lunes, 7 de octubre de 2013

2013/10/13 - Urteko 28. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko urriaren 13a

Urteko 28. Igandea (C)


EBANJELIOA

Jesusen oinetara ahuspez erori zen, eskerrak emanez.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 17,11-19

Jerusalemera bidean, Samarian eta Galilean barrena zihoan Jesus.
Herri batean sartzerakoan, hamar legendun atera zitzaizkion bidera. Urruti gelditurik, deiadarka esan zioten:
–Jesus, Maisu, erruki zakizkigu!
Jesusek, ikustean, esan zien:
–Joan eta azaldu apaizengana.
Bidean zihoazela, garbi gelditu ziren.
Haietako bat, sendatua zegoela oharturik, Jainkoa deiadarka goratuz itzuli eta Jesusen oinetara ahuspez erori zen, eskerrak emanez; samariarra zen bera.
Jesusek esan zuen:
«Ez ote dira hamarrak garbi gelditu? Non dira beste bederatziak? Ez al da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etortzeko?»
Gero, esan zion: «Jaiki eta zoaz; zeure sinesmenak salbatu zaitu».

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko urriaren 13a

SINETSI ESKER ONIK GABE

Samaria inguruan hamar lepradunen talde bat sendatu izana kontatuz hasten da gaurko kontakizuna. Baina, oraingo honetan, Lukas ez da luzatu sendatzearen xehetasunak deskribatzen, baizik eta lepradunetako batek, sendaturik sentitzean, zein erreakzio izan duen agertu du. Arduratsu deskribatu ditu haren urrats guztiak; kristau ez gutxiren ohikeriazko fedeari astindu bat eman nahi dio horrela.
Jesusek eskatu die lepradunei apaizengana joateko, gizartean integratzeko baimena emango dien agiria lortzeko. Alabaina, haietako bat, sendatua sentitzean, apaizengana joan ordez, Jesusen bila itzuli da. Sentitu du bizitza berri bat hasi dela berarentzat. Aurrerantzean, desberdina izango da dena: era duinean eta zorionekoan bizi ahal izango da. Badaki zeini zor dion hori. Jesusekin topo egin beharra sentitzen du.
«Oihuka Jainkoa goratuz» itzuli da. Badaki, Jesusen indar salbatzaileak Jainkoagan bakarrik izan dezakeela bere jatorria. Orain gauza berri bat sentitzen du Jesusek hots egiten duen Aita On horretaz. Ez du hori sekula ahaztuko. Aurrerantzean Jainkoari eskerrak emanez biziko da. Bere indar guztiez goratuko du. Guztiek jakin behar dute Jainkoaren maitasuna sentitzen duela berak.
Jesusekin topo egitean, «haren aurrean belaunikatu da, eskerrak emanez». Lagunek beren bidean jarraitu dute apaizengana joateko; berak, ordea, badaki Jesus dela Salbatzaile bakarra. Horregatik dago hemen, Jesusen ondoan, eskerrak emanez. Jainkoaren erregalurik hobena aurkitu du Jesusengan.
Kontakizunaren bukaeran, Jesus mintzatu da eta hiru galdera egin ditu, gertatuaren aurrean bere harridura eta tristura agertuz. Ez doazkio bere oinetan duen samariarri. Lukasek, kristau-elkarteek entzutea nahi duen mezua biltzen dute.
«Ez al dira hamarrak garbi gelditu?» Ez al dira hamarrak sendatu? Zergatik ez dute aitortu Jesusengandik hartu dutena? «Beste bederatziak, non dira?» Zergatik ez daude hemen? Zergatik bizi da hainbeste kristau Jainkoari ia inoiz eskerrik eman gabe? Nolatan ez dute sentitzen esker on berezirik Jesusekiko? Ez ote dute ezagutzen? Ez al die ezer esaten?
«Ez al da itzuli atzerritar hau beste inor Jainkoari eskerrak emateko?» Nolatan gertatzen da, erlijioa betetzen ez duen hainbeste pertsonak Jesusen aurrean miresmena eta esker ona agertzea, eta kristau batzuek ezer berezirik ez sentitzea haren aurrean? Benedikto XVI.ak adierazi zuen duela urte batzuk: bila dabilen agnostiko bat hurbilago egon daitekeela Jainkoagandik, tradizioz eta ondarez den ohikeriazko kristau bat baino. Fededunengan poza eta esker ona eragiten ez dituen sinesmena fede gaixotia da.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko urriaren 10a

