lunes, 22 de septiembre de 2014

2014/09/28 - Urteko 26. Igandea (A)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Datorren urriaren 2an, 19:30etan, Jose Antonio Pagolaren hitzaldia izango dugu, Kepa Apostolu deunaren parrokian,                 "Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción" izenburuarekin.
Gonbidatuta zaudete denak.
                                             Konferentziako gidoia.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 26. Igandea (A)


EBANJELIOA

Damutu eta joan egin zen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 21, 28-32

Aldi haietan, Jesusek esan zien abadeburu eta herriko zaharrei: «Ea zer iruditzen zaizuen. Gizon batek bi seme zituen. Batarengana joan eta esan zion: “Seme, hoa gaur mahastira lanera”. Hark erantzun zion: “Ez dut nahi”; baina handik berehala damutu eta joan egin zen. Bestearengana ere joan zen aita eta gauza bera esan zion. Eta hark erantzun: “Banoa, jauna”; baina ez zen joan. Zuen ustez, bietatik zeinek egin zuen aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun zioten.
Jesusek esan zien: «Benetan diotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. Izan ere, etorri zitzaizuen Joan Bataiatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea azalduz, eta ez zenioten sinetsi; zergalariek eta emagalduek, ordea, sinetsi zioten. Eta zuek, hori ikusita ere, ez zarete aldatu: oraindik ez diozue sinetsi.

Jaunak esana

HOMILIA

2014ko irailaren 28a

GURE AURRETIK
Behin batean, hitz latz hauek bota zizkien Jesusen bere herriko gidari erlijiosoei: «Ziur esan nahi dizuet, zerga-biltzaileek eta emakume prostituituek aurrea dizuetela Jainkoaren erreinurako bidean». Duela urte batzuk egiaztatu nuen Jesusen hitz hauek ez direla ahoberokeria bat.
Lurralde desberdinetako emakume prostituituren talde batek, Ahizpa Oblata batzuk lagun zituztela, gogoeta egin zuten Jesusez; Jesus. Hurbiltze historikoa izeneko liburua zuten laguntzaile. Oraino hunkiturik nauka, arima xume eta bihotz oneko emakume hauengan, Jesusek duen indarrak eta tiramenak. Gogora ditzadan haien testigantza batzuk.
«Zikin sentitu nintzen, hutsik eta gauza hutsal, mundu osoak erabiltzen ninduen. Orain, bizitzeko gogoa sentitzen dut, zeren Jainkoak asko baitaki nire sufrimenaz… Nire barnean dago Jainkoa. Bai, nire barnean dago Jainkoa. Nire barnean dago Jainkoa. Jesus honek ulertzen dit!...».
«Orain, etxera iristean lanaren ondoren, ur oso beroz garbitzen naiz, neure azaletik zikina kentzeko, eta ondoren otoitz egiten diot Jesusi, hark, bai, hark ulertzen didalako eta asko dakielako nire sufrimenaz… Jesus, bizieraz aldatu nahi dut, gida nazazu, zuk bakarrik ezagutzen duzu nire geroa…».
«Egun osoan eskatzen diot Jesusi, aparta nazala bizimodu honetatik. Zerbait gertatzen zaidan guztietan, dei egiten diot eta laguntzen dit berak. Nigandik hurbil dago bera, zoragarria da… Eskutik narama, bere besoetan hartzen nau berak, haren presentzia sentitzen dut…».
«Egunsentian hitz egiten dut berarekin. Hobeto entzuten dit berak orduan, zeren ordu hauetan jendea lo baitago. Hemen da bera, ez dago lo. Hemen dago bera beti. Ateak itxirik, belauniko jarri eta eskatzen diot, merezi dezadala nik beraren laguntza, barka diezadala, beragatik borroka egingo dudala…».
«Behin batean, plazan nengoen, paretaren kontra, eta esan nion: Oi, ene Jainkoa, honetarako bakarrik balio ote dut, ba, nik? Prostituziorako bakarrik?... Orduan sentitu nuen Jainkoak bere besoetan hartzen ninduela, ulertu duzu?, ni aldaraziz. Une hartan izan zen. Hainbesteraino, non ezin bainaiz ahaztu, Ulertu duzu?…».
Nik orain Jesusekin hitz egiten dut eta esaten diot: hemen nauzu, zatozkit lagun. Zuk ikusi zenuen nire lagunari gertatua (hotel batean hil zuten lagun batez ari zen). Haren alde erregutzen dizut, eta nire lagunei ezer txarrik ez gertatzeko erregutzen dizut. Nik ez dut hitz egiten, baina haientzat erregutzen dizut, pertsona baitira haiek ere ni bezala…».

«Haserre bizi nago, triste, mindurik, ukaturik, ez nau inork maite, ez dakit nori bota errua, edo hobe izango litzateke jendea eta neure burua gorrotatzea, edo mundua. Begira, haurra nintzenetik sinetsi nuen zugan eta bide eman duzu hau guztia niri gertatzeko… Beste aukera bat eman nahi dizut orain ni babesteko. Beno, barkatzen dizut, baina ez nazazu eskutik utzi gehiago…»
José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko irailaren 25a

