domingo, 22 de diciembre de 2013

2013/12/25 - JAUNGOIKOAREN JAIOTZA (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko abenduaren 25a

JAUNGOIKOAREN JAIOTZA (A)


EBANJELIOA

Gauerdiko meza.

Salbatzailea, jaio zaizue gaur.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukas liburutik 2,1-14

Garai hartan, mundu guztiaren errolda egiteko agindu zuen Augusto enperadoreak. Lehen erroldatze hau Siriako gobernari Kirino zela egin zen. Beraz, erroldatzera joan ziren denak, nor bere herrira. Jose ere, Daviden familia eta jatorrikoa baitzen, Galileako Nazaret herritik Judeako Belen zeritzan Daviden herrira igo zen bere emazte Mariarekin, erroldatzera. Maria haurdun zegoen. Belenen zeudela, haurra izateko egunak bete zitzaizkion, eta lehen-semea izan zuen; oihaletan bildu eta abere-aska batean ezarri zuen, ez baitzen ostatuan haientzat tokirik.
Baziren inguru hartan artzain batzuk, gauez kanpoan artaldea txandaka zaintzen. Jaunaren aingerua aurkeztu zitzaien eta Jaunaren aintzak argiz inguratu zituen; haiek beldur-ikaraz gelditu ziren, eta aingeruak esan zien: «Ez beldurtu! Hara, berri on pozgarria dakarkizuet, bai zuentzat, bai herri osoarentzat ere: Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio zaizue gaur Daviden herrian. Eta hona seinalea: jaioberri bat aurkituko duzue oihaletan bildua eta askan etzana».
Bat-batean, zeruko aingeru-talde handi bat azaldu zen aingeruaren inguruan, Jainkoa goretsiz: «Aintza zeru gorenean Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dituen gizon-emakumeei! »

Jaunak esana.

Egunerako meza.

Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joan liburutik 1,1-18

Hasieran bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zegoen
eta Hitza Jainko zen.
Hasieran
Jainkoarekin zegoen Hitza.
Gauza guztiak
beronen bidez egin ziren,
eta egindakotik ezer
ez da berau gabe egin.
Hitzarengan zegoen bizia,
eta bizia gizakien argia zen;
argi horrek ilunpetan egiten du argi,
baina ilunpeek ez zuten onartu.
Agertu zen gizon bat Jainkoak bidalia; Joan
zuen izena.
Testigu izatera etorri zen, argiaz testigantza egitera, beraren mezuaren bidez sinets zezaten.
Ez zen hura argia, argiaren testigantza egin behar zuena baizik.
Hitza zen egiazko argia,
mundura etorriz
gizaki guztiak argitzen dituena.
Munduan zegoen
eta, mundua
haren bidez
egina izan arren,
mundukoek ez zuten onartu.
Bere etxera etorri zen,
baina beretarrek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, ordea,
berarengan sinesten dutenei, alegia,
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena eman zien.
Hauek ez dira giza odolekoak,
ezta gizakiaren borondatez
sortuak ere,
Jainkoarengandik jaioak baizik.
Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.
Ikusi dugu haren Jainko-aintza,
Aitarengandik
maitasun eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari
dagokion aintza.
Joanek beronetaz egin zuen testigantza, oihu eginez: «Honetaz ari nintzen ni, “Nire ondoren datorrena nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean».
Izan ere, guztiok hartu dugu
haren betearen betetik,
eta maitasuna maitasunaren gain
hartu ere.
Legea Moisesen bidez eman zen;
maitasuna eta egia, berriz,
Jesus Mesiasen bidez.
Jainkoa ez du inork inoiz ikusi;
Aitaren baitan dagoen
eta Jainko den
Seme bakarrak
eman digu haren berri.

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko abenduaren 25ean

Izenburua

---

Jose Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko abenduaren 25ea
Lk 2, 1-14  (Gauerdiko mesa)

GANBELA BATEAN

Lukasen kontaeraren arabera, Aingeruak artzainei ekarritako mezuak eskaintzen digu giltza misterioa fedetik irakurri ahal izateko; alegia, Betleemetik kanpo inguruabar arraroetan jaio den haurraren misterioa irakurtzeko.
Gaua da. Argi ezezagun batek egiten du dirdira, Betleem estaltzen duen ilunean. Ez du dirdiratzen haurra dagoen lekuan, baizik eta haren mezua entzuten ari diren artzainak biltzen ditu. Haurra ezkutuan da ilunpean, leku ezjakin batean. Ahalegin bat egin beharra da hura aurkitzeko.
Hona entzun behar ditugun lehenengo hitzak: «Ez beldur izan. Berri ona dakarkizuet: poz handia herri guztiarentzat». Egundoko gauza bat gertatu da. Guztiok dugu alaitzeko arrazoia. Haur hori ez da Maria eta Joserena. Guztiontzat jaio da. Ez da jende pribilegiatu batena. Jende guztiarentzat da.
Kristauek ez genituzke hartu behar jai hauek geureak bailiran. Fedez jarraitu diotenena da Jesus eta hartaz ahaztu direnena, Jainkoagan konfiantza dutenena eta dena koloka jartzen dutenena. Inor ez dago bakarrik bere beldurren aurrean. Inor ez dago bakarrik bere bakardadean. Bada gu gogoan gaituen norbait.
Horixe aldarrikatu du mezulariak: «Salbatzailea jaio zaigu gaur; Mesias, Jauna». Ez da Augusto enperadorearen semea, mundua dominatzen duen horrena, ez da jendeak salbatzailetzat eta bere soldadu-legioen bidez bakearen ekarletzat duen horrena. Boteretsu baten jaiotza ez da berri on, jende ahula abusu-mota guztien biktima den munduan.
Inperioak mendean duen herri batean jaio da gure haur hau. Ez da erromatar hiritarra. Inor ez dago haur hau jaio zain Erroman. Baina behar dugun salbatzailea da. Ez da jarriko inongo Zesarren zerbitzura. Ez du lan egingo inongo inperiorentzat. Soilik, Jainkoaren erregetza bilatuko du eta haren zuzentasuna. Bizitza gizatarrago egiteko biziko da. Honengan aurkituko du gure mundu zuzengabe honek Jainkoaren salbazioa.
Non dago, ordea, haur hau? Nola antzeman ahal diogu? Hona zer dioen mezulariak: «Hona seinalea: haur bat aurkituko duzue, oihaletan bildua, ganbela batean etzana». Zokoratu bat bezala jaio da gure haur hau. Gurasoek ezin aurkitu izan diote leku erosorik. Inoren laguntzarik gabe munduratu du amak. Bera bakarrik baliatu da ama, ahal bezala, haurra oihaletan bildu eta ganbelan etzateko.
Ganbela honetan hasi du Jainkoak bere abentura, gizakion artean. Ez dugu aurkituko boteretsuen artean, baizik ahulen artean. Ez dago gauza handi-mandi eta ikusgarrietan, baizik gauza pobre eta xumeetan. Entzun dezagun mezua: goazen Betleemera; itzul gaitezen geure fedearen sustraietara. Bila dezagun Jainkoa haragi egin den leku hartan.

José Antonio Pagola



Ikusi ere:


Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.