domingo, 13 de marzo de 2016

2016/03/20 - Erramu Igandea Jaungoikoaren Pasioan (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Erramu Igandea Jaungoikoaren Pasioan (C)


EBANJELIOA

Elkarrisketan irakurtzeko: + Jesus; K Kronista; I Ikasleak eta lagunak; J = Jendetza; P Beste personaiak.

Jaungoikoaren Pasioan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 22,14_23,56

Azken afaria: hona nire gorputz-odolak!

K. Ordua etorri zenean, Jesus mahaian jarri zen apostoluekin. Eta esan zien:
+. – Banuen gogoa sufritu aurretik Pazko-afari hau zuekin egiteko! Zeren, egia esan, ez baitut Pazkorik gehiago ospatuko Jainkoaren erreinuan bere betera iritsi arte.
K. Eta, kopa harturik, esker oneko otoitza egin eta esan zuen:
+. – Hartzazue eta eman elkarri. Zeren, egia esan, ez baitut gaurdanik gehiago ardorik edango Jainkoa errege izaten hasi arte.
K. Gero, ogia hartu zuen eta, esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei eman zien, esanez:
+. – Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri.
K. Berdin egin zuen koparekin afalondoan, esanez:
+. – Kopa hau itun berria da, zuentzat isurtzen den nire odolaz Jainkoak ezarria.

Judasen saldukeriaren iragarpena.

+. – Baina begira, nirekin mahaian dago salduko nauena . Gizonaren Semea badoa, erabakia dagoenez; baina dohakabea salduko duena!
K. Orduan, ikasleak elkarren artean galdezka hasi ziren, nork egin ote zezakeen horrelakorik.

Nor handiena? Ikasleei agintzaria.

K. Ikasleak eztabaidan hasi ziren beren artean, beraietan zein ote zen handiena. Jesusek esan zien:
+. – Herrietako erregeek menpean hartzen dituzte herriak, eta agintedunek “Ongile” izena nahi izaten dute berentzat. Zuek ez jokatu horrela. Zuen artean nagusiena izan bedi gazteenaren pareko, eta agintaria zerbitzariaren pareko. Zein ote da handiago, mahaian dagoena ala zerbitzatzen ari dena? Ez ote mahaian dagoena? Bada, ni zerbitzari bezala nago zuen artean.
+. – Zuek sendo iraun duzue nirekin nire probaldietan. Eta nik erregetza ematen dizuet, Aitak neuri eman zidan bezala: ni errege izango naizenean, nire mahaian jan eta edango duzue, eta tronuetan eseriko zarete, Israel herriko hamabi leinuak epaitzeko.

Gainean da probaldia. Pedroren ukoen iragarpena.

+. – Simon, Simon! Satanasek beretzat nahi zaituzte, garia galbahean bezala zuek astintzeko. Baina nik otoitz egin dut zure alde, sinesmena gal ez dezazun. Eta zuk, niregana bihurtzean, sendo itzazu senideak.
K. Pedrok esan zion:
I. – Jauna, prest nago zurekin kartzelara eta heriotzara ere joateko.
K. Jesusek, orduan:
+. – Egia esan, Pedro, gaur oilarrak jotzerako, hiru aldiz ukatuko duzu ni ezagutzen nauzula.
K. Ondoren, ikasleei esan zien:
+. – Falta izan al zenuten ezer, poltsarik eta zakutorik eta oinetakorik gabe bidali zintuztedanean?
K. Haiek erantzun:
I. – Ezer ere ez.
K. Jesusek, berriro:
+. – Orain, bada, poltsa duenak har dezala eta berdin zakutoa duenak; eta ezpatarik ez duenak sal dezala soingainekoa, hura erosteko. Zeren, egia esan, niregan bete beharra baita Liburu Santuak dioena: Bekatarien kidekotzat jo zuten. Izan ere, nireak laster egingo du.
K. Haiek esan zioten:
I. – Jauna, baditugu hemen bi ezpata.
K. Baina Jesusek erantzun:
+. – Aski da!

Oliamendiko otoitz larria.

K. Ondoren, Jesus atera eta Oliamendirantz abiatu zen, ohi zuenez, eta ikasleak ere bai haren ondoren. Hara iristean, Jesusek esan zien:
+. – Egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko.
K. Eta, haiengandik harrikada bat bide aldendurik, belauniko honela egiten zuen otoitz:
+. – Aita, nahi baduzu, urrun ezazu niregandik edari samin hau. Hala ere, egin bedi zure nahia, ez nirea.
K. Zeruko aingeru bat agertu zitzaion, kemen emanez. Eta, larriak harturik, oraindik lehiatsuago egiten zuen otoitz. Izerdia tantaka zerion lurrera, odola bezain lodi. Otoitzetik jaikirik, ikasleengana joan zen; nahigabearen nahigabez lokarturik aurkitu zituen, eta esan zien:
+. – Nola zaudete lo? Jaiki eta egin otoitz, tentaldian ez erortzeko.

