José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko abenduaren 22a
Abendualdiko 4. Igandea (A)
EBANJELIOA
Jose, Daviden
ondorengoa, Maria zeure emaztetzatik
Jesus jaioko da.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateosen liburutik 1,18-24
Jesus Mesiasen sortzea honela gertatu zen:
Maria,
Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana
zegoen; eta, elkarrekin bizitzen hasi aurretik, haurdun gertatu zen Espiritu
Santuaren egitez. Jose, Mariaren senarra, gizon zuzena zen; ez zuen hura salatu
nahi, eta isilean uztea erabaki zuen. Asmo horrekin zebilela, Jaunaren aingerua
agertu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengoa, ez izan
beldurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko, harengan sortua Espiritu
Santuarengandik baitator. Semea izango du, eta zuk Jesus ezarriko diozu izena,
berak askatuko baitu bere herria bekatuetatik».
Hau guztia, Jaunak profetaren bidez esana
bete zedin gertatu zen: Hara, birjinak haurdun gertatu eta semea izango du, eta
Emmanuel jarriko dio izena (Emmanuel izenak «Jainkoa gurekin» esan nahi du).
Esnatzean, Jaunaren aingeruak agindua egin
zuen Josek, eta Maria emaztetzat hartu zuen.
Jaunak esana
HOMILIA
2013ko abenduaren 22a
BARNE ESPERIENTZIA
Mateo
ebanjelariak aparteko interesa du irakurleei esateko, Jesusi «Emanuel» izena
ere eman behar zaiola. Ondotxo daki gauza bitxi eta harrigarri gerta daitekeela
hori. Nori eman dakioke izen bat, «Jainkoa gurekin» esan nahi duena? Halaz
guztiz, izen horrek biltzen du kristau-fedearen giharra eta izen horrek
adierazten du Eguberriak ospatzearen erdigunea.
Alde
guztietatik inguratzen gaituen hondo-hondoko misterio hori, fededunok «Jainkoa»
deitzen dugun hori, ez da gugandik urrun eta aparte dagoen zerbait. Guztiokin
eta gutako bakoitzarekin dago. Nola jakin hori? Sinets al daiteke modu
arrazoizko batean Jainkoa nirekin dagoela, nik neuk ez badut izan inolako
esperientziarik, txikiena delarik ere?
Eskuharki,
kristauei ez digute irakatsi Jainkoaren misterioa geure barnean sumatzen.
Horregatik, askok imajinatzen dute, Unibertsoko gune zehaztugabe eta abstraktu
batean dagoela Jainkoa. Beste batzuek, Eukaristian presente dagoen Kristo
adoratuz bilatzen dute. Beste zenbaitek Biblian entzun nahi diote hizketan.
Beste batzuentzat, Jesus da biderik hobena.
Jainkoaren
misterioak, dudarik gabe, bere bideak ditu bizitza bakoitzean presente
bihurtzeko. Dena den, esan daiteke, gaur egungo kulturan, misterio hori nola
edo hala geure barnean esperimentatzen ez badugu, nekez aurkituko dugula
kanpoan. Aitzitik, haren presentzia geure barnean sumatzen badugu, errazago
gertatuko zaigu geure ingurumenean Jainkoaren misterioaren aztarrenak
ateratzea.
Daitekeena
ote? Hau da sekretua batez ere horretarako: begiak itxirik eta isiltasun
lasaian egoten jakitea, arnasten eta sostengatzen gaituen misteriozko
presentzia hori bihotz xumez onartuz. Kontua ez da horretan pentsa eta pentsa
bizitzea, baizik eta geure barne hondoenetik iristen zaigun bakea, bizia,
maitasuna, barkazioa… «onartuz» egotea.
Ulertzekoa
izango da, geure misterio propioan murgiltzean, geure beldur eta kezkekin topo
egitea, geure zauri eta tristurekin, geure eskastasun eta bekatuarekin topo
egitea. Ez dugu zertan larritu; jarrai dezagun isiltasunean. Geure barnearen
hondoenean den presentzia adiskidetsu hori gure barnea baketuz, askatuz eta
sendatuz ariko da.
