lunes, 15 de diciembre de 2014

2014/12/21 - Abendualdiko 4. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Abendualdiko 4. Igandea (B)


EBANJELIOA

Haurdun gertatuko zara eta semea izango duzu.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukas liburutik 1,26-38

Denbora haietan, Jainkoak Gabriel aingerua bidali zuen Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena, eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen.
Aingeruak, Mariarenean sarturik, esan zion:
–Agur, Jainkoaren gogoko hori! Jauna zurekin.
Hitz hauek entzutean, ikaratu egin zen Maria eta agur horrek zer esan nahi ote zuen galdetzen zion bere buruari. Aingeruak esan zion:
–Ez beldurtu, Maria! Jainkoak gogoko zaitu.
Hara, haurdun gertatuko zara, semea izango duzu eta Jesus ipiniko diozu izena.
Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta bere aita Daviden tronua emango dio Jainko Jaunak.
Israel herriko errege izango da betiko, eta beraren erregetzak ez du azkenik izango.
Mariak esan zion aingeruari:
–Baina nola gerta daiteke hori, ez bainaiz gizon batekin bizi?
Aingeruak erantzun zion:
–Espiritu Santua etorriko da zuregana eta Goi-goikoaren indarrak hodeiak bezala estaliko zaitu; horregatik, zuregandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote.
Begira, Elisabet zure lehengusina ere haurdun gertatu da bere zaharrean eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinezkorik.
Orduan, esan zuen Mariak:
–Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala.
Eta aingeruak utzi egin zuen.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko abenduaren 21a

ALBISTE HARRIGARRIA

Jesusen jaiotzaren albistea eta Bataiatzailearen jaiotzaren albistea aski paralelo eman ditu Lukasek. Bi pasadizo horien kontrastea hain da harrigarria, ze Jesusengan haragitu den Jainkoaren Misterioa argi berriz erdi-ikusteko aukera eman baitigu.
Bataiatzailearen jaiotzaren albistea «Jerusalemen» gertatu da, Israelgo hiriburu handian, judu-herriaren zentro politiko eta erlijiosoan. Jesusen jaiotza, berriz, herri ezezagun batean iragarri du aingeruak, Galileako mendialdean. Batere nabarmen ez den herrixka batean, «Nazaret» izenekoan, inork ez baitu espero handik ezer onik aterako denik. Urte batzuk geroago, herri apal horiek Jesusen mezua onartuko dute, Jainkoaren ontasuna adierazten diena. Jerusalemek, aldiz, uko eginen dio. Kasik beti, xumeek eta ezdeusek ulertzen eta onartzen dute hobekienik Jesusengan haragitu den Jainkoa.
Bataiatzailearen jaiotza «tenpluaren» eremu sakratuan iragarri du aingeruak. Jesusena, berriz, «herrixka» bateko etxe pobre batean. Jendea bizi den, lana dagien, gozatzen eta sufritzen duen lekuan agertu ohi da. Jende horren artean bizi ohi da, horren sufrimendua arinduz eta Aitaren barkamena eskainiz. Jainkoa gizon (haragi) egin da, ez tenpluetan gelditzeko, baizik «bere egoitza gizon-emakumeen artean ezartzeko» eta haien bizitza konpartitzeko.
Bataiatzailearen jaiotzaren iragarpena «gizonezko» beneragarri batek entzun du, Zakarias apaizak, erritu-ospakizun solemne batean. Jesusen jaiotzaren irarpena Mariak jaso du, hamabi urte inguruko «neskatilak». Ez da esaten non dagoen Maria, ez zer ari den. Nori axola emakume baten lana? Halere, Jesusek, haragi egin den Jainkoaren Seme horrek, beste era batean hartuko ditu emakumeak, haien duintasuna defenditu eta bere ikasleen arteko egingo ditu.
Azkenik, Bataiatzaileaz iragarri du aingeruak, Zakariasengandik eta Elisabetengandik jaioko dela, Jainkoak bedeinkatu duen bikote agor horrengandik. Jesusez, berriz, gauza guztiz bestelakoa esan du. Mariagandik jaioko da Mesias, neskatila birjina batengandik. Jainkoaren Espirituak parte hartuko du Jesusek munduan egingo duen agerpen horren jatorrian. Horregatik, «Jainkoaren Seme izena emanen zaio». Munduaren Salbatzailea ez da jaio elkar maite duten senar-emazte batzuen maitasunaren fruitu bezala. Jainkoak gizadi osoari dion maitasunaren fruitu bezala jaio da. Jesus ez da Mariak eta Josek egin diguten erregalu bat. Jainkoak egin digun erregalua da.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko abenduaren 18a