Jesus atxilotua.

K. Jesus hizketan ari zela, jende-multzo bat azaldu zen; Hamabietako bat, Judas zeritzana, zetorren haien buru, eta Jesusengana hurbildu zen musu ematera. Jesusek esan zion:
+. – Judas, musu batez saltzen al duzu Gizonaren Semea?
K. Gertatzera zihoanaz oharturik, Jesusen inguruan zeudenek esan zioten:
I. – Jauna, erasoko al diegu ezpataz?
K. Eta haietako batek apaiz nagusiaren morroia jo eta eskuineko belarria moztu zion. Baina Jesusek esan zuen:
+. – Utzi! Aski da!
K. Eta, belarria ukiturik, sendatu egin zion.
Orduan, haren aurka etorriak ziren apaizburu, tenpluko guardiaburu eta zaharrei esan zien:
+. – Ezpataz eta makilaz etorri zarete lapur baten bila bezala. Egunero tenpluan zuekin nintzen, eta ez zenidaten eskurik bota. Baina oraintxe da zuen ordua, ilunpearen nagusialdia.

Pedrok Jesus ukatu.

K. Jesus preso hartu eta apaiz nagusiaren etxera eraman zuten. Pedrok urrutitik jarraitzen zion. Batzuk patio erdian sua piztu eta haren inguruan eseri ziren, eta haien artean eseri zen Pedro ere.
Neskame batek, Pedro sutondoan eseria ikustean, begira jarri eta esan zuen:
P. – Hau ere Jesusekin zebilen.
K. Baina hark ukatu, esanez:
I. – Emakume, ez dinat ezagutzen hori.
K. Handik berehala, beste batek ikusi eta esan zion Pedrori:
P. – Hi ere haietakoa haiz.
K. Pedrok, orduan:
I. – Ez, mutil!
K. Handik ordubete ingurura, beste batek berriro esan zuen:
P. – Bai, hau ere Jesusekin bizi huen, galilearra duk eta.
K. Pedrok erantzun zuen:
I. – Ez zekiat zertaz ari haizen, mutil!
K. Eta une berean, oraindik hizketan ari zela, oilarrak jo zuen. Itzuli zen Jauna eta Pedrori begiratu zion. Gogoratu zitzaion Pedrori Jaunak esandakoa: «Gaur oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu», eta, kanpora irtenik, negarrari eman zion saminki.
K. Jesus preso zeukatenak isekaz ari zitzaizkion eta joka. Begiak estalirik, honela galdetzen zioten:
J. – Asma ezak, profeta, nork jo hau?
K. Eta beste hitz iraingarri asko esaten zioten.

Jesus judu-biltzarraren aurrean.

K. Eguna zabaldu zuenean, herriko zaharren kontseilua, apaizburuak eta lege-maisuak bildu ziren, eta Jesus Biltzar Nagusira eraman zuten. Honela esan zioten:
J. – Mesias baldin bazara, esaguzu.
K. Hark erantzun:
+. – Baietz esaten badizuet, ez didazue sinetsiko eta, galdetzen badizuet, ez didazue erantzungo. Baina hemendik aurrera Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskuinean eserita egongo da.
K. Orduan, denek esan zuten:
J. – Zu zara, beraz, Jainkoaren Semea?
K. Hark erantzun zien:
+. – Zeuek diozue, neu naiz.
K. Haiek, orduan:
J. – Ba ote dugu lekuko beharrik? Geuk entzun diogu bere ahotik.

Jesus Pilatoren aurrean.

K. Altxatu ziren denak eta Pilatogana eraman zuten Jesus. Han, salatzen hasi zitzaizkion:
J. – Gure nazioa nahaspilatzen harrapatu dugu gizon hau; enperadoreari zergak ordaintzea galarazten du eta bera Mesias, erregea, dela esaten.
K. Pilatok galdetu zion:
P. – Zu al zara juduen erregea?
K.-Jesusek erantzun zion:
+. – Zeuk diozu.
K. Pilatok apaizburu eta jende-taldeari esan zien:
P. – Nik ez dut gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen.
K. Baina haiek, behin eta berriro:
J. – Judea osoan barrena herria asaldatzen ari da bere irakaspenez; Galilean hasi zen eta honaino iritsi da.

