domingo, 27 de octubre de 2013

2013/11/02 - Hildako Fededun guztien oroipena (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko azaroaren 2a

Hildako Fededun guztien oroipena (C)


EBANJELIOA

Neu naiz bidea, egia eta bizia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 14,1-6

Denbora haietan Jesusek esan zioten bere jarratzailei:
«Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan eta sinetsi niregan ere.
Nire Aitarenean toki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten.
Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».
Tomasek esan zion:
–Jauna, ez dakigu nora zoazen; nola jakin bidea?
Jesusek erantzun:
–Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik.

Jaunak esana.

HOMILIA

2008ko azaroaren 2a

NEGAR ETA OTOITZ EGIN

Ez jakinarena egin genezake. Hartaz ez hitz egin ere bai. Bizi genezake egun bakoitza bizi-bizi, gainerako guztiaz ahaztuz. Baina ezin saihestu dugu. Goiz edo berandu, herioa bisitan etorriko zaigu etxera, etxeko maiteenak berekin eramanez.
Nola erreakzionatu semea edo alaba betiko harrapatu digun istripu horren aurrean? Zer jarrera izan bere azken agurra esan nahi digun senarraren hilzorian? Zer egin hainbat adiskidek eta lagun maitek geure bizitzan uzten ari zaizkigun hutsunearen aurrean?
Lagun bakoitza, bera bakarrik, zeharkatzen ari den atea bezala da heriotza. Atea itxi orduko, hildakoa betiko ezkutatu zaigu. Ez dakigu hildakoa zertan den. Hain maitea eta hurbila genuen hura misterio batean galdu zaigu. Nola bizi ezintasunaren, nahasmenduaren, egundoko penaren esperientzia hori?
Ez da gauza erraza. Urte hauetan asko aldatu gara barrutik. Kritikoago egin gara, baina zaurigarriago ere bai. Eszeptikoago, baina premia handiagoko ere bai. Inoiz baino hobeto dakigu ezin eman diogula geure buruari gizakiak bere barnean gura duen guztia.
Horregatik gogorarazi nahi ditut, gizarte honetan hain zuzen, Jesusen hitz batzuk; baina guztiok inguratzen gaituen azken misteriora apal-apal irekitzen bagara bakarrik gerta daitezke esanguratsu: «Ez bedi larritu zuen bihotza. Sinetsi Jainkoagan. Sinetsi nigan ere».
Uste dut ezen guztiok, fede onekook, gutxikook, gutxiagokook eta fede txarrekook, bi gauza egin ditzakegula heriotzaren aurrean: negar egin eta otoitz egin. Nork bere fede eskasez. Konbentzimenduko fedez, duda-mudakoz, kasik itzalia den horrekin. Guk arazo asko izan ohi dugu geure fedearekin, baina Jainkoak ez du inolako arazorik gure ezina ulertzeko eta gure bihotz barnean dagoena ezagutzeko.
Hileta batera joaten naizenean, pentsatu ohi dut ezen han biltzen garenok, lagun maite baten heriotza dela eta, hau esaten ahal diogula segur aski utzi gaituenari: «Oraino ere maite zaitugulako gaude hemen, baina ez dakigu jadanik zuregatik zer egin. Txikia eta ahula da gure fedea. Jainko onaren misterioaren esku jarri nahi zaitugu. Guk eskaintzen ahal dizuguna baino leku hobea duzu hura. Izan zaitez zoriontsu. Zu maitatzeko gu gauza izan ez garen moduan maite zaitu Jainkoak. Haren esku uzten zaitugu».

Jose Antonio Pagola


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.