POZIK ETA KONFIANTZAZ

Vatikano II.ak «Elizaren prototipo eta eredutzat» eman du Andre Maria, Jesu Kristoren Ama. Eta emakume apal bezala deskribatu du, Jainkoa konfiantzaz eta pozik entzuten duena bezala.
«Poztu zaitez». Horra Mariak Jainkoagandik entzun duen lehenengo gauza; gaur ere entzun beharko genukeena. Pozaren falta dugu geure artean. Sarritan kutsatzen gaitu Eliza zaharkitu eta ahituaren tristurak. Jesus ez ote da jada Berri On? Ez ote dugu sentitzen haren jarraitzaile izatearen poza? Poza falta denean, freskotasuna galtzen du fedeak, amultsutasuna galtzen da, fededunen arteko adiskidetasuna hozten da. Dena da zail bihurtzen. Premia gorrikoa da gure elkarteetan poza esnaraztea eta Jesusek ondare utzi digun bakea berreskuratzea.
«Jauna zeurekin duzu». Ez da erraza gaur eguneko Elizan pozik bizitzea. Soilik, Jainkoagan konfiantza baduzu lortuko duzu hori. Ez gara umezurtz. Lagun dugun Aitari deika ari gara egunero, defendatzaile dugun eta beti gizakiaren onaren bila dabilen Aitari deika.
Batzuetan hain nahasia eta galdua den Eliza hau, Ebanjeliora nola itzuli ez dakien hau, ez da bizi bakarrik. Jesus, Artzain Ona, gure bila dabil. Haren Espiritua gu nola erakarriko dabil; haren hatsa eta ulermena geurekin dugu. Jesusek ez gaitu utzi bertan behera. Harekin dena da posible.
«Ez beldur izan». Beldur askok zurruntzen gaitu Jesusen jarraitzaileok. Beldurra mundu modernoari eta sekularizazioari. Beldurra ziurtasunik gabeko geroari. Beldurra geure ahuldadeari. Beldurra Ebanjeliora bihurtzeari. Kalte handia ari zaigu egiten beldurra. Etorkizunerantz esperantzaz bide egitea eragozten digu. Iragana agor gordetzera mugatzen gaitu. Ugalduz doaz gure mamuak. Galduz doa errealismo sanoa eta kristau-zentzua. Premia gorrikoa da konfiantzaren Eliza eraikitzea. Jainkoaren ahala ez da agertzen Eliza boteretsuan, baizik umilean.
«Seme bat izango duzu eta Jesus izena ezarriko». Andre Mariari bezala, guri ere egiteko bat eman digu Jainkoak: gau ilunean argi egiten laguntzea. Ez zaigu eskatu mundua juzgatzea, baizik esperantza ereitea. Gure egitekoa ez da itzaltzear den argizari punta erabat itzaltzea, baizik fedea piztea, jende askorengan ernetzear dena: gizatartzen duen galdera da Jainkoa.
Geure elkarteetatik, gero eta txikiago eta umilago diren horietatik, mundu sanoago eta haurridetsuago baten legamia izan gintezke. Esku honetan gaude. Jainkoa ez du krisiak jo. Gu geu gara Jesusi pozik eta konfiantzaz jarraitzera ausartzen ez garenak.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko abenduaren 21a

ALBISTE HARRIGARRIA

(2014ko abenduaren 21en homilia ikusi)

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.