lunes, 13 de junio de 2011

2011/06/19 - Hirutasun Santua (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko ekainaren 19a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Hirutasun Santua (A)

EBANJELIOA

Jainkoak bere Semea mundura bidali zuen, haren bitartez salbatzeko.

+ Joan 3, 16-18

Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan.
Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik.
Harengan sinesten duena ez da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua dago jadanik, ez baitu sinetsi Jainkoaren Seme bakarrarengan.

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko ekainaren 19a

KRISTAUA JAINKOAREN AURREAN

Kristauei ez zaie beti gauza erraza gertatzen Hirutasun bezala aitortutako Jainkoaren misterioarekin harreman konkretuak eta biziak izatea. Halere, krisi erlijiosoa gonbidatzen ari zaigu harekiko harreman pertsonal, sano eta pozgarria inoiz baino gehiago zaintzera. Jesus, hots, Galileako Profetagan gizon egin den Jainkoaren Misterioa da abiapunturik hobena fede xume bat biziberritzeko.
Nola bizi Aitaren aurrean? Jesusek oinarrizko bi jarrera agertu dizkigu. Lehenik eta behin, konfiantza osoa. On-ona da Aita. Azkenik gabe maite gaitu. Ez dio ezer inporta gure ona baino gehiago. Harengan konfiantza izan dezakegu, beldurrik gabe, errezelorik, kalkulurik, estrategiarik gabe. Bizitzea Maitasunean konfiantza izatea da, ororen azken misteriotzat hartuz.
Bigarren, baldintzarik gabe esaneko izatea. Gauza ona da Aita horren borondateari adi-adi bizitzea, zeren guztiok bizi duinagoa izan dezagun nahi baitu. Ez da bizitzeko era sanoagorik eta egokiagorik. Hain zuzen, horixe du bere ezkutuko motibazioa errealitatearen misterioa Jainko Aitaganako fedez bizi duenak ere.
Zer da Jainkoaren Seme gizon eginarekin bizitzea? Lehenik eta behin, Jesusi jarraitzea: hura ezagutzea, hari sinestea, harekin bat etortzea, haren urratsei jarraituz bizitzen ikastea. Bizitzari hark begiratzen zion bezala begiratzea; jendeari hark ematen zion tratua ematea; onberatasunaren eta askatasun askatzailearen seinaleak ereitea, Jesusek egiten zuen bezala. Bizitza gizatarragoa eginez bizitzea. Horrela bizi da Jainkoa bera gizon egin denean. Kristau batentzat ez da bizitzeko era biziagorik.
Bigarren, Aitaren nahiari jarraituz, Jesusek abian jarri duen Jainkoaren Egitasmoan lankide izatea. Ez gintezke gelditu alfer. Negar dagitenak barrez ikusi nahi ditu Jainkoak, gose direnak jaten ikusi nahi ditu. Gauzak aldatu beharra dugu, bizitza guztientzat bizitzago izan dadin. Jesusek «Jainkoaren erreinu» deitzen duen Egitasmoa hau dugu markoa, norabidea eta horizontea: bizitza gizatarrago egiteko, Jainkoaren azken misteriotik planteatzen zaiguna.
Zer da Espiritu Santuak arnasturik bizitzea? Lehenengo, maitasunak arnasturik bizitzea. Hori atera daiteke Jesusen ibilbide osotik. Funtsezko gauza, dena maitasunez eta maitasunetik bizitzea da. Ez da gauza inportanteagorik. Maitasuna da gure existentziari zentzua, egia eta esperantza ezartzen dion indarra. Maitasuna da hainbat trakeskeria, errore eta miseriatatik salbatzen gaituena.
Azkenik, «Jainkoaren Espirituak gantzuturik» bizi denak bereziki sentitzen du deia pobreei Berri Ona hots egiteko. Halakoaren bizitzak indar askatzailea du gatibuentzat; argia itsu bizi direnentzat; erregalu da zoritxarreko sentitzen direnentzat.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.