lunes, 21 de marzo de 2016

2016-03-27 - Jaunaren Piztueraren Pazko Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Jaunaren Piztueraren Pazko Igandea (C)


EBANJELIOA

Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 1-9

Asteko lehen egunean Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen.
Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten».
Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea eta hilobirantz jo zuten. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela, alegia.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko martxoaren 27a

NON IBILI BIZI DENAREN BILA?

Aitak piztu zuen Jesusekiko fedea ez zen jaio ikasleen bihotzean berez eta bere kasa. Bizi zen harekin topo egin aurretik, ebanjelariek diotenez, ikasleak noraezean ibili ziren haren bila, hilobi inguruan, galde eta duda asko zutela.
Magdalako Maria da prototiporik hobena, guztiei ere zer gertatu zaien jakiteko. Joanen kontakizunean datorrenez, goizean goiz dabil Maria gurutziltzatuaren bila: «artean ilun zela». Jakina, «hilobira» joan da bila. Artean ez daki herioa garaitua izan dela. Horregatik, nahasarazi egin du hilobia hutsik ikusteak. Jesus gabe, galdua ikusi du bere burua.
Beste ebanjelariak beste tradizio batez mintzo dira: emakume-talde osoa bila dabilela dioenaz. Ezin ahaztu dira Maisuaz, ikasletzat hartu dituen hartaz, eta harekiko maitasunak hilobira eraman ditu. Han ez dute aurkitu Jesus; alabaina, haren bila nora jo adierazi dien mezua entzun dute: «Zertan zabiltzate hildakoen artean bizi denaren bila? Ez da hemen. Piztu da».
Kristo berpiztuarekiko fedea ez da pizten gugan gaur ere berez, haurtzarotik katekistei eta predikariei entzun diegulako soilik. Jesusen piztuerarekiko federa bihotza irekitzeko, nork bere ibilbidea egin behar du. Ezinbestekoa da Jesusez ez ahaztea, hura grinatsuki maitatzea, indar guztiz aren bila ibiltzea, baina ez hildakoen munduan. Bizi den haren bila, bizia den lekuan behar da ibili.
Bizi den eta kreatzaile den Kristo berpiztuarekin topo egin nahi badugu, ez dugu bilatu behar hila den erlijio batean, legeak eta arauak betetze hutsera emana den erlijio batean, baizik Jesusen Espirituaren arabera bizi ohi den lekuan, jarraitzaileek Jesus fedez, maitasunez eta erantzukizunez onartzen duten lekuan.
Ez dugu ibili behar haren bila borroka agor batek, Jesusekiko maitasunik eta Ebanjelioarekiko gogorik ezak banaturik eta muturka jarriak dituen kristauen artean; baizik eta kristau-elkartea eraikitzen ari garen lekuan ibili behar dugu haren bila, beren erdian Jesus jarria dutenen artean, ezen badakiten «bi edo hiru haren izenean bildu diren lekuan, han dela hura».
Bizi den hura ez dugu aurkituko fede zurrun eta ohikeriazko batean, topiko-mota guztiek eta esperientziarik gabeko formula hutsalek higatua duten hartan; hura aurkitzeko, beste kalitate bateko harremanak behar ditugu harekin eta haren egitasmoarekin. Itzalia eta zurruna den Jesus bat, maiteminik eta lilurarik eragiten ez duen bat, bihotza hunkitzen ez duen eta bere askatasuna kutsatzen ez duen bat: halako Jesus hura «hila den Jesus» da. Ez da bizi den Kristo, ez da Aitak piztu duen hura. Ez da bizi den eta biziarazten duen hura.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko martxoaren 31ea

BERPIZTUAREKIN TOPO EGIN

Joan ebanjelariaren kontakizunak dioenez, Maria Magdalena da hilobira joan den lehenengo pertsona. Artean ilun zela. Eta, atsekabez, hutsik dagoela ikusi du. Jesusen falta sentitu du. Bera ulertu eta sendatu zuen Maisua. Berak azkeneraino leial jarraitu zion Profeta. Nori jarraitu behar dio orain? Kezka hori agertu die ikasleei: «Eraman egin dute Jauna hilobitik eta ez dakigu non ezarri duten».
Mariaren hitz hauek adieraz lezakete hainbat kristauk gaur egun bizi duen esperientzia: Zer egin dugu Jesus berpiztuaz? Nork eraman du? Non ezarri dugu? Sinesten dugun Jaun hori, biziaz betea den Kristo al da ala oroitzapena bihotzean pixkana itzaliz doakigun Kristo?
Oker bat da, irmoago sinetsi ahal izateko «frogen» bila ibiltzea. Ez da aski Elizaren irakaspenetara jotzea. Alferrik da teologoen maisu-lanetan miatzen ibiltzea. Berpiztuarekin topo egin ahal izateko, ororen aurretik, barne-ibilbide bat egin beharra dugu. Geure barnean aurkitu ezean, ez dugu aurkituko inon ere.
Joan ebanjelariak, pixka bat geroxeago, honela deskribatzen du Maria: batetik bestera korrika informazio bila. Eta, Jesus ikusi duenean, oinazeak eta malkoek itsuturik, ezin antzeman izan dio. Uste izan du baratzeko arduraduna dela ikusi duen hura. Jesusek galdera bakarra egin dio: «Andrea, zergatik ari zara negarrez?, noren bila zabiltza?»
Agian, gu geure ere horren antzeko galdera egin beharrean gara. Zergatik da gure fedea, batzuetan, hain leloa? Zer da, gure artean, poz-falta horren hondo-hondoko arrazoia? Zeren bila gabiltza kristauak gaur egun? Zer amesten dugu? Jesusen bila al gabiltza, geure elkarteetan biziaz betea sentitu nahi genukeena?
Gaurko kontakizun honen arabera, hizketan ari da Jesus Mariarekin, baina honek ez daki Jesus dela. Hala, dei egin dio Jesusek bere izenaz, Galilean ibiltzen zirenean bere ahotsean agertu ohi zuen samurtasun bera azalduz: «Maria!» Honek kolpean erantzun dio: «Rabbuni, Maisu».
Mariak berpiztuarekin topo, Jesusek berari dei egiten diola sentitu duenean egin du topo. Horixe da kontua. Orduan agertzen zaigu Jesus biziaz beterik: geure izenaz dei egiten digula sentitu eta egiten digun gonbitari kasu egiten diogunean. Orduan da hazten gure fedea.
Kristoganako geure fedea ez dugu biziberrituko kanpotik bakarrik elikatu nahi badugu. Ez dugu harekin topo egingo, harekin berarekin harreman biziak izaten saiatu gabe. Segur aski, ebanjelioen bidez ezagutu eta nork bere bihotz barnean bilatutako Jesusekiko maitasunak eraman gaitzake, beste ezerk baino hobeto, Berpiztuarekin topo egitera.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2010ko apirilaren 4a

NON IBILI BIZI DENAREN BILA?

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.