Jesus Herodesen aurrean.

K. Hori entzutean, gizon hura galilearra al zen galdetu zuen Pilatok. Eta, Herodesen eskumenekoa zela jakinik, hari bidali zion, Jerusalemen baitzen egun haietan. Biziki poztu zen Herodes Jesus ikusteaz, aspaldian baitzuen hura ezagutzeko gogoa, hartaz entzuten zituenengatik; mirariren bat egiten ikusiko zuela ere espero zuen. Herodesek galdera asko egin zion, baina Jesusek ez zion hitzik erantzun. Bitartean, han ari ziren apaizburu eta lege-maisuak salatu eta salatu. Herodesek, bere soldaduekin batera, mespretxu eta isekaz erabili zuen Jesus eta, jantzi distiratsu bat soinean jarririk, berriro Pilatogana bidali zuen. Egun hartan, adiskidetu egin ziren Herodes eta Pilato, etsai baitziren lehen.

Jesus heriotzara kondenatua.

K. Pilatok, apaizburu, agintari eta herria berriro bildurik, honela esan zien:
P. – Gizon hau herria nahaspilatzen ari dela-eta ekarri didazue; baina zuen aurrean galderak egin dizkiot eta ez diot aurkitu zuek egozten diozuen errurik batere; ezta Herodesek ere, guri bidali baitigu ostera. Honek ez du, beraz, heriotza merezi duenik ezer egin. Zigorraldi bat eman eta askatu egingo dut.
K. Baina denek aho batez oihuka esan zioten:
J. – Kendu hori eta aska iezaguzu Barrabas!
K. Barrabas hau, hirian gertaturiko matxinada eta giza hilketa batengatik kartzelan sartua zuten.
Jesus askatu nahian Pilato berriro mintzatu zitzaien; baina haiek oihuka:
J. – Gurutzera hori! Gurutzera!
K. Hark hirugarren aldiz esan zien:
P. – Zer oker egin du, bada, honek? Nik ez dut hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen. Beraz, zigorraldi bat eman eta askatu egingo dut.
K. Haiek oihu eta oihu ari ziren gurutzera zezala eskatuz, eta gero eta handiagoak ziren oihuak. Orduan, Pilatok haien eskabideari men egitea erabaki zuen: haiek eskatzen zutena – matxinada eta giza hilketagatik kartzelan zegoena – askatu eta Jesus beren esku utzi zien.

Gurutze-bidean.

K. Jesus gurutziltzatzera zeramatela, sorotik etxera zihoan bat, Simon Zirenekoa, hartu zuten eta gurutzea leporatu zioten, Jesusen ondotik eraman zezan . Herriko jende-talde handia zihoan Jesusen ondoren, baita emakume asko ere bular-joka eta harengatik aieneka. Itzuli zen Jesus haiengana eta esan zien:
+. – Jerusalemgo emakumeok, ez egin negarrik niregatik; egizue negar zeuengatik eta zeuen seme-alabengatik. Hara, badatoz honako hau esango den egunak: “Zorionekoak agorrak, haurrik sortu ez duten sabelak eta titirik eman ez duten bularrak”. Orduan, honela esango diete mendiei: “Eror zaitezte gure gainera”, eta muinoei: “Ezkuta gaitzazue”. Izan ere, egur hezeari hau egiten badiote, zer ez ote iharrari?
K. Jesusekin batera bi gaizkile ere eraman zituzten hiltzera.

Jesus gurutziltzatua.

K. «Burezur» zeritzan tokira iritsirik, bertan gurutziltzatu zuten Jesus, baita bi gaizkileak ere, bata Jesusen eskuinean eta bestea ezkerrean. Jesusek honela zioen:
+. – Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren .
K. Soldaduek Jesusen jantziak banatu zituzten, zotz eginez.
Herria begira zegoen. Agintariek, berriz, Jesusi burla egiten zioten, esanez:
J. – Besteak salbatu ditik; salba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias, hautatua, baldin bada.
K. Soldaduek ere irri egiten zioten; ondoraturik, ozpina eskaini zioten eta esan:
J. – Juduen errege baldin bahaiz, salba ezak heure burua.
K. Honako idazkun hau zuen buruaren gainaldean: «Hau juduen erregea da».
K. Zintzilik zeuden gaizkileetako bat Jesusi irainka ari zitzaion, esanez:
P. – Ez al haiz, bada, hi Mesias? Salba ezak heure burua eta salbatu gu ere!
K. Baina besteak errieta egin zion hori zioenari:
P. – Ez al duk Jainkoaren beldurrik, zigorra jasaten hagoela ere? Gurea legezkoa duk, geure egintzengatik merezia baitugu; baina honek ez dik okerrik egin.
K. Gero, gaineratu zuen:
P. – Jesus, oroit zaitez nitaz errege izatera iritsiko zarenean.
K. Jesusek erantzun zion:
+. – Benetan diotsut: Gaur nirekin izango zara paradisuan .

