lunes, 23 de enero de 2012

2012/01/29 - Urteko 4. igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.

2012ko urtarrilaren 29a

Urteko 4. igandea (B)



EBANJELIOA

Nagusitasunez irakasten zien.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,21-28

Egun haietan, Jesus eta bere ikasleal Kafarnaumen sartu ziren. Eta, larunbatean sinagogara joanik, irakasten hasi zen Jesus.

Haren irakaspenaz txunditurik zegoen jende guztia, nagusitasunez irakasten baitzien eta ez lege-maisuek bezala.

Bazen, hain zuzen, sinagoga hartan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat. Eta oihuka ekin zion:

–Zer duk gurekin, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua.

Jesusek gogor eraso zion:
–Isil hadi eta irten horrengandik!
Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra eman zion eta, garrasi handia eginez, atera egin zen harengandik. Guztiz ikaraturik gelditu ziren denak, elkarri galdezka: «Zer dugu hau? Irakaspen berria, eta nolako nagusitasunez emana gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen die eta hauek esana egiten!»
Laster zabaldu zen Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.
Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko urtarrilaren 29a
SENDATZAILEA

Markosen arabera, espiritu gaiztoak hartua zen gizon bat sendatzea izan zen Jesusen jendaurreko lehen ekintza, Kafarnaumeko sinagogan. Pasadizo txundigarria da, irakurlea, hasieratik beretik, Jesusen indar sendatzaile eta askatzaileaz jabetu dadin. Larunbata da eta herria sinagogan dago elkartua, lege-maisuek Legeaz egindako iruzkina entzuteko. Lehen aldiz aldarrikatu du Jesusek Jainkoaren Berri Ona, Israelen tradizio erlijiosoak ofizialki irakasten diren lekuan preseski. Jendea harriturik gelditu da hari entzutean. Inpresioa dute ordu arte albiste zaharrak entzun izan dituztela, aginpiderik gabe jaulkiak. Besterik da Jesus. Ez du errepikatzen besteri entzuna. Aginpidez mintzo da. Askatasunez eta beldurrik gabe iragartzen du Jainko Onbera. Bat-batean gizon bat «oihuka hasi da: Gu galtzera etorri al zara?» Jesusen mezua entzutean, mehatxupean ikusi du bere burua. Bere mundu erlijiosoak gainbehera egin du. Ebanjelariak diosku «espiritu gaiztoak», Jainkoaren kontrakoak hartua dela. Zein indar arrotzek eragozten dio Jesusi entzuten jarraitzea? Zer esperientzia kaltegarri eta zitalek hesitzen diote Jesus hots egiten ari den Jainko Onberaganako bidea? Jesus ez da aztoratu. Gizon gizajoa gaitzak menderatua ikusi du, eta oihu degio: «Hago isilik eta irten hadi horren baitatik». Isiltzeko agindu die Jainkoarekin eta bere buruarekin topo egitea eragozten dien ahots gaizto horiei. Berreskura dezala, esaten dio gizonari, gizakiaren hondoaren hondoena saneatzen duen isiltasuna. Era dramatikoan kontatu du sendatzea kontalariak. Suntsitzeko azken ahalegina eginez, espirituak gizona «bihur-bihurri egin eta, oihu bortitza botaz, irten zen». Gizona bere barne indarkeriatik askatzea lortu du Jesusek. Ilunari eta Jainkoarekiko ikarari hesia jarri die. Orduz gero entzun ahal izango du Jesusen Berri Ona. Ez dira gutxi beren baitan Jainkoaz irudi faltsuak dituzten gizon-emakumeak, duintasunez eta egiaz bizitzea eragozten dietela. Modu kreatzailean bizitzera gonbidatzen duen presentzia adiskidetsutzat hartu ordez, beren bizitza kontrolatzen ari den itzal mehatxatzailetzat hartzen dute Jainkoa. Jainko zapaltzailetik askatuz hasten da Jesus sendatzen beti. Haren hitzak konfiantza ematen du eta ikara galtzen. Haren parabolek Jainkoarekiko maitasunera zaramatzate, eta ez legeari itsuki atxikitzera. Haren presentziak askatasuna handiarazten du, eta ez mendetasuna; bizia maitatzea sustatzen du, eta ez erresumina. Jesusek sendatzen badu, inor baztertu gabe onberatasuna, barkazioa eta maitasuna bizitzen erakusten duelako da. Saneatzen badu, gauzen, buru-engainuaren eta egolatriaren boteretik askatzen duelako da.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.