Karl
Rahner-ek, hogeigarren mendeko teologorik garrantzizkoenetako hark, esan zuen,
ezen gure egun hauetako gizarte sekularrean, «bihotzeko esperientzia honekin
bakarrik uler daitekeela Eguberritako fede-mezu hau: Jainkoa gizon egin da».
Bizitzaren azken misterioa gure barnean dagoen onberatasun-, barkazio- eta
salbamen-misterio bat da: guztien eta gutako bakoitzaren barnean dagoena.
Baldin eta isiltasunean onartzen badugu, biziko dugu Eguberriaren alaitasuna.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010eko abenduaren 19a
GUREKIN DAGO
Jesus
Betleemen jaio aurretik, Mateok agertu du “Emmanuel”
izena ezarriko diotela, hau da, “Jainkoa gurekin”. Adierazpen
hori harrigarria da; izan ere, Jesus ez zuten ezagutu izen horrekin, eta
ebanjelariak oso ondo zekien hori.
Izatez, Mateok irakurleei giltza
eskaini nahi die bere ebanjelioan Jesusez emango digun kontakizunera
hurbiltzeko; haren baitan, haren keinuetan, haren mezuan eta haren bizitza
osoan gure bizitza partekatu nahi izan duen Jainkoaren misterioa ikusi ahal
dezagun. Fede honek animatzen eta mantentzen gaitu Jesusi jarraitzen diogunok.
Jainkoaren gurekin dago. Ez da erlijio batekoa edo bestekoa. Ez da kristauen
jabetza. Ezta jende onarena ere. Haren seme-alaba garen guztiona da. Dei egiten
diotenekin dago eta ezikusiarena egiten diotenekin, zeren giza bihotz guztietan
baitago, bakoitzari lagun egiten bere gozamenean eta bere atsekabean. Inor ez
da bizi haren bedeinkaziorik gabe.
Jainkoa gurekin dago. Ez dugu
entzuten haren ahotsa. Ez dugu ikusten haren aurpegia. Haren presentzia apala
eta nabarmenkeriarik gabe, hurbila eta barnekoia, oharkabeko gerta dakiguke.
Geure bihotzean sakontzen ez badugu, bizitzan bakarrik gabiltzala pentsa genezake.
Jainkoa gurekin dago. Ez du
oihurik egiten. Ez du inor behartzen. Errespetua du beti berekin. Gure
adiskiderik onena da. Onera, ederrera, zuzenera erakartzen gaitu. Harengan argi umila eta indar adoretsua aurki
genezake bizitzako laztasunari eta heriotzaren misterioari aurre egin ahal
izateko.
Jainkoa gurekin dago. Inork ere ulertzen ez gaituen
momentuan, hark onartzen gaitu. Oinaze- eta larrialdian, hura
kontsolamendu da. Ahuldadean eta ezinean eusten digu. Beti ari zaigu gonbit
egiten bizia maitatzera, hura zaintzera eta beti hobe egitera.
Jainkoa gurekin dago.
Zapalduengan dago haien duintasunaren babesle; baita zapalkuntzaren kontra ari
direnengan ere, haien ahaleginari indar emanez. Eta gizon-emakume guztiengan
dago, bizitza zuzenagoa eta haurrideagoa, guztientzat duinagoa, egitera dei
eginez, azkenak direnetarik hasirik.
Jainkoa gurekin dago. Gure
erantzukizuna iratzarri nahi du eta gure duintasuna zutik jarri. Gure espiritua
indartu nahi du, inolako idoloren esklabo izan ez gaitezen.
Jainkoa gurekin dago. Bizitzan
dago eta heriotzan egongo da. Bidelagun dugu egunero eta azken orduan onartuko
gaitu. Orduan ere seme-alabatetako bakoitza besarkatuko du, betiko bizirako
harrapatuz.
Jainkoa gurekin dago. Horra zer
ospatzen dugu Eguberrialdiko jaietan: fededunek, fede txikiagokoek, fede txarrekoek eta ia fedegabe direnek. Fede
honek eusten dio gure esperantzari eta pozten du gure bizitza.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.