Jesusen heriotza.

K. Eguerdi aldea zen, eta ilundu egin zuen lurbira guztian hirurak arte. Eguzkia ezkutatu egin zen, eta santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen. Jesusek, oihu handia eginez, esan zuen:
+. – Aita, zure eskuetan jartzen dut bizia.
K. Hau esanik, azken arnasa eman zuen.
K. Erromatar ehuntariak, gertatua ikusirik, Jainkoa goretsi zuen, esanez:
P. – Benetan gizon hau zintzoa zen!
K. Ikuskizunera joandako jende guztia, gertatua ikusirik, bular-joka itzuli zen hirira. Jesusen ezagun guztiak, baita Galileatik jarraitu zioten emakumeak ere, urrutixeago zeuden begira.

Jesus hilobian ezarria.

K. Orduan, kontseiluko kide bat etorri zen, Jose zeritzana, gizon on eta zintzoa; honek ez zituen ontzat eman Biltzar Nagusiaren erabakia eta jokabidea. Judeako Arimatea herrikoa zen izatez, eta Jainkoaren erregetza noiz iritsiko zain zegoen. Josek, beraz, Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu zion. Jesus gurutzetik eraitsirik, izara batean bildu zuen eta haitzean zulaturiko eta oraindik beste inor ehortzi gabeko hilobi batean ezarri. Festarako prestaketak egiteko eguna zen eta larunbata hastera zihoan.
Galileatik Jesusekin etorritako emakumeek, Joseren atzetik joanik, hilobia ikusi zuten eta Jesusen gorpua nola ezartzen zuten begiratu. Gero, itzuli eta usain gozoko ukenduakprestatu zituzten.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko martxoaren 20a

ZER ARI DA JAINKOA HOR GURUTZEAN?

Ebanjelioko pasartearen arabera, Golgota mendixkan gurutzean zen Jesusen aurretik pasatzean, jendeak burla egiten zion eta, haren ezinaz barre eginez, ziotsoten: «Jainkoaren Semea bahaiz, jaits hadi gurutzetik». Eta Jesusek erantzunik ez haien probokazioari. Soilik, misterioak harturiko isiltasuna da Jesusen erantzuna. Hain juxtu, Jainkoaren Semea delako jarraituko du gurutzean, hil arte.
Ezin saihestuak dira galderak: Nolatan sinets daiteke gizakiak gurutzatu duen Jainko batengan? Jabetzen al gara esaten ari garenaz? Zer ari da Jainkoa hor gurutzean? Nolaz iraun dezake Jainkoaz halako uste zentzugabean fundatua den erlijio batek?
Bai, «Jainko gurutziltzatu» hori iraultza da eta eskandalua, ustez ezagutzen dugun Jainkoaz gizon-emakumeok ditugun ideiak koloka jartzera behartzen gaituena. Gure Gurutziltzatu horrek ez du erlijioek Izate Gorenari leporatzen dioten ezaugarririk: ez aurpegierarik, ez bestelakorik.
«Jainko gurutziltzatu» hori ez da ez izate ahalguztiduna eta handientsua, ez mugiezina eta zoriontsua, ez da gizakiaren sufrimenaz axolatzen ez dena, baizik Jainko ahalik gabea eta umiliatua da, gurekin sufritzen duena mina, larria eta, are, heriotza bera. Gurutzearekin bitan bat: edo Jainkoarekiko gure fedea bukatutzat eman, edo Jainkoa modu berri eta harrigarri batean hartzera jo, gure sufrimenean haragitua izanik, modu sinestezinean maite gaituena.
Gurutziltzatuaren aurrean sumatzen hasten gara ezen Jainkoa, azken batean, gurekin sufritzen duen Jainkoa dela. Gure miseriak erasaten diona. Gure sufrimenak zipriztintzen duena. Ez da, nolabait esateko, gure atsekabeek, malkoek eta ezbeharrek ukitzen ez dute Jainkoa. Gure mundu honetako Kalbario guztietan da hura.
«Jainko gurutziltzatu» honek ez du biderik ematen gure nahikerien eta ameskerien zerbitzura egongo litzatekeen Jainko ahalguztidun batekiko fede axaleko eta egoistarako. Ostera, Jainko honek injustiziaren eta ezbeharren biktima den hainbat eta hainbat jenderen sufrimenari, bazter utziak izateari eta babesik ezari begira jartzen gaitu. Jainko honekin topo egiten dugu edozein gurutziltzatuagana hurbiltzen garenean.
Zoritxarrez, kristauok mila itzulinguru egiten dugu askotan «Jainko gurutziltzatuarekin» topo ez egiteko. Are, Jaunaren Gurutzera begiak jasotzen ikasi dugu, geure aurrean ditugun gurutziltzatuei ezikusiarena eginez bada ere. Halaz guztiz, Jaunaren Nekaldia erarik jatorrenean ospatzeko modua geure errukiari biziera berria ematea da. Hori egin ezean, «Jainko gurutziltzatuarekiko» gure fedea urardo bihurtzen da, eta mila manipulazio-erari ematen zaio aukera. Gure Gurutziltzatuari muin egiteak jar gaitzala, gugandik hurbil nahiz urrun, sufritzen ari direnei begira.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko martxoaren 24a

