lunes, 9 de enero de 2012

2012/01/15 - Urteko 2. igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.

2012ko urtarrilaren 15a

Urteko 2. igandea (B)



EBANJELIOA

Non bizi zen ikusi eta berarekin gelditu ziren.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 1, 35-42

Egun haietan, berriro ere bertan zegoen Joan bere bi ikaslerekin. Jesus handik igarotzen ikusirik, esan zuen:

- Hona hemen Jainkoaren Bildotsa.

Bi ikasleek, hori entzutean, Jesusi jarraitu zioten. Jesusek, atzera begiratu eta ondoren zetozkiola ikusirik, galdetu zien:

–Zeren bila zabiltzate?

Haiek erantzun:

–Rabbi, non bizi zara? (Rabbik «Maisu» esan nahi du).
Jesusek esan zien:
–Etorri eta ikusi.
Joan, non bizi zen ikusi eta berarekin gelditu ziren egun hartan. Arratsaldeko laurak aldea zen.
Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten bietariko bat Andres zen, Simon Pedroren anaia.
Lehenik, bere anaia Simonekin egin zuen topo, eta esan zion:
- Mesias aurkitu diagu. (Mesiasek «Kristo» –hau da, Gantzutu– esan nahi du).
Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek, begira-begira jarririk, esan zion:
- Simon zara zu, Joanen semea, baina aurrerantzean Kefas deituko zara- (Kefasek «Pedro» –hau da, Harkaitz– esan nahi du).
Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko urtarrilaren 15a

BIZITZEN IKASI

Joan ebanjelariak Jesusen jarraitzaileen talde koxkorraren hasiera apala kontatu digu. Era misteriotsuan hasi du bere kontakizuna. Esaten du Jesus «pasatzen ari dela». Ez dakigu ez nondik datorren, ez nora doan. Ez da gelditu Bataiatzailearen ondoan. Basamortuko honen mundu erlijiosoa baino harago doa. Horregatik, harengan arreta jartzeko esan die bere ikasleei Bataiatzaileak: «Hau da Jainkoaren Bildotsa». Jainkoagandik dator Jesus, ez boterez eta aintzaz, baizik babesik eta indarrik gabeko bildots bezala. Inoiz ere ez du ezarriko ezer indarrez, inor ez du behartuko bere baitan sinestera. Egun batean gurutzean hilko dute. Jarraitu nahi diotenek libreki onartu beharko dute. Bataiatzaileari entzun dioten bi ikasleek Jesusi jarraitzera jo dute, hitzik esan gabe. Bada Jesusengan erakartzen dituen zerbait, nahiz artean ez dakiten zein den, ez norantz daramatzan. Alabaina, Jesusi jarraitzeko, ez da aski entzutea hartaz bestek esaten dutena. Beharrezkoa da esperientzia pertsonala. Horregatik, itzuli eta oso garrantzizko galdera egin die Jesusek: «Zeren bila zabiltzate?» Hauek dira Jesusek bere jarraitzaileei egindako lehen hitzak. Ezin da ibili haren ondoren nolanahi. Zer espero dugu harengandik? Zergatik jarraitzen diogu? Zeren bila gabiltza? Gizon haiek ez dakite nora eraman ditzakeen Jesusi jarraitzearen abenturak, baina sumatzen dute artean ezagutzen ez duten zerbait erakusten ahal diela: «Maisu, non bizi zara?» Ez dabiltza irakaspen handiak emango dien bila. Non bizi den agertzeko eskatu die, nola bizi den, eta zertako? Bizitzen erakuts diezaien nahi dute. Jesusek diotse: «Zatozte eta ikusiko duzue». Elizan eta hartaz kanpo, aski dira bizitzako labirintoan galdurik bizi direnak, biderik eta norabiderik gabe. Batzuk indartsu hasi dira sentitzen beste era batean nola bizi ikasi beharra, gizatasun handiagoz, era sanoago eta duinagoan nola bizi. Jesusekin topo egitea albiste on gerta dakieke. Gauza zaila da hurbiltzea ebanjelariek kontatu diguten Jesusengana, hura erakargarri sentitu gabe. Beste horizonte bat agertzen dio Jesusek gure bizitzari. Zoririk hoberena opa digun Jainkoaren arabera bizitzen irakasten digu. Apurka-apurka, blokeatzen gaituzten engainu, ikara eta egoismotik askatzen gaitu. Haren ondoren bideari ekiten diona poza eta sufritzen ari direnekiko sentiberatasuna berreskuratzen hasi ohi da. Egia eta eskuzabaltasun handiagoz bizitzen hasten da, zentzu eta esperantza handiagoz bizitzen. Jesusekin topo egitean, sentipen hau izan ohi du pertsonak: noizbait ere hasia dela bizitza errotik bizitzen; izan ere, gogoan Jainko Ona duela hasi baita bizitzen, teoria guztiak baino Jainko gizatarragoa, adiskideagoa eta salbatzaileagoa. Dena desberdin izaten hasten da.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.