ERLIJIOAREN ARRISKUA

Jesusek egun batzuk daramatza Jerusalemen, tenpluaren inguruan ibilki. Kalean ez du aurkitu Galileako herrixketako harrera adiskidetsurik. Bidean gurutzatzen dituen buruzagi erlijiosoek itzala kendu nahi diote hiriburuko jende xumearen aurrean. Eta ez dute atsedenik izango gurutzera eraman arte.
Jesusek, halere, ez du galtzen bakerik. Nekaezineko pazientziaz jarraituko du jendeari konbertsiora deituz. Haiek ikustean burura etorri zaion pasadizo xume bat kontatu die: aita batek bi semeei familiaren mahastira lanera joateko egin dien eskariarena.
Lehenengoak garbi esan dio aitari ezetz: «Ez dut nahi». Ez dio eman inolako argibiderik. Halere, geroago hausnartu eta konturatu da aitari uko egiten ari dela, eta, damuturik, mahastira doa.
Bigarrenak begirunez erantzun dio aitari: «Banoa, Jauna». Haren gogoa betetzeko prest dela ematen du, baina handik laster ahaztu egin da esandakoaz. Ez du pentsatzen ere aitagan. Dena hitz huts da. Ez doa mahastira.
Mezua ulertu ez dutelakoan, «herriko apaiz nagusi eta zaharrengana» zuzenduz, Jesusek zuzenean eta zirikatzaile aplikatu die parabola: «Benetan diotsuet: zerga-biltzaileek eta prostitutek aurrea hartuko dizuete Jainkoaren Erreinuan». Aitaren egitasmoan ageri duten aurkaritza ikusarazi nahi die.
Halere, haiek dira erlijioaren «profesionalak»: tenpluko Jainkoari «bai» handi bat esan diotenak, kultuko espezialistak, legearen guardiak. Baina ez dute sentitzen konbertsio-beharrik. Horregatik, Jainkoari bidea prestatzera Joan profeta etorri denean, «ez» esan diote; Erreinuan sartzera konbidatuz, Jesus etorri denean, «ez» esanez jarraitu dute.
Aitzitik, «bakatuaren profesional» dira zerga-biltzaileak eta prostitutak ; haiek izan dira erlijioaren Jainkoari «ez» handia esan diotenak; legearen eta kultu santuaren eremutik kanpo jarri direnak. Halere, haien bihotza irekia da konbertsiorako. Joan etorri denean, sinetsi diote; Jesus etorri denean, onartu dute.
Erlijioak ez darama beti Aitaren nahia egitera. Gerta liteke nork bere burua seguru sentitzea betebehar erlijiosoak betetzeari dagokionez; baita ohitzea ere konbertitu eta kanbiatu beharrik ez duela pentsatzera. Erlijiotik urrun direnek egin behar izaten dute hori. Horregatik da hain arriskutsua Ebanjelioa entzutearen ordez otoitz-zaletasun erlijiosoa jartzea.Jesusek esana da: «Ez dira sartuko Jainkoaren Erreinuan “Jauna, Jauna” esango didaten guztiak, baizik zeruko nire Aitaren nahia egingo dutenak».

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko irailaren 28a

AURREA HARTU DIETE

Hain xumea da parabola, non ez baitu ematen Jesus bezalako profeta handi baten dina den. Halaz guztiz, ez da esana Jesusen inguru-minguru korrika dabiltzan haur batzuentzat, baizik tenplura hurbiltzen denean erasoka hartzen duten «herriko apaiz nagusi eta zaharrentzat».
Kontakizunaren arabera, bere mahastira lanera joateko eskatu die aitak bere bi semeei. Lehenak zakar erantzun dio: «Ez dut nahi», baina ez da ahaztu aitaren esanaz eta han doa lanera mahastira. Bigarrenak prestutasun miresgarriz erantzun dio: «Bai, banoa, aitta»; baina dena hitz huts gertatu da. Inork ez du ikusiko mahastian lanean.
Parabolaren mezua argi dago. Jesusi entzuten dioten zuzendari erlijiosoak ere ados dira. Baina, Jainkoaren aurrean, garrantzizkoa ez da «hitz egitea», baizik «betetzea». Zeruko Aitaren gogoa betetzeko, gauza erabakigarria ez dira hitzak, promesak eta otoitzak, baizik egintzak eta eguneroko bizitza.
Gauzarik harrigarriena Jesusek parabola zeini egokitu dion da. Ezin gogorrago dira haren hitzak. Mateo ebanjelariak bakarrik jaso ditu, baina dudarik gabe Jesusek esanak dira. Jesus bakarrik baliatu ahal zen halako askatasunaz zuzendari erlijiosoen aurrean: «Garbi diotsuet: zerga-biltzaileek eta prostituituek aurrea hartu dizuete Jainkoaren erreinurako bidean».
Bere esperientziatik mintzo da Jesus. Zuzendari erlijiosoek «bai» esan diote Jainkoari. Lehenak dira hartaz, haren legeaz eta haren tenpluaz hitz egiten. Baina, «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna bila dezaten» Jesusek eskatu dienean, sorgor bihurtu dira haren mezuarekiko eta ez dute hartu harako bidea. Eta, Jesusi muzin eginez, «ez» esan diote Jainkoari.
Zerga-biltzaileek eta prostituituek «ez» esan diote Jainkoari. Jende hau legez kanpo bizi da, tenplutik baztertu egin dute. Halere, Jesusek Jainkoaren adiskidetasuna eskaini dienean, entzun egin dute haren deia eta bihotz-berritzera jo. Jesusentzat ez da zalantzarik: Zakeo zerga-biltzaileak, bere malkoz Jesusi oinak busti dizkion prostituituak eta beste hainbat jendek... aurrea hartu diete «Jainkoaren erreinurako bidean».
Bide horretan aurrea hartzen dutenak ez dira hotsandiko fede-aitorpenak egiten dituztenak, baizik Jesusi bihotza ireki eta, Jainkoaren egitasmoa betetzen saiatze aldera, bihotz-berritzeko urratsak sendo egiten dituztenak.

José Antonio Pagola





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.