lunes, 13 de diciembre de 2010

2010/12/19 - Abendualdiko 4. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko abenduaren 19a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Abendualdiko 4. igandea (A)

EBANJELIOA

Jose, Daviden ondorengoa, Maria zeure emaztetzatik Jesus jaioko da.

Mateo 1,18-24

Jesus Mesiasen sortzea honela gertatu zen: Maria,
Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen; eta, elkarrekin bizitzen hasi aurretik, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. Jose, Mariaren senarra, gizon zuzena zen; ez zuen hura salatu nahi, eta isilean uztea erabaki zuen. Asmo horrekin zebilela, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengoa, ez izan beldurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko, harengan sortua Espiritu Santuarengandik baitator. Semea izango du, eta zuk Jesus ezarriko diozu izena, berak askatuko baitu bere herria bekatuetatik».
Hau guztia, Jaunak profetaren bidez esana bete zedin gertatu zen: Hara, birjinak haurdun gertatu eta semea izango du, eta Emmanuel jarriko dio izena (Emmanuel izenak «Jainkoa gurekin» esan nahi du).
Esnatzean, Jaunaren aingeruak agindua egin zuen Josek, eta Maria emaztetzat hartu zuen.

HOMILIA

2010eko abenduaren 19a

GUREKIN DAGO

Jesus Betleemen jaio aurretik, Mateok agertu du “Emmanuel” izena ezarriko diotela, hau da, “Jainkoa gurekin”.
Adierazpen hori harrigarria da; izan ere, Jesus ez zuten ezagutu izen horrekin, eta ebanjelariak oso ondo zekien hori.
Izatez, Mateok irakurleei giltza eskaini nahi die bere ebanjelioan Jesusez emango digun kontakizunera hurbiltzeko; haren baitan, haren keinuetan, haren mezuan eta haren bizitza osoan gure bizitza partekatu nahi izan duen Jainkoaren misterioa
ikusi ahal dezagun. Fede honek animatzen eta mantentzen gaitu Jesusi jarraitzen diogunok.
Jainkoaren gurekin dago. Ez da erlijio batekoa edo bestekoa. Ez da kristauen jabetza. Ezta jende onarena ere. Haren seme-alaba garen guztiona da. Dei egiten diotenekin dago eta ezikusiarena egiten diotenekin, zeren giza bihotz guztietan
baitago, bakoitzari lagun egiten bere gozamenean eta bere atsekabean. Inor ez da bizi haren bedeinkaziorik gabe.
Jainkoa gurekin dago. Ez dugu entzuten haren ahotsa. Ez dugu ikusten haren aurpegia. Haren presentzia apala eta nabarmenkeriarik gabe, hurbila eta barnekoia, oharkabeko gerta dakiguke. Geure bihotzean sakontzen ez badugu, bizitzan bakarrik gabiltzala pentsa genezake.
Jainkoa gurekin dago. Ez du oihurik egiten. Ez du inor behartzen. Errespetua du beti berekin. Gure adiskiderik onena da.
Onera, ederrera, zuzenera erakartzen gaitu. Harengan argi umila eta indar adoretsua aurki genezake bizitzako laztasunari eta heriotzaren misterioari aurre egin ahal izateko.
Jainkoa gurekin dago. Inork ere ulertzen ez gaituen momentuan, hark onartzen gaitu. Oinaze- eta larrialdian, hura kontsolamendu da. Ahuldadean eta ezinean eusten digu. Beti ari zaigu gonbit egiten bizia maitatzera, hura zaintzera eta beti hobe egitera.
Jainkoa gurekin dago. Zapalduengan dago haien duintasunaren babesle; baita zapalkuntzaren kontra ari direnengan ere, haien ahaleginari indar emanez. Eta gizon-emakume guztiengan dago, bizitza zuzenagoa eta haurrideagoa, guztientzat duinagoa, egitera dei eginez, azkenak direnetarik hasirik.
Jainkoa gurekin dago. Gure erantzukizuna iratzarri nahi du eta gure duintasuna zutik jarri. Gure espiritua indartu nahi du, inolako idoloren esklabo izan ez gaitezen.
Jainkoa gurekin dago. Bizitzan dago eta heriotzan egongo da. Bidelagun dugu egunero eta azken orduan onartuko gaitu.
Orduan ere seme-alabatetako bakoitza besarkatuko du, betiko bizirako harrapatuz.
Jainkoa gurekin dago. Horra zer ospatzen dugu Eguberrialdiko jaietan: fededunek, fede txikiagokoek, fede txarrekoek eta ia fedegabe direnek. Fede honek eusten dio gure esperantzari eta pozten du gure bizitza.

José Antonio Pagola


Locations of visitors to this page

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.