lunes, 20 de diciembre de 2010
2010/12/26 - Familia Santua (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2010eko abenduaren 26a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Familia Santua(A)
EBANJELIOA
Hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora.
Mateo 2,13-15.19-23
Jakintsuek alde egin ondoren, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora. Egon han nik esan arte, haurraren bila ibiliko baita Herodes, hilarazteko».
Hartu zituen, beraz, Josek haurra eta ama gauez, eta Egiptora alde egin zuen. Han bizi izan zen, Herodes hil arte. Horrela, Jaunak profetaren bidez esana bete zen: Egiptotik etortzeko dei egin nion neure semeari.
Herodes hil ondoren, Joseri Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Egipton, eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz Israelera, hilak baitira haurra hil nahian zebiltzanak».
Hartu zituen Josek haurra eta ama, eta Israelera joan zen. Baina jakin zuen Herodesen ordez honen seme Arkelao zegoela Judean errege, eta beldurra sartu zitzaion hara joateko. Eta, ametsetan adierazi zitzaiolarik, Galileara jo zuen, eta Nazaret izeneko herrian jarri zen bizitzen; horrela bete zen Jainkoak profeten bidez esana: «Nazaretarra esango diote».
HOMILIA
2010eko abenduaren 26a
FAMILIA BAT IHESLARI
Mateok dakarrenez, Jesusen familiak iheslari batzuen esperientzia latza bizi izan zuen. Beren etxetik ihes egin beharrean gertatu ziren, atzerrira aterpe bila joateko. Jesus jaiotzearekin ez zen iritsi bakea haien etxera. Aitzitik, berehalako batean harrapatu ditu era guztietako mehatxuk, katramilak eta nekek.
Haurra hiltzeko, Herodes haren bila dabilela jakin dutenean hasi da guztia. Beste hainbatetan gertatu ohi denez, bikain antolatua den erregetza boteretsu hartako itxurazko ongizatearen pean, egundoko indarkeria eta krudelkeria dago ezkutuan. Jesusen familia Egiptoko erromatar probintziara doa babes bila, Herodesen eskumendetik kanpo; aski ezaguna zuten babesleku hura errege horren pertsekuziotik ihesi joaten zirenek .Gauez, presaka eta larri, hasi zuten beren odisea.
Handik aldi batera, ematen du bakeaz gozatu ahal izango dutela, zeren «hilak baitira haurraren kontra ari zirenak». Eta Judeara itzuli da familia, baina jakin dute Arkelao dela han errege, ezaguna bere «krudelkeria eta tiraniagatik», Flavio Josefo historialariak dioenez. Berriro ere, larria, ziurtasunik eza eta Galileara ihes egin beharra, mendiko herri ezezagun batean, Nazareten, ezkutatzeko.
Imajina al genezake kontakizun kontrajarriagorik gure artean ohikoa den Jesusen jaiotzaren pasadizo xalo eta idilikoari, zeinetan aingeru-taldeen bake-kantu artean, gau argi miresgarri batean ikusarazten baita guztia? Zein da Mateoren mezua Jesusen lehen urratsak hain itxura ilunean agertzean?
Lehenik eta behin, ez da amets kontua. Mesiasek dakarren bakea ez da zerutik euri datorren erregalua. Jainkoaren egintza salbatzailea mehatxu eta ziurgabetasun artean garatzen da, boteretik eta segurtasunetik urrun. Mesias honen espirituari jarraiki mundua hobetu nahi dutenek, mehatxupean dihardutenen ahuldadetik jardun beharko dute, eta ez boteretsuen segurtasunetik.
Horregatik, Mateok ez dio deitzen Jesusi «juduen Errege», baizik «Jainkoa-gurekin». Hala aitortu beharko dugu guk ere, segurtasunik gabe eta beldurrez, boteretsuen eskumende, bizi direnekin bat eginez. Gauza bat dago garbi: errugabeen kontra ari direnak galtzean bakarrik izango da bakea. Abusu eta zuzengabekerien kontra borroka egitea da bakearen alde jardutea.
Ahalegin horretan, askotan nekosoa eta ziurtasunik gabea izango den horretan, jakin behar dugu Jainkoaren «ikusezineko Presentzia» izango dugula sostengu eta gida. Fedearen ilunpean bilatu beharreko Jainkoaren Presentzia da. Horrela ibili da Jose, gaueko amesgaizto eta beldurren artean, argi eta indar bila, Jesus eta honen ama defenditzeko. Horrela defenditzen da Jesusen bidea.
Jose Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.