lunes, 2 de diciembre de 2013

2013/12/08 - Abendualdiko 2. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko abenduaren 8a

Abendualdiko 2. Igandea (A)


EBANJELIOA

Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bidexkak hari.»

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateosen liburutik 3,1-12

Garai hartan agertu zen Joan Bataiatzailea, Judeako basamortuan honela hots eginez: «Bihozberri zaitezte, gainean baituzue Jainkoaren erregetza».
Joan honi buruz esan zuen, hain zuzen, Isaias profetak:
«Ahots bat oihuka
ari da basamortuan:
Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bidexkak hari.»
Joanek gamelu-ilezko jantzia zuen soineko eta larruzko uhala gerriko, eta matxinsaltoak eta basaeztia zituen janari.
Jerusalem hiriko, Judea osoko eta Jordan inguru guztiko jendea harengana joaten zen, eta, beren bekatuak aitortzen zituztela, Joanek bataiatu egiten zituen Jordan ibaian.
Fariseu eta saduzear askori, bataiatzera zetozela ikustean, honela esan zien Joanek: «Sugekumeok! Nork esan dizue gainean duzuen haserre-zigorrari ihes egingo diozuela?
Ager ezazue zeuen jokabideaz bihozberrituak zaudetela, eta ez pentsa nahikoa duzuenik “Abrahamen ondorengo gara” esatea. Egia esan, honako harri hauetatik ere atera ditzake Jainkoak Abrahamen ondorengoak.
Prest dago aizkora zuhaitza hondotik jotzeko: fruitu onik ematen ez duen zuhaitz oro moztu eta sutara botako da.
Nik urez bataiatzen zaituztet bihozberri zaitezten; baina nire ondoren datorrena ni baino ahaltsuago da, eta ni ez naiz inor hari oinetakoak eranzteko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte.
Eskuan dauka sardea, eta garia garbitzera doa: alea mandioan jasoko du; lastoa, ordea, inoiz itzaliko ez den sutan erreko».

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko abenduaren 8a

BIDE BERRIAK KORRITU

27 edo 28 urte inguruan, profeta berezi eta bereizi bat agertu zen Jordango basamortuan; zirrara handia eragin zuen judu-herrian: lehen kristau-belaunaldientzat, Jesusi bidea prestatu zion gizona izan zen.
Haren mezu guztia oihu honetan bil daiteke: «Prestatu Jaunaren bidea, zelaitu bidexkak». Hogei menderen ondoren, Frantzisko aita santua oihu bera ari zaigu egiten kristauei: Ireki bideak Jainkoari, itzuli Jesusengana, onartu Ebanjelioa.
Argia da Frantziskoren asmoa: «Bila dezagun bide berriak proposatuko dituen Eliza bat». Ez da gauza erraza. Azken urte hauetan beldurrak zurrundurik bizi izan gara. Aita Santua ez da harritzen: «Berritasunak beldur-apur bat ematen digu beti, zeren segurago sentitzen baikara dena eskupean baldin badugu, geu baldin bagara geure bizitza eraikitzen, programatzen eta planifikatzen dutenak». Eta erantzuna eskatzen digun galdera bat egin digu: «Prest al gaude Jainkoaren berritasunak aurkezten dizkigun bide berriak korritzeko ala egitura zaharkituetan hesiturik bizi nahi dugu, erantzuteko gaitasuna galdua dutenetan?
Elizako sektore batzuek eskaera hau egiten diote Aita Santuari: premiazkotzat jotzen dituzten hainbat erreformari ekiteko ahalik eta lehenen. Halaz guztiz, Frantziskok argiro azaldu du bere jarrera: «Batzuek erreformak espero dituzte Elizan, eta hala eskatzen didate, eta egin beharrekoak dira. Baina, aldez aurretik, jarrera-aldaketa egin behar da».
Mirestekoa iruditzen zait Frantzisko aita santuaren buruargitasun ebanjeliko hori. Ez da lehenengo gauza dekretu erreformatzaileak sinatzea. Lehenik, kristau-elkarteak konbertsio-egoeran ezarri behar dira, eta Elizaren baitan jarrera ebanjelikorik oinarrizkoenak berreskuratu. Giro horretan bakarrik ekin ahalko zaie, era eginkorrean eta espiritu ebanjelikoz, erreformei, Elizak premiaz behar dituenei.
Frantzisko bera ari zaigu adierazten egunero, zein diren beharrezko ditugun jarrera-aldaketak. Aipa ditzadan garrantzi handiko batzuk. Jesus Elizaren erdigunean jartzea: «Jesusengana ez daraman Eliza bat Eliza hila da». Eliza hesitu eta autoerreferentzial batean ez bizitzea: «iraganean hesitzen den Eliza batek saldukeria egiten dio bere nortasunari». Beti Jainkoaren errukiaren eraginpean jardutea haren seme-alaba guztiekiko: ez lantzea «kristautasun berrezargarri eta legezale bat, dena argi eta segur nahi lukeena, baina ezer aurkitu gabe». «Eliza pobre eta pobreena den bat bilatzea». Geure bizitza esperantzan ainguratzea, eta ez «geure arauetan, ez geure portaera eklesiastikoetan, ez geure klerikalismoan».

