lunes, 29 de agosto de 2016

2016-09-04 - Urteko 23. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 23. Igandea (C)


EBANJELIOA

Zuetako inor ez daiteke izan nire ikasle, dituen guztiei uko egiten ez badie.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 14,25-33

Egun haietan, jende-talde handiak zihoazen Jesusekin; honek, beraiengana itzulirik, esan zien:
- Norbaitek nirekin etorri nahi badu eta ez banau ni bere aita-amak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak eta bere burua ere baino maiteago, ez daiteke izan nire ikasle.
Bere gurutzea hartu eta nire ondoren ez datorrena ez daiteke izan nire ikasle.
Izan ere, zuetako nork, dorrea egin nahi badu, ez ditu aldez aurretik eseri eta gastuen kontuak ateratzen, bukatzeko adina ba ote duen ikusteko? Bestela, zimenduak hartu ondoren bukatu ezin izango balu, ikusiko luketen guztiek barre egingo liokete, esanez: “Honako hau eraikitzen hasi huen eta ezin izan dik amaitu”.
Edo zein erregek, beste baten kontra gerrara joan nahi badu, ez du aldez aurretik eseri eta begiratzen, ea hamar mila gizon aski dituen hogei milarekin kontra datorkionari aurre egiteko? Eta ezetz ikusten badu, bestea oraindik urruti dela, mandatariak bidaliko dizkio bakea eskatuz.
Era berean, zuetako inor ez daiteke izan nire ikasle, dituen guztiei uko egiten ez badie.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko irailaren 4a

ERREALISMO ARDURATSUA

Jesusek darabiltzan adibideak oso desberdinak dira, baina haien irakaspena beti bat bera: egitasmo bati modu arduragabean ekiten dionak, gogoan duena lortzeko baliabiderik eta indarrik ba ote duen aurrez aztertu gabe, porrot eginez amaitzeko arriskua du.
Inongo laborarik ez dio ekiten, mahastia babesteko, dorrea eraikitzeari, aurrez kalkulatu gabe hura arrakastaz gauzatzeko ahalmenik ba ote duen, hasitakoa bukatu ezinik gelditu beharra izan ez dezan, auzokoen isekagarri gertatuz. Inongo erregek ez dio ekiten guduari etsai boteretsu baten aurka, aurrez aztertu gabe gudu hartan garaile atera ote daitekeen; bestela, bere buruaz beste egitea izango litzateke.
Lehen begiratuan, pentsa lezake batek ezen Jesus portaera zuhurra eta arduratsua gomendatzen ari dela, bereei eskuarki eskatzen dien ausardiatik oso urrun dagoena. Ezta hurrik eman ere. Bereei gomendatu nahi dien egitekoa edo misioa hain garrantzizkoa da, non inor ez baitaiteke konprometitu hartara oharkabean, ardurarik gabe edo harrokeriaz.
Jesusen oharpen hori gaurkotasun handikoa da gure fedearen etorkizunerako hain kritikoak eta erabakitzaileak diren une hauetan. Jesusek, beste ezer baino lehen, gogoeta heldua eskatzen digu: paraboletako bi protagonistak «eseri egin dira» gogoeta egiteko. Erantzukizun-falta larria izango litzateke gaur egun Jesusen ikasle bezala bizi nahi izatea, zer nahi den jakin gabe, nora iritsi nahi den jakin gabe, zein baliabidez jardun behar den jakin gabe.
Eta noiz eseri behar dugu indarrak batzeko, elkarrekin gogoeta egiteko eta zein bide jarraitu guztien artean bilatzeko? Ez ote dugu denbora gehiago hartu behar, ebanjelioa gehiago entzun behar, gogoeta gehiago egin behar deiak aurkitzeko, karismak iratzartzeko eta Jesusi jarraitzeko estilo berritua lantzeko?
Jesusek ere errealismorako deia egiten digu. Aurrekaririk gabeko kanbio soziokulturala ari gara bizitzen. Daitekeena ote da fedea kutsatzea jaiotzen ari den mundu berri honetan, mundu hori ondo ezagutu gabe eta barrutik ulertu gabe? Daitekeena ote da Ebanjeliorako irispidea eskaintzea, gaur egungo gizon-emakumeen pentsaera, sentimenduak eta hizkuntza ezagutu gabe? Ez ote da errorea, gaur egungo erronkari atzoko estrategiez erantzun nahi izatea?
Une honetan ausarkeria izango litzateke modu oharkabean eta itsuan jardutea. Porrotari bide emango genioke, frustrazioari eta, are, irrigarri gelditzeari. Parabolaren arabera, «dorre bukatu gabe horrek» eraiki nahi izan duenaren kontrako burla eragiten du jendearen artean. Ez genuke ahaztu behar Jesusen hizkuntza errealista eta apala, ikasleak gonbidatzen dituenean herrian «legamia» izatera edo jendearen bizitzari zaporea ematen dion «gatz» eskukada izatera.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko irailaren 8a

