lunes, 1 de septiembre de 2014

2014/09/07 - Urteko 23. Igandea (A)

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 23. Igandea (A)


EBANJELIOA

Jaramon egiten badizu, irabazia duzu senidea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 18, 15-20

Aldi haietan, Jesusek esan zioten ikasleei:
«Zure senide batek bekatu egiten badu, zoaz berarengana eta zentzarazi bakarrean. Jaramon egiten badizu, irabazia duzu senidea.
Jaramonik egiten ez badizu, berriz, hartu zeurekin lagun bat edo bi, auzi oro bi edo hiru lekukoren aitorpenaz erabaki dadin.
Haiei ere jaramonik egiten ez badie, esaiozu elkarteari, eta elkarteari ere jaramonik egin nahi ez badio, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.
«Benetan diotsuet: Zuek mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuek mundu honetan askatua, zeruan ere askatua geldituko da.
«Beste hau ere esaten dizuet: Zuetako bik mundu honetan Jainkoari zerbait eskatzeko elkar hartzen badute, eman egingo die zeruko nire Aitak.
Izan ere, nire izenean bizpahiru lagun nonbait biltzen badira, han nago ni beraien artean».

Jaunak esana

HOMILIA

2014ko irailaren 7an

GURE ARTEAN DAGO

Jesusen hitzak, Mateok dakartzanak, joan-etorri handikoak dira kristau-elkarteen bizitzarako; halaz guztiz, arreta txikia eskaintzen diete askotan iruzkingileek eta predikariek. Hona Jesusen promesa: «Nire izenean bi edo hiru lagun elkartuko diren lekuan, han nagoke ni haien artean».
Jesusek ez ditu buruan ospakizun jende-jendetsuak, Erromako San Pedro plazakoak bezalakoak. Bi edo hiru bakarrik badira ere, han dagoke bera haien artean. Ez da beharrezkoa han hierarkia egotea; ez da beharrezkoa jende asko egotea elkarturik.
«Elkarturik egotea» da garrantzizkoa, eta ez barreiaturik, eta ez mokoka bata bestearen aurka: ez daitezela bizi batak besteari izena nola kenduko. «Jesusen izenean» bilduak izatea da funtsezko gauza: haren deia entzutea, Jainkoaren Erreinuaz duen hark duen egitasmoarekin bat egitea. Talde txikiaren erdigunea Jesus bera izatea.
Jesusen presentzia bizi eta egiazko honek animatu, gidatu eta sostengatu behar du haren jarraitzaileen elkarte txikia. Jesusek arnastu behar ditu taldetxoaren otoitza, ospakizuna, egitasmoak eta jarduerak. Presentzia hau da kristau-elkarte bizi baten giltzarria.
Kristauok ezin bildu gara nolanahi, gaur egun, geure talde eta elkarteetan: ohituraz, hala egiten delako, eginbehar erlijioso bat betetzeko. Asko edo, agian, gutxi izango gara. Garrantzizkoa Jesusen izenean elkartzea da, hark tira egiten digulako eta mundua gizakoiago egiteko haren egitasmoari aurrera eragiteko.
Biziberritu beharra dugu Jesusen elkartea garelako ustea. Haren Ebanjelioa entzuteko elkartzen gara, haren oroitzapenari bizi-bizi eusteko, haren Espirituak guztiok kutsatu gaitzan, haren pozari eta bakeari geure artean harrera ona eskaintzeko, haren Berri Ona hots egiteko.
Kristau-fedearen etorkizuna, hein handi batean, kristauon baitan dago, geure elkarte jakinetan, ondorengo hamarraldietan, egingo dugunaren baitan. Ez da aski Frantzisko aita santuak Vatikano inguruan egin lezakeena. Ezin jarri dugu geure esperantza ondorengo urteotan ordenatuko den apaiz-taldetxoan ere. Jesu Kristo da gure esperantza bakarra.
Geure kristau-elkarteen erdigunetzat behar dugu hartu Jesus;  hark bakarrik ematen ahal dio indarra gure fede ahitu eta errutinazkoari; ark bakarrik erakar ditzake gaur egungo gizon-emakumeak; hark bakarrik sor dezake fede berri bat federik eza nabari zaion gaurko mundu honetan. Elizaren erdi-erdiko guneak eraberritze premia gorrikoa da. Erreformarako dekretuak beharrezkoak dira. Baina ezer ez, Jesu Kristoren errotikotasunera itzultzea baino beharrezkoagorik.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko irailaren 4a

