lunes, 6 de diciembre de 2010

2010/12/12 - Abendualdiko 3. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko abenduaren 12a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Abendualdiko 3. igandea (A)

EBANJELIOA

Zu al zara «Etortzekoa ”, ala besteren baten zain egon behar dugu?

Mateo 11,2-11

Egun haietan, Joan Bataiatzaileak Mesiasen egintzen berri izan zuen kartzelan, eta bere ikasle batzuk bidali zizkion galdetzera: “Zu al zara «Etortzekoa ”, ala besteren baten zain egon behar dugu?»
Jesusek erantzun zien:
–Zoazte eta esan Joani entzuten eta ikusten duzuena: itsuek ikusi egiten dute eta herrenak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak piztu egiten dira eta behartsuei berriona ematen zaie.
Eta zoriontsua sinesteko oztoporik niregan aurkitzen ez dueña!
Haiek alde egitean, Jesus Joani buruz hitz egiten hasi zitzaion jendeari: «Zer ikustera irten zineten basamortura? Haizeak kulunka darabilen kanabera? Zer ikustera irten zineten bestela? Soineko apainez jantzitako gizona? Jantzi apainekoak errege-jauregietan bizi ohi dira. Zer ikustera irten zineten, bada? Profetaren bat? Bai, noski, eta profeta baino ere handiagoa.
Hartaz dago idatzia Liburu Santuan: Begira , neure mezularia bidaltzen dut zure aurretik; hark prestatuko dizu aurretik bidea. Benetan diotsuet: Ez da amaren semerik sortu Joan Bataiatzailea baino handiagorik; hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena ere hura baino handiagoa da.

HOMILIA

2010eko abenduaren 12an

SUFRITZEN ARI DEN JENDEAGANDIK HURBILAGO

Makeronte gotorlekuan preso, Joan Bataiatzailea antsiaz dago Jainkoaren epai izurrigarria noiz iritsiko, herriaren bekatua errotik erauzteko. Horregatik, presondegira Jesusez iristen zaizkion berriak nahasgarri gertatzen ditu: noiz ekin behar dio Jesusek ekintzari? Noiz agertu behar du justiziazko eskua?
Lepoa moztuko dioten baino lehenago, Jesusengana ikasle batzuk bidaltzeko modua egin du Joanek, barrua erretzen dion galdera honi erantzun diezaion: «Zu al zara etortzekoa dena ala beste baten zain egon behar dugu?» Jesus ote da egiazko Mesias ala beste boteretsuago eta bortitzago baten zain egon behar dugu?
Jesusek ez die erantzun ikasleei zuzenean. Ez dio eman bere buruari inolako mesiastar titulurik. Haren egiazko nortasuna ezagutzeko bidea beste bat da, biziagoa eta konkretuagoa. Esaiozue Joani «ikusten eta entzuten ari zaretena». Jainkoak bere Bidalia nolakoa izatea nahi duen ezagutzeko, Jesusen jarduerari ongi erreparatu behar diogu eta haren mezuari oso adi egon. Ezin du ordezkatu ezagutza zehatz hau beste inolako aitorpenek.
Jesusen jarduera guztia sendatzera eta askatzera dago orientatua, eta ez juzgatzera edo gaitzestera. Lehenik eta behin, ikusten ari diren hau adierazi behar diote Joani: sufritzen ari den jendeari emanik bizi da Jesus buru-belarri, jende horri osasuntsu, duintasunez eta zoriontsu bizitzea eragozten dion guztitik askatzeari emanik. Jendea sendatuz iragartzen du Mesias honek salbazioa.
Ondoren, Jesusi entzuten ari direna adierazi behar diote: esperantzazko mezua, hain zuzen ere laborari pobretu haiei zuzendua, abusu- eta zuzengabekeria-mota guztien biktima diren haiei zuzendua. Mesias honek pobreei hots egiten die Jainkoaren Berri Ona.
Norbaitek Jesus Mesiasen jarraitzaile ote garen ala beste batzuen zain egon behar duen galdetzen badigu, geure zer egintza agertzen ahal diogu? Zein mezu entzuten ahal digu? Ez dugu burua zertan nekatu jakin nahi dugunean zein diren Jesusen elkarte batean falta ezineko bi ezaugarriak.
Lehenengoa: sendatzaile den elkarte bat egiten saiatzea, sufritzen ari den jendeagandik hurbilago bizitzea, bakarrago eta babesgabeago diren gaixoekiko arduratsuago izatea, entzungo dien eta kontsolatu dituen norbaiten beharra duen jendea gogotsuago onartzea, jendearen ezbeharren aurrean presenteago egotea.
Bigarrena: elkartea ez eraikitzea pobreei bizkarra emanik; aitzitik, halakoen arazoak hurbilagotik ezagutzea, halakoen premiei kasu egitea, halakoen eskubideak defenditzea, ez uztea babesik gabe. Halakoek behar dute entzun eta sentitu Jainkoaren Berri Ona beste inork baino lehenago.
Jesusen elkartea ez da soilik fede-hastapenak eskaintzeko lekua, ezta soilik ospakizun-tokia ere. Era askotan izan behar du bizitza sanoago baten iturri, abegi-leku eta egoitza-beharrean denaren etxe.

José Antonio Pagola


Locations of visitors to this page

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.