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko abenduaren 5a

EZ BAZTER UTZI BIHOTZ BERRITZEA

«Bihotz berri zaitezte, hurbil baita Jainkoaren erreinua». Mateoren arabera, hauek dira Joanek Judeako basamortuan jaulki dituen lehenengo hitzak. Eta, orobat, hauek dira Jesusek jaulki dituen lehenengoak, bere profeta-jarduera hastean, Galileako aintzira-ertzean.
Bataiatzailearen predikuarekin eman da entzutera Jesusen mezuaren muina izango den konbertsiorako deia. Jesus ez da artean agertu, eta Joan hor ari da errotiko aldaketara dei egiten, zeren Jainkoak bizitza bere egiazko jomugara bideratu nahi baitu.
Bihotz berritze hau ez datza penitentzia egitean. Ez da aski herri hautaturiko kide izatea ere. Ez da aski Jordango bataioa hartzea. Beharrezkoa da «bihotz berritzeak eskatzen duen fruitua ematea»: bizitza berria, Jainkoaren erreinua onartzera bideratua.
Jada basamortuan entzutera ematen hasia den dei hau izango da Jesusen mezuaren giharra, haren bizitza guztia arnastuko duen irrika. Hona zen dioen: «Aro berria hasi da. Hurbil da Jainkoa. Ez zaituzte bakarrik utzi nahi zeuen arazoen eta gatazken aurrean. Haurride bezala bizitza partekatzen ikusi nahi zaituzte. Jainkoa guztien Aita bezala onartzen. Ez ahaztu haren mahai inguruan azken Jaia ospatzeko deia jaso duzuela».
Ez genioke amore eman behar Jainkoaren erreinura konbertitu ez den Eliza batean bizitzeari. Ez dugu zilegi Jesusi jarraitzea haren egitasmoa onartu gabe. Vatikano II.a kontzilioak argi eta irmo deklaratua du: «Elizak, munduari laguntza ematean eta mundutik askotariko laguntza jasotzean, ez du amets bat baizik: etor dadila Jainkoaren erreinua eta gauzatu dadila gizadiaren salbazioa».
Bihotz berritze hau ez da norbanakoaren aldaketa hutsa, baizik Elizan sortu behar dugun giroa da, zeren Eliza osoak behar baitu bizi Jainkoaren erreinua onartuz. Ez datza jarduera erlijiosoak leialtasun handiagoz betetzean ere, baizik gizartean «Jainkoaren erreinua eta haren justizia» bilatzean.
Ez da aski kristau-elkarteetan Elizaren «sakramentuak» era duinagoan ospatzeko ardura. Beharrezkoa da, gainera, Jesusek betetzen zituen erreinuko «seinaleak» sustatzea: jenderik ahulena onartu, sufritzen ari direnez gupidatu, gizarte berradiskidetua sortu, barkazioa doan eskaini, pertsona oro defenditu.
Horregatik, bihotz berritzeko desira sakonak arnasturik, hau dio Vatikano II.ak: «Liturgiak ez du agortzen Elizaren jarduera guztia; izan ere, gizon-emakumeak ospakizunera iritsi ahal daitezen, beharrezkoa da aldez aurretik federako eta bihotz berriko deia jaso dezaten». Ez genuke eginkizun hori bazter utzi behar.

José Antonio Pagola


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.