lunes, 15 de agosto de 2016

2016-08-21 - Urteko 21. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 21. Igandea (C)


EBANJELIOA

Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta Jainkoaren erreinuko mahaikide izango.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 13,22-30

Jerusalemera bidean zihoan Jesus, igarotzen zituen herri eta auzoetan irakatsiz.
Batek esan zion:
– Jauna, gutxi izango al dira salbatuko direnak?
Jesusek erantzun zuen:
– Saia zaitezte ate estutik sartzen. Egia esan, askok sartu nahi izango dute, eta ezin izango.
Etxeko nagusiak jaiki eta atea itxiz gero, kanpoan geldituok behin eta berriro atea joko diozue, «Ireki, Jauna» deiadarka, baina hark erantzungo dizue: «Ez dakit nongoak zareten».
Orduan, honela hasiko zatzaizkiote: «Zurekin jan eta edanak gara, eta zuk gure plazetan irakatsi izan duzu». Baina hark erantzungo dizue: «Ez dakit nongoak zareten. Alde niregandik, gaizkileok!»
Orduan, negarra eta hortz-karraska izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan eta zeuen buruak, berriz, kanpora jaurtiak ikustean.
Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaikide izango.
«Begira, orain azkeneko den zenbait, lehenengo izango da orduan, eta orain lehenengo den zenbait, azkeneko».

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko abustuaren 21a

EZ DU BALIO EDOZEIN GAUZAK

Jesus Jerusalemerantz doa. Haren ibilera ez da bere eginbehar erlijiosoak betetzera tenplura doan erromesarena bezalakoa. Lukasek dakarrenez, «irakatsiz» zeharkatzen ditu Jesusek hiriak eta herrixkak. Badu zerbait jende hari komunikatu beharra: Aita ona da Jainkoa, guztiei eskaintzen die salbazioa. Guztiak gonbidatzen ditu haren barkazioa onar dezaten.
Guztiak harriarazten ditu Jesusen mezuak. Pozak betetzen ditu bekatariak, Jainkoaren atzeman ezineko onberatasunaz hitz egiten hari entzutean: berek ere espero dezakete salbamena. Fariseuen alderdikoek, alabaina, kritikatu egiten dute haren mezua; orobat zerga-biltzaileei, prostitutei eta bekatariei eskaintzen dien harrera ona ere: ez ote da ari Jesus lasaikeria erlijioso eta moral onartezin bati bide ematen?
Lukasek dakarrenez, ezezagun batek eten du Jesusen ibilera eta zenbat salbatuko diren galdetu dio: gutxik batzuk?, asko?, guztiak?, zuzenak bakarrik? Jesusek ez dio zuzeneko erantzunik eman. Garrantzizkoa ez da zenbat jende salbatuko den. Inporta duena bizitzan jarrera argia eta erantzulea izatea da, Jainko On horren salbazioari harrera ona eskaintzeko. Guztiei esan die Jesusek: «Ahalegindu zaitezte ate estutik sartzen».
Horrela, bere mezua lasaikeriarako gonbitetzat hartu dutenen erreakzioa errotik moztu du. Aitari burla egitea izango litzateke lasaikeria hori. Salbamena ez da Aitagandik axolagabe hartzen den zerbait. Ez da hautatu batzuen pribilegioa ere. Ez da aski Abrahamen seme edo alaba izatea. Ez da aski Mesias ezagutu izana.
Jainkoaren salbamenari harrera ona egiteko, beharrezkoa da ahalegina, borroka, Aita imitatzea, haren barkazioan konfiantza izatea. Jesusek ez dakar beherapenik horretaz guztiaz: «Izan errukitsu zuen Aita errukitsu den bezala»; «ez inor epaitu eta ez zaituzte Jainkoak epaituko»; «barkatu hirurogeita hamarretan zazpi aldiz» zuen Aitak bezala; «bilatu Jainkoaren erregetza eta haren zuzentasuna».
«Ate estutik sartzea» delako gonbit hori zuzen ulertzeko, Joanen ebanjelioan irakur ditzakegun Jesusen hitz hauek hartu behar ditugu gogoan: «Neu naiz atea; norbait nigandik sartzen bada, salbatuko da» (Joan 10,9). Ate estutik sartze hori «Jesusi jarraitzea» da, hura bezala bizitzen ikastea; haren gurutzea leporatzea eta hura berpiztu duen Aitagan konfiantza izatea.
Jesusi jarraitze honetan, ez du balio edozein gauzak, ez dira guztiak gauza bera; leial erantzun behar zaio Aitaren maitasunari. Jesusek eskatzen duena ez da legekeriazko zorrozkeria, baizik Jainkoa eta haurridea errotik maitatzea. Hargatik, haren deia eskakizun-iturri da, baina ez estutasun-iturri. Beti irekia den atea da Jesu Kristo. Ezin du itxi inork. Geuk bakarrik itxiko dugu, haren barkazioari atea ixten badiogu.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko abustuaren 25ea