EZ NOLANAHI

Jerusalemerako bidean gora doa Jesus. Ebanjelariak diosku «jende asko zuela bidelagun». Halaz guztiz, Jesusek ez du ametsik egiten. Ez da engainatuko jendearen gogo bero erraz bat nabaritzean. Jende bat kezkaturik dabil gaur egun, kristauen kopurua beheraka doala eta. Bere jarraitzaileen kopurua baino gogokoago zuen Jesusek jarraitzaileen kalitatea.
Bat batean, «itzuli» eta jendetzari hitz egiten hasi da, berari bihotz argiz eta erantzulez jarraitzeak dituen eskakizun konkretuez. Ez du nahi jendeak nolanahi jarrai diezaion. Jesusen ikasle izatea erabaki bat da, pertsonaren bizitza markatuko duena.
Jesusek lehenik familiaz hitz egiten die. Jende hark nork bere familia du: gurasoak, andrea eta seme-alabak, anai-arrebak. Bere izakirik maiteenak ditu horiek, bihotzekoenak. Baina familiako beharrak alde batera uzten ez badituzte, berarekin lan egiteko giza familia bat sustatzen, odolean oinarritua ez, baizik zuzentasunez eta solidaritatez eraikia, ezin izango dira beraren ikasle.
Jesus ez da ari familia desegiteaz, ez da ari familiako maitasuna eta bizikidetasuna ezabatzeaz. Baina norbaitek gauza guztien gainetik familiaren ohorea edo ondasunak edo ondarea edo familiaren ongizatea ipintzen badu, halako hura ezin izango da Jesusen ikasle, ezin lan egingo du berarekin mundua gizakoiago egiten.
Are gehiago. Norbaitek gogoan bere burua eta gauzak bakarrik baditu, edo bere ongizateaz gozatzeko bakarrik bizi bada, edo bere onuraz bakarrik arduratzen bada, ez dadila engaina: halako hura ezin izan da Jesusen ikasle. Barne askatasuna falta zaio, Jesus aintzat hartu ahal izateko koherentzia eta erantzukizuna falta zaio.
Jesusek hitz egiten jarraitzen du, gordin: «Nire ondoren bere gurutzea ez daramana ezin izan da nire ikasle». Norbait gatazkei eta arazoei ihes eginez bizi bada, norbaitek arriskuak eta ezbeharrak bere egiten ez badaki, norbait prest ez badago sufrimenduak jasateko Jainkoaren erreinuagatik eta haren zuzentasunagatik, halako hura ezin izan da Jesusen ikasle.
Ezin izan da inor kristau nolanahi. Ez ditzagun nahasi kristau-biziera eta Jesusi apal baina erantzukizunez jarraitzea desitxuratzen eta edukiz husten dituzten bizitzeko moduak.
Harritzekoa da Frantzisko aita santuaren askatasuna, Jesusen ikasleekin zerikusi gutxi duten kristauen estiloak salatzean: «manera oneko, baina jokabide txarreko kristauak», «museoko kristauak», «kasuistikaren hipokritak», «haizearen kontra bizitzeko gai ez diren kristauak», kristau «ustelak», gogoan beren burua bakarrik dutenak, ebanjelioa hots egiten ez duten «kristau heziak.»…

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2010ko irailaren 5a

ERREALISMO ARDURATSUA

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.