lunes, 27 de junio de 2011

2011/07/03 - Urteko 14. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko uztailaren 3a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 14. igandea (A)

EBANJELIOA

Gozoa eta bihotz-apala naiz.

+ Mateo 11, 25-30

Behin batean, Jesus honela mintzatu zen: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu.
Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan baituzu gogoko.
«Nire Aitak nire esku utzi du dena. Eta inork ez du Semea ezagutzen, Aitak baizik; ezta Aita ere inork ezagutzen, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak.
«Zatozte niregana, nekatu eta zamatu guztiok, eta neuk emango dizuet atseden. Hartzazue nire uztarria eta ikasi niregandik, gozoa eta bihotz-apala bainaiz ni, eta aurkituko duzue bizitzarako atsedena; eramanerraza baita nire uztarria eta arina nire zama».

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko uztailaren 3a

HERRI XUMEA

Jesusek ez zuen izan arazorik jende xumearekin. Herriak aise egiten zuen Jesusekin bat. Familia aurrera ateratzeko bere lurrak landuz bizi zen jende umil hark pozik onartzen zuen Jainko Aitaz ematen zion mezua: bere seme-alaba guztiez arduratsu zela, batez ere bazter utziak zirenez.
Ezgaituenak Jesusen bedeinkazio bila ibili ohi ziren: haren inguruan askoz hurbilago sumatzen zuten zeruko Aita. Emakumeek barruntatzen zuten Jesusek esaten zuen bezala maitatzen dituela Jainkoak bere seme-alabak: ama baten bihotzez.
Herria konturatu zen berek behar zuten Jainkoa agertzen ari zitzaiela Jesus; hain zuzen ere, Jainkoaz hitz egiten zuen moduaz, bere izateko eraz eta pobreen eta beharrean zirenen aurrean zuen jarreraz. Aitaren hurbiltasun salbatzailea sumatzen zuten Jesusengan.
«Adituen» jarrera bestelakoa zen. Herri xumeari poza ematen dionak gogaitu egiten ditu halako aditu haiek. Lege-maisuek ezin ulertu dute nolatan kezkatzen den Jesus hainbeste sufrimenduaz eta hain gutxi larunbata betetzeaz. Jerusalemgo buruzagi erlijiosoek errezeloz begiratzen diote: Jesusek hots egiten duen Jainko Aita ez da Berri On, baizik arrisku haien erlijioarentzat.
Jesusentzat, bere mezuarekiko erreakzio desberdin hau ez da ustekabekoa. Aitari hori iruditu zaio hoberena. Horregatik, eskerrak damaizkio guztien aurrean: «Aita, zeruko eta lurreko Jauna, eskerrak damaizkizut gauza hauek jakintsuei eta adituei ezkutatu eta jende xumeari ezagutzera eman dizkiozulako. Bai, Aita, hobeto iruditu zaizu hori».
Gaur ere beste inork baino hobeto atzematen du Ebanjelioa jende xumeak. Ez du arazorik Jesusekin bat egiteko. Erlijio-kontuan «adituak» direnei baino gehiago agertzen zaio Aita. Jesusez hitz egiten entzuten dutenean, berez bezala jartzen dute konfiantza harengan.
Gaur, esateko, garrantzizkoa den guztia eliz hierarkiaren baitan pentsatzen eta erabakitzen da, herri xumea kontuan izan gabe eta urrun utziz. Halere, ezer gutxi egin ahal izango da berririk eta onik etorkizuneko kristautasunarentzat herri xume hori gabe. Herri horrek egingo digu tira Eliza ebanjelikoago baterantz, eta ez teologokoek, ez buruzagi erlijiosoek.
Herri sinestedunaren baitan den potentzial ebanjelikoa berraurkitu beharra dugu. Kristau xume askok Kristorekiko atxikimendua modu ebanjelikoagoan bizi beharra ikusten, desiratzen eta eskatzen dute, Jesusen Espirituak biziberrituan den Elizan. Ebanjelio gehiago eta irakaspen gutxiago ari zaigu eskatzen. Funtsezkoa ari zaigu eskatzen, eta ez axaleko gauzak.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko uztailaren 6a

JESUSEN HIRU DEI

Behin batean ezustekoa eman zion Jesusek jendeari, Jainkoari eskerrak ematen ikusi baitzuten; alde batetik, Galileako jende xumearen artean arrakasta izan zuelako eta, bestetik, lege-maisuen, idazkarien eta apaizen artean porrota izan zuelako. «Eskerrak zuri, Aita,…gauza hauek jende jakintsu eta adituari ezkutatu eta jende xumeari agertu dizkiozulako». Pozik ageri da Jesus. «Bai, Aita, hobeto iruditu zaizu hori». Hori da «gauzak» agertzeko Jainkoak duen moldea.
Jende xume eta ezjakina, eskola handirik izateko aukerarik izan ez duena, tenpluko erlijioaren baitan ezdeus bat dena: horixe da bihotz garbiz Jainkoari irekitzen ari zaiona. Prest daude Jesusek eskolatu ditzan. Jesusen bidez ari zaie Aita bere maitasuna agertzen. Beste inork ez bezala ulertu dute horiek Jesus.
Alderantziz, «jakintsuek eta adituek» ez dio Jesusi ezer ulertu. Beren ikusmolde jakintsua dute Jainkoaz eta erlijioaz. Dena dakitelakoan daude. Ezin dute ikasi Jesusengandik ezer berririk. Beren ikusmen itxiak eta bihotz gogortuak eragotzi egin diete bere Semearen bidez Aitak eskaini dien errebelaziori irekitzea.
Jesusek bukatu du bere otoitza, baina «jende xumeagan» pentsatzen jarraitzen du. Seforisko eta Tiberiadesko boteretsuek zapaldurik dauzkate, eta tenpluan ez dute aurkitzen zerk arindurik. Bizitza gogorra bizi dute, eta «adituek» eskaintzen dieten dotrinak are gogorragoa eta zailagoa egiten die. Hiru dei egin dizkie Jesusek.
«Zatozte nigana nekaturik eta zamaturik zaudeten guztiok». Lehenengo deia da. Erlijioa zamatzat daukaten guztiei doakien deia, salbazioaren poza atzematea eragozten dieten dotrinek zamaturik bizi direnei doakien deia da. Jesusekin bizi badira, berehala sumatuko dute arintze bat; «Nik arinduko zaituztet».
«Hartu nire uztarria…eramateko erraza baita, eta arina nire zama». Bigarren deia da. Trukatu egin behar da uztarria. Alde batera utzi «jakintsuena eta adituena», astuna baita eramateko, eta Jesusena hartu, bizitza eramangarriago egiten baitu. Kontua ez da Jesusek gutxiago eskatzen duela. Gehiago eskatzen baitu, baina beste era batean. Funtsezkoa eskatzen du Jesusek: pertsonari kalte egiten dionetik askatzen duen maitasuna.
«Ikasi nigandik, otzana eta bihotz-apala bainaiz». Hirugarren deia da. Legea betetzen ikasi behar da eta erlijioa haren espirituaren arabera bizitzen. Jesus ez da etorri bizitza «korapilatzera», sinpleago eta apalago bihurtu du. Ez du zapaltzen. Baizik eta askatu egiten du, era duinagoan eta gizatarragoan bizi ahal izateko. «Atsedena» da harekin topo egitea.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.