KONFIANTZA, BAI. ARINKERIA, EZ

Gizarte modernoa gero eta indar handiagoz ari da ezartzen biziera jakin bat, berehalakoaren pragmatismoak markatua. Ozta-ozta dute interesik bizitzako galdera handiek. Ez dugu jada ez ziurtasun sendorik, ez konbentzimendu sakonik. Apurka apurka, izaki hutsal ari gara bihurtzen, topikoz beteriko, unean uneko ongizatea eta segurtasuna baino harago, gure eguneroko bizitza arnastu lezaketen barne-funtsik eta idealik gabeko.
Guztiz esanguratsua da behatzea kristau ez gutxik duen jarrera orokortua «betiko salbamenaren» arazoari dagokionez, duela oso gutxi hartaraino kezkatzen zuelarik; aski jendek ezabatu egin du arazo hori bere kontzientziatik; batzuk, ezin dakigu zein arrazoiz, «azken zoriontsu» baten eskubidedun sentitzen dira; beste batzuek ez dute gogoratu nahi halako kaltea egin dien esperientzia erlijiosorik.
Lukasen kontakizunaren arabera, ezezagun batek gizarte erlijioso hartan ohikoa zen galdera hau egin dio Jesusi: «Gutxi al dira salbatuko direnak?» Jesusek ez dio erantzun galderari zuzenean. Ez du gustuko horrelako arazo antzuren inguruan espekulatzea, garaiko maisu batzuek oso atsegin bazuten ere. Zuzenean, hondora doa eta funtsezkora: nola jokatu behar dugu Jainkoak guztiei eskaintzen digun salbaziotik kanpo ez gelditzeko?
«Saia zaitezte ate estutik sartzen». Hauek dira esan dizkien lehen hitzak. Jainkoak guztiei ireki dizkigu betiko biziaren ateak, baina saiatu eta ahalegindu beharra dugu hartatik sartzeko. Hau da jarrera sanoa. Jainkoagan konfiantza, bai; arinkeriarik, ardura-ezik, sasi-segurtasunik, ez.
Hau azpimarratzen du Jesusek batik bat: ez gaitezela engaina sasi-segurtasunarekin. Ez da aski Israel herriko izatea; ez da aski Jesus bera ezagutu izana Galileako bideetan. Funtsezkoa, orain berean sartzea da Jainkoaren erreinuan eta haren zuzentasunean. Izatez, azken jaiotordutik kanpo geldituko direnak, hitzez hitz, «injustizia praktikatzen dutenak dira».
Konfiantza eta erantzukizuna ukaitera gonbidatu gaitu Jesusek. Jainkoaren erreinuko azken jaiotorduan ez dira eseriko Israelgo patriarkak eta profetak bakarrik. Han egongo dira munduko zoko guztietatik etorritako paganoak ere. Barruan egotea ala kanpoan egotea, Jainkoak guztiei eskaintzen digun salbazioari bakoitzak ematen dion erantzunaren baitan dagoke.
Esaera batekin laburtu du Jesusek bere mezua. Jainkoaren erreinuari dagokionez, «badira azkenak lehenengo izango direnak, eta lehenengoak azken izango direnak». Argia da Jesusen oharpena. Gerta liteke, onartua izango den segurtasuna duenik kanpoan gelditzea. Eta gerta liteke, itxuraz kanpoan geldituko dela ematen duenik barruan gelditzea.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2010ko abustuaren 22a

EZ DU BALIO EDOZEIN GAUZAK

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.