José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko abenduaren 29a
Familia Santua (A)
Familia Santua (A)
EBANJELIOA
Hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora.
Mateo 2,13-15.19-23
Jakintsuek alde
egin ondoren, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri eta esan zion:
«Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora. Egon han nik esan arte, haurraren bila ibiliko baita
Herodes, hilarazteko».
Hartu zituen, beraz, Josek haurra eta ama gauez, eta Egiptora alde
egin zuen. Han bizi izan zen, Herodes hil arte. Horrela, Jaunak profetaren
bidez esana bete zen: Egiptotik etortzeko dei egin nion neure semeari.
Herodes hil ondoren, Joseri Jaunaren aingerua agertu zitzaion
ametsetan Egipton, eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz
Israelera, hilak baitira haurra hil nahian zebiltzanak».
Hartu zituen Josek haurra eta ama, eta Israelera joan zen. Baina jakin
zuen Herodesen ordez honen seme Arkelao zegoela Judean errege, eta beldurra
sartu zitzaion hara joateko. Eta, ametsetan adierazi zitzaiolarik, Galileara jo
zuen, eta Nazaret izeneko herrian jarri zen bizitzen; horrela bete zen Jainkoak
profeten bidez esana: «Nazaretarra esango diote».
HOMILIA
2013ko abenduaren 29a
JAINKOAREN ASMOARI IREKIRIK
Ebanjelioetako
kontakizunek ez dute inolako dudarako biderik uzten. Jesusen arabera, Jainkoak
asmo bat du, egitasmo bat: munduan giza familia handi bat eraikitzea. Asmo
honek erakarririk, Jesus guztiz emanik bizi da gizon-emakume guztiek Jainkoa
Aitatzat har dezaten eta guztiek anai-arreba bezala bizitzen ikas dezaten. Hau
da bidea gizadiaren salbaziorako.
Zenbait
jendek uste du, gaur egungo familia gainbehera doala, «kristau-familiaren»
ideal tradizionala galdu omen delako. Beste batzuentzat, edozein berritasun da
aurrerapena, gizarte berri baterantz. Baina, nolakoa da Jainkoaren asmo
gizatartzaile horri irekia den familia bat? Zein ezaugarri nabarmenduko
genituzke hartan?
Maitasuna
senar-emazteen artean. Hori da lehenengoa. Etxea bizirik da, gurasoek elkar
maite dutenean, elkar sostengatzen dutenean, elkarrekin partekatzen dituztenean
atsekabea eta poza, barkatzen, solas egiten, konfiantza dutenean. Familia
gizatasuna galtzen hasten da berekoikeria, sesioak eta ezin ulertuak hazten
direnean.
Gurasoen
eta seme-alaben arteko harremanak. Ez da aski senar-emazteen arteko maitasuna.
Gurasoak eta seme-alabak elkarren aurka jartzen direnean, kasik inolako
komunikaziorik gabe, ezinezko bihurtzen da famili bizitza, alaitasuna galtzen
da, guztiek sufritzen dute. Familiak konfiantza-giroaren premia du, guztien ona
buruan izateko.
Ahulenak
direnekiko arreta. Guztiek aurkitu behar dute etxean harrera, sostengua eta
ulermena. Alabaina, are gizatasun handiagoa izaten du familiak txikienei
maitasun eta txera eskaintzen zaienean, adin handikoei begirunea eta pazientzia
agertzen zaienean, gaixoei eta ezinduei ardura berezia azaltzen zaienean,
gaizki pasatzen ari denari hor konpon esaten ez zaionean.
Premian
direnentzat irekirik. Familia batek gizatasun handiagoko mundu baten alde lan
egiten du, bere problemen eta probetxuen munduan hesiturik ez, baizik eta beste
familia batzuen premiei begira bizi denean: familia hautsiak direla, egoera
gatazkatsu eta mingarrian bizi eta sostengu eta ulermen premia dutenak; lanik
gabe eta inolako sarrerarik gabe bizi diren familia direla, laguntza
materialaren premia dutenak; etorkinen familiak direla, harrera eta
adiskidetasuna eskatzen dutenak.
