domingo, 27 de diciembre de 2015

2016/01/01 - Santa Maria, Jaungoikoaren Ama (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Santa Maria, Jaungoikoaren Ama (C)


EBANJELIOA

Aurkitu zituzten Maria, Jose eta jaioberria. Jaio eta zortzi egunera, Jesus izena ezarri zioten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukas liburutik 2,16-21

Joan ziren lasterka eta han aurkitu zituzten Maria, Jose eta jaioberria askan etzana. Ikusi zutenean, haurtxo hartaz esan zitzaiena kontatu zuten. Artzainek esandakoa entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren. Mariak, berriz, gertakari guztiok gogoan hartzen zituen, bere barruan hausnartuz.
Artzainak, entzun eta ikusi zutenarengatik Jainkoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, dena aingeruak esan bezala gertatu baitzitzaien.
Jaio eta zortzi egunera haurra erdaindu zutenean, Jesus izena ezarri zioten, sortu aurretik aingeruak esan bezala.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko urtarrilaren 1a

Izenburua

---

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko urtarrilaren 1a

AMA GURE BIDELAGUN

Esan ohi da gaur egungo kristauak beste aro batzuetako fededunak baino gutxiago hunkitzen garela Andre Mariaren aurrean. Agian, Mariaren debozioan izan diren sasi-joerak ikusita, errezelo eta susmo askok joak gara ustekabean.
Batzuetan, bera oso bakar harturik azpimarratu izan da Mariaren babes-eginkizuna, bere seme-alabak gaitz orotatik anparatzen dituen Amatzat emanez, bizitza ebanjelikoa kontuan izan gabe.
Beste batzuetan, Mariarekiko debozio batzuek ezin izan dute goratu Maria «ama idealizatu» baten menpetasun gaixobera sortu gabe, eta heldutasun-falta eta infantilismo erlijiosoa sustatu gabe.
Agian, Maria «emakume bakartzat», besterik ez bezalakotzat, emanez egin den idealizazio honek berak elikatu ahal izan du benetako emakumearekiko nolabaiteko mespretxua, eta horrela, behar bada, gizonezkoaren nagusitasuna sustatu duten eragileetako bat gehiago izan da. Gutxienez, ez genuke baztertu behar, arinki, katolikoei alde desberdinetatik aurpegiratzen zaigun kritika hau.
Alabaina, tamalgarria izango litzateke geure bizitza erlijiosoa pobretuko bagenu, fededunentzat Maria izan daitekeen bezalako erregaluaz ahaztuaz.
Mariaren debozioak, zuzen harturik, ez darama inor infantilismora; aitzitik, femeninotasunaren presentzia aberasgarria segurtatzen du gure fede-bizitzan. Jainkoak berak emakume baten sabelean haragitu nahi izan du. Ordudanik, esan dezakegu «Jainkoaganako eta Jainkoagandiko bidea dela femeninotasun hori» (L. Boff).
Gizadiak beharrezkoa du beti femeninotasunari ezartzen diogun aberastasun hori; izan ere, gizonezkoagan ere baden arren, emakumeagan trinkotzen da era berezian: intimitatea, onarpena, ardura, txera, samurtasuna, misterioari lotzea, haurduntza, bizia ematea.
Maria geure bizitzatik baztertzen dugun bakoitzean, geure fedea pobretzen dugu. Eta femeninotasuna mespretxatzean, ama baten besoetan eskaini zaigun Jainko horrengana hurbiltzeko balizko ubideei ixten diegu geure burua.
Jainkoaren Ama Maria santuaren jaia ospatuz hasten dugu urtea. Jainkoaren Hitzarekiko fideltasunak eta eskaintzak, xumeekin bat egin izanak, Jesus Haurrarekiko aukerei atxiki izanak, Eliza jaioberrian zerbitzari bizi izanak eta, ezer baino lehen, Salbatzailearen Ama izanak gure fedearen eta esperantzaren Ama bihurtu dute Andre Maria.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko urtarrilaren 1ea

GAUR

Jesusen jaiotzaren kontakizuna honela bukatzen du Lukasek: irakurleei adieraziz «Mariak gauza hauek guztiak bihotzean gordetzen dituela». Ez du gordetzen gertatua, iraganeko zenbait oroitzapen bezala, baizik bere bizitza guztian eguneratuko eta berbiziko duen esperientzia bezala.
Ez da funtsik gabeko oharpena. Fede-eredu dugu Maria. Ebanjelari honen iritziz, Jesus Salbatzaileagan sinestea ez da aspaldiko garai bateko gauzak gogoratzea, baizik haren indar salbatzailea gaur esperimentatzea, gure bizitza gizatarrago egiteko gai dela esperimentatzea.
Horregatik, baliabide literario berezi-bereziaz baliatzen da Lukas. Jesus ez da iraganeko norbait. Nahita errepikatzen du ezen Jesus berpiztuaren salbazioa «GAUR» berean ari zaigula eskaintzen, harekin topo egiten dugun bakoitzean. Hona adibide batzuk.
Honela iragartzen digu Jesusen jaiotza: «Daviden hirian Salbatzaile bat jaio zaizue gaur». Gaur ere jaio daiteke Jesus guretzat. Gaur sar daiteke gure bizitzan eta alda dezake betiko. Bizi berrira jaio gaitezke harekin.
Galileako herrixka batean ezindu bat ekarri diote Jesusi. Hau hunkitu egin da, hura bekatuak blokeaturik ikustean, eta sendatu egin du barkazioa eskainiz: «Barkatuak dituzu zeure bekatuak». Jainkoa goratuz erreakzionatu du jendeak: «Gauza harrigarriak ikusi ditugu gaur». Guk ere esperimenta dezakegu barkazioa, Jainkoaren bakea eta barneko poza, Jesusi senda gaitzan uzten badiogu.
Jeriko hirian, Jesusek Zakeoren etxean hartu du ostatu, zerga-biltzaile aberats eta boteretsu haren etxean. Jesusekin topo egiteak erabat eraldatu du Zakeo: hainbat jenderi lapurtua itzuliko du eta pobreekin partekatuko bere aberastasunak. Jesusek diotso: «Gaur salbazioa iritsi da etxe honetara». Jesusi geure bizitzan sartzen uzten badiogu, gaur berean hasi ahal izango dugu geuk ere biziera duin, haurride arteko eta solidario bat.
Jesus hilzorian da gurutzea, bi gaizkileren artean. Haietako batek konfiantza hartu du Jesusengan: «Jesus, gogora zaitez nitaz zeure erreinuan izango zarenean». Bat-batean erreakzionatu du Jesusek: «Gaur nirekin izango zara paradisuan». Gure heriotzako ordua ere salbazio-eguna izango da. Hainbeste espero genituen hitz hauek entzungo ditugu azkenean: hartzazu atseden, izan konfiantza nigan, gaur nirekin izango zara, eta betiko.
Gaur urteberria hasi dugu. Baina, zer izan daiteke guretzat zerbait berri eta on? Zeinek jaioaraziko du gugan poz berri bat? Zein psikologok irakatsiko digu gizatasun handiagoko izaten? Ezer gutxirako dira desio onak. Gugan ernetzen den gauzarik hoberenerako esna bizitzea da garrantzia duena. Egunero eskaintzen digu Jainkoak salbazioa. Ez da zertan ezeren zain egon. «Gaur» hau bera izan daiteke niretzat salbazio-egun.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain


Ikusi ere:

Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.