenagana joateko bidea. Azkenak direnei emanik Jesusek bizi izan duen bizitzak bakarrik agertzen digula Aitaren aurpegia. Jesus gabe, sekula ez dugu ulertuko Aitak seme-alaba guztiez duen bake-egarria, zuzentasun- eta duintasun-egarria.
Zatoz, Espiritu Santua eta ibilaraz gaitzazu Jesusen egian. Zure argirik eta zure arnasarik ez badugu, behin eta berriz ahaztuko gara Jesusek Jainkoaren erreinuaz duen egitasmoaz. Surik eta esperantzarik gabe biziko gara. Ez dugu jakingo zergatik eta zertarako jarraitzen diogun. Ez dugu jakingo zergatik bizi eta zergatik sufritu. Eta Erreinuak lankideen zain jarraituko du.
Zatoz, Espiritu Santua, eta irakats iezaguzu Jesusen Berri Ona hots egiten. Ez dezagula zama astunik bota inoren gainera. Ez dezagula erabaki minik ematen ez diguten arazoez; ez ditzagula gaitzetsi batez ere onarpena eta ulermena behar dutenak. Ez dezagula sekula hautsi kanabera printzatua, ez dezagula itzali kordoka den metxa.
Zatoz, Espiritu Santua, eta ufatu gugan Jesusen esperientzia erlijiosoa. Ez gaitezela galdu hutsalkeriatan, ardurarik gabe alde batera utziz zuzentasuna, errukia eta fedea. Ez diezagula ez ezerk ez inork arreta kendu Jesus Jaun bakartzat hartzetik. Ez gaitzala ezerk ere urrundu Jesusen Ebanjeliotik, ez irakaspen batek, ez jarduera batek, ez debozio batek.
Zatoz, Espiritu Santua, eta handitu gugan fedea, geure ahuldadearen erdian berean Jesusen indarra esperimenta dezagun. Irakats iezaguzu geure bizitza elikatzen, ez giza tradizioekin, ez hitz hutsalekin ere, baizik Jesus barne-barnetik ezagutzearekin. Utz diezaiogula gidatzen, beti, haren Espiritu ausart eta kreatzaileari, eta ez gure segurtasun-senari.
Zatoz, Espiritu Santua, eralda ezazu gure bihotza eta itzularazi gu Jesusengana. Gutako bakoitza aldatzen ez bada, ez da aldatuko Eliza. Guztiek inertziari emanik bizi bagara, ez da jaioko Jesusen jarraitzaileen artean ezer berririk, ezer onik. Haren kreatibitateak arrasta gaitzan uzten ez badiogu, haren mugimendua blokeaturik geldituko da.
Zatoz, Espiritu Santua, eta babestu gaitzazu Jesus ahazteko arriskutik. Geure beldurrak eta segurtasun-ezak harrapaturik, ez gara gai haren ahotsa entzuteko, ez haren arnasa sentitzeko. Astindu ezazu gure atxikimendua, zeren, Jesusekiko lotura galtzen badugu, handituz joango da gu baitan urduritasuna eta segurtasunik eza.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.