JESUSEN IZENEAN ELKARTURIK

Ematen duenez, erromatar inperioaren baitan kristautasunak izan zuen hazkundeak iturri hau izan zuen: Jesusen izenean etengabe sortzen ziren talde txiki eta kasik ezdeusak, hau da, haren Espirituak animaturik eta haren urratsei jarraiki bizitzeko elkartzen ziren haiek.
Dudarik gabe, joan-etorri handikoa izan zen Pauloren, Pedroren, Bernaberen eta beste misiolari eta profeten esku hartzea. Baita alde askotan irakurtzen ziren gutun eta idazkiak ere. Halaz guztiz, gertaera erabakitzailea fededunen fede xumea izan zen, izenez ezagutzen ez ditugun haiena, hau da, Jesusen oroitzapena egiteko, haren mezua entzuteko eta Jaunaren afaria ospatzeko biltzen ziren haien fedea.
Ez dezagun pentsa elkarte handiak zirenik; hain zuzen, auzokoen, familiartekoen edo adiskideen taldeak ziren, haietako baten etxean bilduak. Mateoren ebanjelioak kontuan du zertzelada hori, Jesusen hitz hauek jasotzen dituenean: «Bi edo hiru lagun nire izenean bilduak direnean, han nagoke ni haien artean».
Teologo gutxik baino gehiagok pentsatzen du kristautasunaren geroa, mendebaldean, indar handiko talde txikiak jaiotzearen baitan dagokeela: Jesusek erakarririk, Ebanjelioaren inguruan elkartuko diren haien baitan; hain zuzen ere, jarraitzaile berriak sortzeko Kristok duen egiazko indarra esperimentatzeko biltzen diren haien baitan.
Kristau-fedeak ez du izango jada sostengutzat ingurumari soziokulturalik. Eliza utzi ez dutenen fedeak euskarri dituen lurralde-egiturak gainditu egingo dituzte gizarte modernoaren moldeak, jendearen mugikortasunak, kultura birtuala gizartean sartu izanak eta asteburua bizitzeko erak.
Kristautasunaren sektorerik argitsuenak Ebanjelioan kontzentratuz joango dira, fedea eragiteko biltegi edo indar erabakitzaile izateko. Kontzilio II.a kontzilioak berak dio: «Ebanjelioa... bizi-iturri da Elizarentzat iraungo duen aldi guztirako». Aro orotan eta gizarte orotan da Ebanjelioak du sortzen eta eraikitzen Eliza, eta ez guk.
Inork ez du etorkizuna ezagutzen. Inork ez du errezetarik ezer bermatzeko. Gaur egun sustatzen ari garen ekimen asko laster galduko da, ez baitu euspenik izango gizarte, sekularizatu, askotariko eta indiferentearen indarrari aurre egiteko. Urte gutxi barru funtsezko gauzatan soilik ari ahal izango gara.
Agian, inoiz ez bezalako indarrez oldartuko da Jesus gizarte fedegabe eta buru-ase honetan, kristau-talde koxkor eta xumeen bidez, jendearen sufrimenduari irekiak eta bizitza gizatarrago baten alde lan egiteko prest diratekeen taldetxoen bidez. Dena da posible Jesus tartean denean. Oso adi egon beharko genuke haren deiari.

Jose Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko irailaren 7a

JESUSEN IZENEAN ELKARTU

 K.o.ko 70ean Jerusalem suntsitu izanak krisi sakona eragin zuen judu-herrian. «Jainkoaren etxea» zen haientzat tenplua. Handik gobernatzen zuen Jainkoak, bere legea ezarriz. Tenplua suntsiturik, non aurkitu orain Jainkoaren presentzia salbatzaile hura?
Lege-maisuak honela erreakzionatu zuten: Legea aztertzeko egiten zituzten bileretan bilatuko zuten Jainkoa. Ananias rabbi famatuak, 135. urte inguruan hil zenak, argiro zioen: «Legeko hitzak aztertzeko bi lagun elkartzen diren lekuan, han dago Jainkoaren presentzia (“Shekina”)».
Judaismotik zetozen Jesusen jarraitzaileek beste era batean erreakzionatu zuten. Jesusi egozten dizkion hitza batzuk gogorarazten dizkie bere irakurleei Mateok; bere jarraitzaileen artean bere presentzia bizirik mantentzeko oso inportanteak dira: «Nire izenean bi edo hiru lagun bildurik dauden lekuan, han nagoke ni haien artean».
Ez da ohituraz, legea egiteko edo esana betetzeko egiten den bilera. Topaketa honetako giroa beste gauza bat da. «Jesusen izenean elkartzen diren» haren jarraitzaileak dira, hark erakarririk, haren espirituak arnasturik. Jesus da topaketa horren zergatia, iturria, hatsa, bizia. Jesus, berpiztua, presente da han.
Esan beharrik ez, kristauen igandeko bilera krisia sakonean dagoela. Askori jasanezineko gertatzen zaio meza. Ez du jadanik pazientziarik egintza horretan parte hartzeko, zeinetan sinboloen esanahia ezezagun gertatzen baitzaio, zeinetan bere bizitzari ez doazkion hitzak entzun behar izaten baititu askotan.
Jende batek meza-mota hau bakarrik ezagutzen du: modu taldekoian aurkeztua, elizjendeak arautu eta gidatua, zeinetan herria era pasiboan egon ohi baita, bere isiltasunera edo bere erantzun mekanikoetara mugatua, edukiari dagokionez ulertzen ez duen hizkuntzarekin bat egin ezinik. Hori ote «Jaunaren izenean elkartzea»?
Nolatan gerta daiteke igandeko bilera galduz joatea ezer gertatuko ez balitz bezala? Ez ote da Eukaristia kristautasunaren erdigune? Nolatan gertatzen da Hierarkiak ezer ez planteatzea, ezer ez aldatzea? Nolatan gertatzen da kristauok isilik gelditzea? Nolatan halako pasibotasuna eta erreakziorik eza? Non eragingo ote ditu Espirituak bi edo hiru lagunen topaketak, Jaunaren izenean elkartzen erakutsiko digutenak?

Jose Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.