lunes, 27 de diciembre de 2010

2011/01/02 - Eguberri ondoko 2. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko urtarrilaren 2a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Eguberri ondoko 2. igandea (A)

EBANJELIOA

Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.


Juan 1, 1-18

Hasieran bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zegoen
eta Hitza Jainko zen.
Hasieran
Jainkoarekin zegoen Hitza.
Gauza guztiak
beronen bidez egin ziren,
eta egindakotik ezer
ez da berau gabe egin.
Hitzarengan zegoen bizia,
eta bizia gizakien argia zen;
argi horrek ilunpetan egiten du argi,
baina ilunpeek ez zuten onartu.

Agertu zen gizon bat Jainkoak bidalia; Joan zuen izena. Testigu izatera etorri zen, argiaz testigantza egitera, beraren mezuaren bidez sinets zezaten. Ez zen hura argia, argiaren testigantza egin behar zuena baizik.

Hitza zen egiazko argia,
mundura etorriz
gizaki guztiak argitzen dituena.
Munduan zegoen
eta, mundua haren bidez
egina izan arren,
mundukoek ez zuten onartu.
Bere etxera etorri zen,
baina beretarrek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, ordea,
berarengan sinesten dutenei, alegia,
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena eman zien.
Hauek ez dira giza odolekoak,
ezta gizakiaren borondatez sortuak ere,
Jainkoarengandik jaioak baizik.
Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.
Ikusi dugu haren Jainko-aintza,
Aitarengandik
maitasun eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari
dagokion aintza.

Joanek beronetaz egin zuen testigantza, oihu eginez: «Honetaz ari nintzen ni, “Nire ondoren datorrena nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean».

Izan ere, guztiok hartu dugu
haren betearen betetik,
eta maitasuna maitasunaren gain hartu ere.
Legea Moisesen bidez eman zen;
maitasuna eta egia, berriz,
Jesus Mesiasen bidez.
Jainkoa ez du inork inoiz ikusi;
Aitaren baitan dagoen
eta Jainko den
Seme bakarrak
eman digu haren berri.

HOMILIA

2011ko urtarrilaren 2a

JAINKOAREN GIZA AURPEGIA

Kristauek ez dugu eskuratuko bizi dugun krisi erlijioso honetan beharrezkoa den adore espirituala, ez badugu ikasten Jesusekiko atxikimena beste era batean bizitzen. Jada ez da aski harremanak izatea oker ulertua dugun Jesus batekin, lainotsuki atzemana, era abstraktuan aitortua edota giza lider bat gehiago bezala miretsia den Jesus batekin.
Nola berraurkitu, ordea, fede berrituaz Jesusen baitan den misterioa? Nola berreskuratu haren berritasun bakarra eta ezinerrepikatua? Nola utzi haren suzko hitzek astindu gaitzaten? Joanen ebanjelioaren hitzaurreak garrantzi handiko konbentzimendu batzuk gogorarazten dizkigu.
Gauza harrigarria gertatu da Jesusen baitan. Joanek hitz arduratsuz dio: «Jainkoaren Hitza haragi egin da». Ez da gelditu isilik betiko. Bere burua agertu nahi izan digu Jainkoak, ez errebelazioz edo agerpenez, baizik Jesus gizonagan haragi eginez. Ez du haragia «jantzitzat» hartu, ez du giza itxura hutsa hartu. Jainkoa, egiaz, haragi argal egin da, ahul eta zaurigarri, gurea bezalako haragi.
Kristauek sinesten dugun Jainkoa ez da bizi aparte eta iritsezin bezala, bere Misterio ezinatzemanean hesiturik. Gu bezalako gizaki batean topatzen ahal dugu. Harekin harremanak izateko, ez dugu mundutik zertan irten. Ez dugu zertan ibili haren bila geure bizitzatik at. Jesusengan aurkitzen dugu haragi eginik.
Honek guztiak aukera ematen digu harekiko harremanak besterik ez bezalako sakontasun nahastezinez bizi ahal izateko. Jainkoaren giza aurpegia da Jesus guretzat. Jesusen onberatasunezko keinuetan gizakiari dagokion moduan ari zaigu Jainkoa agertzen: nolakoa den eta gu nola maite gaituen. Jesusen hitzetan Jainkoaren ahotsa entzuten dugu, haren deiak eta haren promesak. Jesusen egitasmoan Aitaren egitasmoa aurkitzen dugu.
Hau guztia modu bizian eta konkretuan behar dugu hartu. Hor dago Jesusen sentiberatasuna gaixoengana hurbiltzean, haien gaitzak sendatu eta haien sufrimena arintzean: sufritzen ikusten gaituenean Jainkoak nola begiratzen digun agertzen du horrek, eta sufritzen ari direnen aurrean guk nola jokatzea nahi duen. Hor dago Jesusen adiskidetasunezko harrera bekatariei, prostituituei eta pertsona gogaikarriei: nola ulertzen gaituen eta nola barkatzen digu agertzen du horrek, eta nola nahi duen guk barkatzea iraintzen gaituztenei.
Horregatik dio Joanek Jesusez ari dela: «graziaz eta egiaz betea». Harengan Jainkoaren doako grazia dakusagu, gainezka ari dena. Harengan Jainkoaren zinezko maitasuna, sendoa eta leiala onartzen dugu. Kristau ez-gutxik bere fedea era nahasian-edo bizi duen aldi honetan, zer sinetsi eta zeinengan konfiantza jakin gabe, ez da gauza inportanteagorik kristau-elkarteen erdigunean Jesus Jainkoaren giza aurpegi bezala ipintzea baino.

José Antonio Pagola


Locations of visitors to this page

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.