Fedean
haztea. Familian ikasten da gauzarik garrantzizkoenak bizitzen. Horregatik,
gunerik inportanteena da Jainko on horrengan, guztien Aita horrengan sinesteko;
Jesusen biziera ezagutzeko; Jesusen Berri ona aurkitzeko; mahaiaren inguruan
elkarrekin otoitz egiteko; Jesusen jarraitzaileen elkartean parte hartzen
ikasteko. Kristau-familia hauek benetan ari ohi dira parte hartzen Jainkoak
nahi duen mundu zuzenago, duinago eta zoriontsuago hori eraikitzeko.
Bedeinkazio bat dira gizartearentzat.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010eko abenduaren 26a
FAMILIA
BAT IHESLARI
Mateok dakarrenez, Jesusen
familiak iheslari batzuen esperientzia latza bizi izan zuen. Beren etxetik ihes
egin beharrean gertatu ziren, atzerrira aterpe bila joateko. Jesus
jaiotzearekin ez zen iritsi bakea haien etxera. Aitzitik, berehalako batean
harrapatu ditu era guztietako mehatxuk, katramilak eta nekek.
Haurra hiltzeko, Herodes haren
bila dabilela jakin dutenean hasi da guztia. Beste hainbatetan gertatu ohi
denez, bikain antolatua den erregetza boteretsu hartako itxurazko ongizatearen
pean, egundoko indarkeria eta krudelkeria dago ezkutuan. Jesusen familia
Egiptoko erromatar probintziara doa babes bila, Herodesen eskumendetik kanpo;
aski ezaguna zuten babesleku hura errege horren pertsekuziotik ihesi joaten
zirenek .Gauez, presaka eta larri, hasi zuten beren odisea.
Handik aldi batera, ematen du bakeaz
gozatu ahal izango dutela, zeren «hilak baitira haurraren kontra ari
zirenak». Eta Judeara itzuli da familia, baina jakin dute Arkelao dela han errege, ezaguna bere
«krudelkeria eta tiraniagatik», Flavio Josefo historialariak dioenez. Berriro
ere, larria, ziurtasunik eza eta Galileara ihes egin beharra, mendiko herri
ezezagun batean, Nazareten, ezkutatzeko.
Imajina al genezake kontakizun
kontrajarriagorik gure artean ohikoa den Jesusen jaiotzaren pasadizo xalo eta
idilikoari, zeinetan aingeru-taldeen bake-kantu artean, gau argi miresgarri
batean ikusarazten baita guztia? Zein da Mateoren mezua Jesusen lehen urratsak
hain itxura ilunean agertzean?
Lehenik eta behin, ez da amets
kontua. Mesiasek dakarren bakea ez da zerutik euri datorren erregalua. Jainkoaren
egintza salbatzailea mehatxu eta ziurgabetasun artean garatzen da, boteretik
eta segurtasunetik urrun. Mesias honen espirituari jarraiki mundua hobetu nahi
dutenek, mehatxupean dihardutenen ahuldadetik jardun beharko dute, eta ez
boteretsuen segurtasunetik.
Horregatik, Mateok ez dio deitzen
Jesusi «juduen Errege», baizik «Jainkoa-gurekin». Hala aitortu beharko dugu guk
ere, segurtasunik gabe eta beldurrez, boteretsuen eskumende, bizi direnekin bat
eginez. Gauza bat dago garbi: errugabeen kontra ari direnak galtzean bakarrik
izango da bakea. Abusu eta zuzengabekerien kontra borroka egitea da bakearen
alde jardutea.
Ahalegin horretan, askotan
nekosoa eta ziurtasunik gabea izango den horretan, jakin behar dugu Jainkoaren
«ikusezineko Presentzia» izango dugula sostengu eta gida. Fedearen ilunpean
bilatu beharreko Jainkoaren Presentzia da. Horrela ibili da Jose, gaueko
amesgaizto eta beldurren artean, argi eta indar bila, Jesus eta honen ama
defenditzeko. Horrela defenditzen da Jesusen bidea.
Jose Antonio Pagola
José
Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.