SENDATZEA

Ezaguna da pasadizoa. Jesusek hamar lepradun sendatu ditu eta apaizengana bidali, beren familiara itzultzeko baimena eman diezaieten. Horretan amaitzen ahal zen kontakizuna. Baina, ez; haietako bakoitzaren erreakzioa nabarmendu nahi izan du ebanjelariak.
Behin sendatuz gero, lepradunak ezkutatu egin dira eszenatik. Ez dakigu ezer haietaz. Ematen du ez dela ezer gertatu haien bizitzan. Halaz guztiz, haietako batek «sendatua ikusi du bere burua» eta konturatu da ezen erregalu handi bat egin diotela. Eta Jainkoa sumatu du sendatze haren jatorrian. Bihotz-handi, itzuli egin da «Jainkoa oihuka goratuz» eta «Jesusi eskerrak emanez».
Eskuarki, komentariogileek esker emate bezala interpretatu izan dute haren erreakzioa: beste bederatziak esker txarreko dira; itzuli dena bakarrik da esker oneko. Egia esan, badirudi horixe iradokitzen duela kontakizunak. Halaz guztiz, Jesus ez da mintzo esker onaz. Dio ezen samariarra «Jainkoa aintzatzera» itzuli dela. Eta Jainkoa aintzatzea eskerrak ematea baino zerbait gehiago da.
Pertsona bakoitzaren historia txikian, gaixotasunaren, oinazearen eta atsekabearen proba bizi izan duenaren historian, esperientzia pribilegiatua da sendatu izana, Jainkoa aintzatzeko gure izatearen Salbatzaile den aldetik. Hau dio Lyongo Ireneo santuaren esapide sonatu batek: «Hona zerk duen aintzatzen Jainkoa: bizia bete-betean duen gizakia». Sendatua izan den lepradunaren gorputz hori Jainkoaren aintza abesten duen gorputza da.
Dena dakigula uste izaten dugu geure organismoaren funtzionamenduaz; halere, gaixotasun larri batetik norbait sendaturik ikusteak harrigarri izaten jarraitzen du. Beti da «misterio» esperimentatzea nola oneratzen den gure bizitza, nola indarberritzen garen, nola handitzen diren gure konfiantza eta gure askatasuna.
Sendatzea bezain errotiko eta oinarrizko esperientzia gutxi bizi izango ditugu, gaitzaren gaineko eta herio-mehatxuaren gaineko biziaren garaipena esperimentatu ahal izateko. Horregatik, Jainkoari, gure izatearen oinarri bezala eta bizi berriaren jatorri bezala datorkigun Jainkoari modu berrian ongi etorri egiteko ahalbidea eskaintzen zaigu sendatuak garela sumatzean.
Medikuntza modernoak jende askori ahalbidetzen dio gaur egun sendatze-prozesua bizi ahal izateko zoria, iraganean baino sarriago. Esker oneko izan behar genuke sendagile horiekiko, baina sendatu zarela sumatzea, aldi berean, Jainkoarekin harreman berriak izateko aukera eta estimulu ere izan daiteke. Ez-axolarik federa igaro gintezke, ukatzetik ongi etorri egitera, zalantzatik konfiantzara, ikaratik maitasunera.
Jainkoari eginiko ongi etorri honek senda gaitzake kalte egiten diguten ikaratik, hutsunetik, zaurietatik. Errotzen ahal gaitu bizitzan era osasungarriagoan eta askeagoan. Sendatzen ahal gaitu oso-osorik.

José Antonio Pagola


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.