GURUTZILTZATUAREN AURREAN

Tenpluko segurtasun-indarrek atxilotu du, eta Jesusek ez du jada inolako dudarik: Aitak ez dio entzun bizitzen jarraitzeko agertu dion gogoa; ikasleak ihesi joan dira, nor bere segurtasun bila. Bakarrik dago. Bere egitasmoak huts egin duela ikusi du. Zain-zain du heriotza.
Zirraragarria da bere azken orduetan Jesusek agertu duen isiltasuna. Halere, ebanjelariek jaso dituzte gurutzean jaulki dituen hitz batzuk. Oso laburrak dira, baina lehen kristau-belaunaldiei asko lagundu zieten Jesus gurutziltzatua gogoratzeko, maitasunez eta esker onez.
Gurutzean josten ari diren bitartean jaulkitakoak dakartza Lukasek. Dardararen eta oinaze-garrasien artean, lortu du Jesusek hitz batzuk esatea, bihotzean duena agertzeko: «Aita, barka iezaiezu, ez dakite-eta zer ari diren». Horrelakoa da Jesus. Bereei eskatu izan du «maita ditzatela etsaiak» eta «egin dezatela otoitz pertsegitzaileentzat». Eta orain, bera doa hiltzera etsaiei barkatuz. Barkazio bihurtu du gurutzeko bere heriotza.
Gurutzean josten dutenentzat Aitari egindako eskari hau, lehenik eta behin errukizko keinu goitarra da, eta konfiantza Jainkoaren atzemanezineko barkazioaz. Hauxe da Jesusek gizadiari utzi dion ondarea: Ez galdu sekula Jainkoarekiko konfiantza. Jainkoaren errukiak ez du azkenik.
Markosek, berriz, gurutzean josi dutenaren oihu dramatiko hau dakarkigu: «Ene Jainko, ene Jainko! Nolatan utzi nauzu eskutik?» Bakartasun eta abandonu handienean jaulkitako hitzak dira; egundoko zinezkotasuna adierazten dute. Jesusek sentitu du bere Aita maiteak utzi egin duela. Zer dela eta? Jesus kexu da Aita mutu gelditu delako. Non da? Zer dela-eta dago mutu?
Jesusen oihu hau, historiako biktima guztien oihuarekin bat dator: hainbat eta hainbat injustizia, abandonu eta sufrimenengatik Jainkoari argibide bat eskatu nahi dio; gurutziltzatuaren ezpainak Jainkoari erantzun bat eskatzen ari zaizkio heriotza baino haratagorako: gure Jainkoa, zer dela-eta uzten gaituzu eskutik?, ez ote diezu sekula erantzungo errugabeen oihuei eta lantuei?
Lukasek Jesusen azken hitza ere jaso du. Bere herio-larria eta guzti, azkeneraino eutsi dio Jesusek Aitaganako konfiantzari: «Aita, zure eskuetan uzten dut neure espiritua». Ez ezerk, ez inork apartarazi ahal izan du Jesus Aitagandik. Aitak arnastu du bere espirituaz Jesus bizitza guztian. Bere egitekoa bukaturik, Aitaren eskuetan utzi du dena Jesusek. Aitak bere isiltasuna hautsi eta piztu egingo du Jesus.
Aste Santu honetan, Jaunaren Nekaldia eta Heriotza ospatuko ditugu kristau-elkarteek. Orobat egin ahal izango dugu gogoeta, isilik, Jesus gurutziltzatuaren aurrean, bere hilzorikoan Jesusek jaulki zituen hitzak sakonduz.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2010ko martxoaren 28a

ZER ARI DA JAINKOA HOR GURUTZEAN?

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.